Ipuin sarituen bilduma

2015 eta 2016 urteetan Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan saritutako lanekin liburu bat osatu dute. Ereinek eman du argitara eta bertan dira Katixa Agirre, Aritz Gorrotxategi, Urt Zubiaurre Otamendi, Gontzal Sanchez Negro eta Itziar Beasainen ipuin bana.

Erein2017

Gabriel Aresti Sariak 2015/2016 liburuaren aurkezpen ekitaldia atzo egin zen Donostian. Sarituetako bi idazle bertaratu ziren, Urt Zubiaurre Otamendi eta Aritz Gorrotxategi.

Urt Zubiaurre Otamendi andoaindarra da eta iaz plazaratu zuen bere lehen ipuin liburua: Izenik gabeko lurrak (Erein). Horretaz gain, narrazio labur batzuk ere publikatu ditu web orri honetako Komunitatea atalean.

Atzokoan azaldu zuenez, lehiaketa askotan aurkeztu ditu bere ipuinak. Gehienak ordea, saririk gabe eta itzalean geratu direla aitortu zuen. Araotz ipuinak aldiz, akzesit bat eskuratu zuen Gabriel Aresti Lehiaketan. Eta saritua izan zen aldetik, bilduma honetan batu dute. Bere ipuina Katixa Agirre, Aritz Gorrotxategi, Gontzal Sanchez Negro eta Itziar Beasainen lanen ondoan ikusita, pozik zen Urt Zubiaurre. Ipuingintzari buruzko hausnarketa modukoa egiteko baliatu zuen bere azalpena. Idazle gisa, maite duen generoa da. Baina irakurle gisa ere, narraziogintza asko estimatzen zuela adierazi zuen. Andoaingo idazleak esandakoak ondoko bideoan dituzue entzungai:


Koldar hutsa zara (Erein) nobelaren hazia

Aritz Gorrotxategiren ipuin bat ere topatuko duzue liburu kolektibo honetan. Guztiok anaiak gara du izena eta narrazio honi esker akzesit bat eskuratu zuen 2015eko Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan. 90eko hamarkadan girotutako lan honek Euskal Herrian bizi zen “gatazkaren eta elkarbizitzaren zenbait ertz eta kontraesan azaleratzen ditu, baita orduko bizimoduaren zenbait arrasto ere”.

Ipuin hau izan zen, hain zuzen, Koldar hutsa zara (Erein) nobelaren ernamuina.

Gaztelerazko lan onenak ere saritzen dituzte Gabriel Aresti ipuin lehiaketan. Narrazio horiekin beste liburu bat osatu du Ereinek. Premios Gabriel Aresti 2015/2016 bildumak Elena Alonso, Paula Zumalacárregi, Miguel Angel González eta eta Raúl Nagoreren ipuinak batzen ditu bere baitan.


Saritutako beste bi liburu gehiago

Ereinek beste bi liburu aurkeztu zituen atzo. Batetik, Beatriz Chiviteren poesia lan berria: Biennale. Poemario honekin Blas de Otero – Bilbo Uria Poesia Lehiaketa irabazi zuen iaz.

Bestetik, Mitxelko Urangaren saiakera berria: MisEntropia, kaosa eta ordena.  Lan hau gailendu zen iazko Miguel de Unamuno XVII. Sarian.

Chiviteren poema berriak, Mitxelko Urangaren saiakera lanak eta Gabriel Aresti Sariak liburuko ipuinek badute elementu bat komunean: Bilboko Udalak sustatzen dituen lehiaketetan sarituak izan dira denak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.