Bihotz handiegien mugak, gaur Donostian

Pasa den astean aurkeztu zuen Eider Rodriguezek narrazio bilduma berria: Bihotz Handiegia, Susa argitaletxearen eskutik. Gaur bertan liburuaren berri zuzenean edukitzeko aukera izango dugu Donostian: Iñigo Astizek elkarrizketatiko du Donostiako Ernest Lluch kultur etxean 19:30ean, Literaktumen barruan.

Bihotz handiegia

Sei narrazio ezberdin, sei istorio, sei atmosferak osatzen dute Bihotz handiegia liburua. Pasa den astean aurkeztu zuen liburua Eider Rodriguezek Donostian, Susako Gorka Arresek lagundurik “Eiderrek atmosferak ondo plasmatzea lortu du, eta hori da nire ustez seguru asko idazle batentzat gauzarik zailena. Errazena, normalean, gezurra badirudi ere, istorio on bat eta bukaera on bat idaztea da, esan dezagun erlojuaren mekanika bizi edo sorprendente bat konstruitzea, hori izaten da idazle batentzat errazena eta normalean horrekin geratzen gara. Baina benetan ipuingile bat da atmosfera bat ondo ekartzen duena eta bizita zati bat eskaintzen diguna, ez derrigorrez bakarrik gertakari ‘ingenioso’ batzuk”.

bihotz handiegia

Editorearentzako esker oneko hitzekin hasi zuen Eider Rodriguezek aurkezpena: “Niretzako izan da sekulako plazera liburu hau Gorkarekin editatu ahal izatea, lehenengoa ere hala izan zen. Iruditzen zait oso-oso gertu egon dela nik idatzi nahi nuenetik, eta berak lortu duela nik idatzi nahi nuen toki horretara etorri eta hortik bertatik idaztea, eta hori ez da beti gertatzen eta ez da erraz gertatzen”.

Liburuari buruzkoak aletzean, mugaren ideian topatu zuen guztiak batzeko kontzeptua: “Azalean ez dago sei narrazioen arteko loturarik. Seiak daude Euskal Herrian kokatuta, Hendaiatik Donostiara bitarteko espazio horretan. Alde horretatik esango nuke muga oso presente dagoen elementua dela, konstante bat da, baina ez gai bezala hartuta, zeharka dagoen elementu bat da muga. Presente dago paisaia gisa, eta paisaia guztien edo askoren moduan paisaia honek ere eragin egiten digu, eragin egiten die pertsonaiei beraien joan etorrietan, egunerokotasunean, beraien erlazionatzeko moduan baina baita beraien bakarrik egoteko moduan ere, muga nik lotzen dut arroztasunarekin. Dago pixka bat arroztasuna eta egunerokotasun kotidianoenaren arteko talka ipuin hauetan”.

Gaur egilearen ahotik entzun ahal izango ditugu liburuari buruzkoak, Iñigo Astizek gidatuko duen solasaldian.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.