Jon Arretxe: “Banuen aldatzeko gogoa”

Toure pertsonaiaren sagarekin bost nobela plazaratu ondoren, bide berri bati eman dio hasiera. Nobela beltzaren ildotik darrai baina, honakoan, beste toki batean garatu du Arrutiren banda (Erein) liburuko trama. Bilboko San Frantzisko auzoa atzean utzi eta Basaurin kokatu ditu nobela berri honetako protagonistak. Jon Arretxeren jaioterrian.

JonArretxe

Furgoneta blindatu baten lapurretaren ondoren, pertsonaia bat kartzelan sartuko dute.  Hor hasiko dira Arrutiren bandakoen nondik norakoak. Honakoan, trama soildu egin du. “Pelikula baten gidoiak ezartzen duen erritmotik gertu dago”.


Errutinan erortzeko beldurrez

Aurreko bost nobelak Toure pertsonaiaren bueltan idatzi zituen. Bostak, saga beltz bati lotuak. Beste zerbaiti heltzeko gogoa zuen, ordea. “Oso pozik nago Toureren liburuekin baina horrelako errutina batean erortzeak beldurra ematen zidan. Nobela bera beste era batera idatzi nahi ez, eta horrexegatik erabaki nuen Toureren saga aparkatzea. Banuen aldatzeko gogoa”. Askoz libreago sentitu dela aitortu zuen prentsaurrekoan.


Hari bakarreko nobela

Nobela beltza, laburra, bizia, sorpresaz betea, umorez zipriztindua. Jon Arretxek helburu horiek zituen nobelaren idazkera abiatu zuenean. “Egitura sinpleko nobela da. Hari bakar bat du, trama nagusi bat, istorio paralelorik ez dago eta horretan zentratu naiz”, liburuaren aurkezpenean adierazi zuenez.


“Zor bat kitatu dut nire herriarekin, Basaurirekin”

Bere aurreko nobelak atzerrian edo Euskal Herriko toki ezberdinetan kokatu ditu. Lehen aldiz, sorterria bihurtu du bere nobelaren kokaleku. Honakoan baina, Basauri eta Basaurikoak baliatu ditu Arretxek. “Nobela beltz bat idatzi nahi baduzu zure herrian, eta zure herrian kartzela bat badago, aprobetxatu egin behar duzu. Eta hortxe abiatzen da nobela”.


Laukote bitxia

Izenburuak iradokitzen duen moduan, Arruti izango da bandaren burua. Eskualdeko droga trafikatzailerik handiena, “pertsona boteretsua, errespetatuta, beldurgarria askorentzat”. Ereño gaizkile hutsa izango da, “baina gizarajo bat, beti harrapatzen dutena eta kartzelan sartu eta irten ibiliko dena”, Arretxek aurreratu zuenez. “Beste bat apaiz bihurtu zen eta laugarrena udaltzain egin zen”. Badira zeresana duten pertsonaia gehiago. Batzuen eta besteen inguruko xehetasunak eman zituen liburuaren aurkezpen ekitaldian.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.