Idoia Fraile Ugalde: “Julene Azpeitia Saria bultzada handi bat izan da niretzat”

Aspaldian ez ziren aurten adina lan aurkeztu: 57 ipuin, guztira. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik igorritako lanen artean, epaimahaiak Idoia Fraile Ugalderen Erreka bila narrazioari eman dio lehen saria. “Saria jaso izanak neuregan sortu duen sentipena hitzen bidez adieraztea, oso zail egiten zait, oraindik benetan sinetsi ezinik nago-eta”, aitortu digunez. Sari-banaketa ekitaldia ostegun honetan egingo da Zumaian, eta bertaratzen direnek Petti eta Irati Jimenezen Nigan ispilu batean bezala emanaldiarekin gozatzeko aukera izango dute.

IdoiaFraile

Aurten inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira. Epaimahaiarentzat ordea, zurea izan da lanik onena. Lehen saria irabazteak zer suposatu du zuretzat? Maizago idazteko gogoa piztu al dizu?

Idoia Fraile Ugalde: Saria jaso izanak neuregan sortu duen sentipena hitzen bidez adieraztea, oso zail egiten zait, oraindik benetan sinetsi ezinik nago-eta: uste gabea, poza, ingurukoen esker ona, egunez egun isilean egindako lanaren aitortza, irakurle apurrekin sortu zaidan konplizitatea, aurrerantzean idazten jarraitzeko irrika bizia, ibilbide baten borobiltzea … Sentimendu hauek denak nahasian korapilatuta ditut orain nire barruan eta, ikaragarri pozik nago.

Ibilbide baten borobiltzea aipatu dut lehentxeago eta, honek, saria are ederrago egin du. Izan ere, Erreka bila ipuinaren atzean, bada istorio bizi eta egiazko bat. Ipuina sortu, askotan gertatu ohi den bezala, uste gabean sortu zen; hain zuzen ere, gure semeetako baten guraso bilera arrunt batean. Gaztetxoek, ikastolako azken urtea zutela eta, ikasle bakoitzak egiten zekienetik abiatuz, Gerra Zibilaren inguruko emanaldi bat eskaini ziguten opari. “Guk ere badugu opari bat zuretzat!” – esan genion tutore-lanetan erabat inplikatuta jardun duen Kristina Boaneri eta, segidan, zera gaineratu genion: “Gure oparia hitzak dira”. Baietz egin zigun buruaz eta, gurasoen izenean  testua irakurtzen bukatu nuenean, “ Sekula jaso dudan oparirik ederrena da!”  erantzun zigun beratarrak. Hitz hauek barruraino iritsi zitzaizkidan eta, bilera hartan pentsatu nuen, ama izan nintzenaz geroztik, albo batera utzia nuen betiko ilusioari heldu beharra niola, bizitzari ez niola ihes egiten utzi behar, neure nituen ilusio txikiak gauzatu gabe. Honela bada, une hartan zin egin nion neure buruari, ia hogei urte beranduago bada ere, udarako oporretan atzera ipuin bat idatzi beharra nuela.

Esan eta egin. Erreka bila ipuina, erronka honen emaitza da. Hala, ipuina idazten ari nintzela, semearen irakaslea izan dut gogoan: bere hizkera, goxotasuna, Gerra Zibilarekiko duen sentikortasuna, bere lurra… Gero, behin ipuina bukatu nuenean, zuzenketa lanetan hortxe izan dut ondoan aholku-emaile. Horregatik, ipuina sortzen hasi nintzen unetik beretik, garbi izan dut hitzok Berako Kristinarentzat zirela eta ipuina berari eskainiko niola. Ondoren, uste gabean, saria iritsi da eta, honek, elkarrekin egindako bidea ezin ederrago borobildu du.

Saria niretzat bultzada handi bat izan da eta, aurrerantzean, indar emango dit egunerokotasunari denbora-zirrikituak lapurtu eta, tarteka idazteari ekiteko.


Edukiari dagokionez, pistaren bat ere aurreratu digute: “drama bat dena haurraren xalotasunez kontatuta dago”. Gainetik bada ere, ipuinaren mamia azalduko al zeniguke?

Idoia Fraile Ugalde: Etxeko amonak, artean haur ginela, beti esaten zigun hamar urterekin, Oikiako jaiotetxea, utzi eta, Zarautzera neskame joan zenean, zenbat sufritu zuen: halabeharrez nola zaildu zen eta, etxetik urruntzeak zenbaterainoko mina sortu zion. Hori beti oso gogoan izan dut. Horregatik, maiz pentsatu izan dut, Gerra Zibila iritsi zenean, eta gerra ondorengo urteetan ere, hautsitako familietan haur izatea zeinen latza izango zen. Zenbat haur ote, aita-amak mentx, (fusilatu zituztelako edo jatorrizko gurasoei kendu zizkietelako) bizitzan noraezean babesik gabe geratu zirenak? Erreka bila ipuinaren bidez, min hori azaleratu nahi izan dut, beti ere, bederatzi urteko haur baten ikuspegitik kontatua. Neskatoak, Karmenek, Joxe izeneko nagusia du bide-lagun. Bi pertsonai hauen bidez, bi mundu aurrez aurre irudikatzen saiatu naiz; batetik,  Joxe genuke: hotza, natur -behatzaile aparta, borondate onekoa eta, sentimenduak zer diren ez dakiena; eta, bestetik, Karmen: bederatzi urteko neskatoa, auzo-lotsak eraginda bere iragana inori kontatzen ausartzen ez dena, besterik ezean, aita-amen oroitzapenez elikatzen dena. Esan, azkenik, bi pertsonai nagusi hauek fikziozkoak izanagatik, testuingurua girotzeko erabili ditudan gehienak errealak direla: hala nola, Pilar Alba Loiarte, Errepublika garaian Elizondoko ikastolaren sortzaile izan zena, Angel Mikelarena Aiorta 1938ko abenduaren 15ean tiroz josita aurkitu zuten Elgorriagarra, eta baita Aldura baserriko egoiliarrak ere.

Bukatzeko, aipatu, Erreka bila izenburua metafora bat dela. Neskatoak oinak errekan busti nahi ditu orpoetako zauriak arintzeko. Erreka, “ama” da baina, txikitako ama irudikatzen baitu errekako harri zabalean jarrita, harrikoa egiten, arropak garbitzen, edo suila buruan, ur garraio.


Lehiaketara aurkeztu duzun ipuinaz aparte, ba al dituzu sormen lan gehiago? Eta idatzitako horiek ipuin generokoak al dira nagusiki?

Idoia Fraile Ugalde: Ipuina da gehien landu dudan generoa, eta baita momentuz gustukoena dudana ere. Inoiz, gaztetan, sariketa bakanen bat eskuratu izan dut  -Errenteria Hiria esaterako- baina lanik gehienak niretzat idatzi ditut; idaztea ikasteko bide bezala erabili izan dut, nire burua ezagutzen eta garatzen lagundu dit eta nire barrua husteko bide ere izan da. Ez naiz sekula irakurlearengan pentsatzera iritsi. Era berean, filologia ikasketak egiten ari nintzela, duela 25 urte inguru, Joseba Jaka literatur beka eskuratu nuen eta, orduan, eleberri bat egin nuen. Aspaldian ez dut irakurri, etxean jasoa daukat.

Geroztik, literaturari dagokionean, urte askoan eten luze bat egin dut: hiru seme hazi eta hezten jardun baitut eta, ez dut idazteko hain beharrezkoa den patxadarik topatu. Egia dena da, alabaina, joan naizen lekura joanda ere, zaletasuna beti neurekin eraman dudala; eta, egunerokotasunak eskaintzen dituen aukerei entzungor egin gabe, beti egin izan diodala irudimenari bide: gure ikastetxeko irakasleon klaustroan lanen bat aurkezterakoan sormen ukituren bat erantsiz, edo noizbait gure artekoren bat jubilatzekotan dugunean idatziren bat prestatuz, edota ikasgelan bertan ere, Haur Hezkuntzako nire gelako haurrekin lanean ari naizenean, askotan saiatzen naiz hitzei bizi eta kolore ematen.

Orain, Julene Azpeitia saria eskuratu izanak, pertsona bezala asko eman dit, ikaragarri: satisfazio pertsonal esplikatu ezin bat, eta baita jendearekin, irakurlearekin, harremanetan jartzeko  modu berri bat ere: oso sakona eta, era berean, asebetetzen nauena. 2017. urtea agurtzear dugunean, neure bizitza familiaren inguruan eraturik dudanez, egunak nahiz asteak monotoniak lapurtzen dizkidan garaiotan, nik uste, saria sekula baino gehiago eskertu dudala.

Esan azkenik, elkarrizketa hau bukatu aitzin, eskerrak eman nahiko nizkiokeela Zumaiako Udalari, Zumaia bezalako herri txiki batek literatura suspertzeko hain ahalegin handia egiteagatik.


Drama bat, haurraren xalotasunez kontatuta

Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok osatu dute Julene Azpeitia ipuin lehiaketako epaimahaia. Idoia Fraileren lana saritzeaz gain, beste bi lan nabarmendu dituzte. Ipar Alkain Kazabonen Garbiketa eguna narrazioarentzat izan da bigarren saria. Zumaiarrek aurkezten dituzten lanen artean bat saritu ohi da eta sail horretan Angel Gallo Fernandezen Xant jaunaren azken borroka izan da gailendu dena.

Idoia Fraile Ugaldek lehengo aldiz irabazi du lehiaketa hau. Epaimahaiaren iritziz “Erreka bila ipuina izan da lanik onena, bere idatziaren bitartez, ibilbide labur batean, asko kontatzen duelako, oso euskara ederra erabiltzen duelako eta aberatsa eta landua delako. Gainera, drama bat dena haurraren xalotasunez kontatuta dago. Oso sinbolo ederrak erabiltzen ditu eta kontatzen duena ikustarazi egiten du”. Sari honi esker, 3.000 euro eskuratuko ditu Idoia Fraile Ugaldek.


Bigarren saria, Ipar Alkain Kazabonentzat

2. saria, 1.500 eurokoa,  Ipar Alkain Kazabonek irabazi du Garbiketa eguna lanarekin. “Ipuin honetako gaiak gaurkotasun handia duen arren, oso gutxitan landu izan da horrela literaturan. Ongi kontatua, ongi garatua eta oso ongi amaitua dago”, epaimahaiaren iritziz eta horrez gain xehetasun handiko deskribapen sakonak ditu.


Zumaiako lanik onena, Angel Gallorena

Zumaiako lan onenaren saria, berriz, Angel Gallo Fernandezentzat izan da, Xant jaunaren azken borroka ipuinagatik. Ausardiaz jokatu duela iritzi dio epaimahaiak, “orain artean euskaraz apenas landu gabeko genero bat jorratu du zientzia fikzioaren barnean kokatzen den steampunk azpigeneroa hain zuzen”. Epaimahaiaren esanetan, “ipuina berritzailea eta originala da, egitura zaindua du eta amaiera ere originala du”.

Aurten, 7 zumaiar izan dira lehiaketara aurkeztu direnak. Kasu honetan ere, “inoiz baino parte-hartze altuagoa izan dute zumaiarrek”.


Ostegun honetan, sari banaketa ekitaldia

Zumaiako Udalak jakinarazi duenez, sari banaketa ekitaldia Euskararen Astearen barruan egingo da. Ostegun honetan, azaroak 30, arratsaldeko 19:00etan Alondegian. Ekitaldia girotzeko, Pettik eta Irati Jimenezek Nigan ispilu batean bezala emanaldia eskainiko dute “eta nahi duen guztia gonbidatuta dago bertan parte hartzera”, lehiaketako sustatzaileek aditzera eman dutenez.

NiganIspilubateanBezala

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

0 Responses to Idoia Fraile Ugalde: “Julene Azpeitia Saria bultzada handi bat izan da niretzat”

  1. Elixabete says:

    Zorionak, Idoia!