Shoah urdina

Ilunpetan mamu ihesle

marea behe erre

kresur karan eme

ontziratzeko aparteko abagune.

 

Txalupa astuna tente

ur apar okre

makur parez pare

artega noiz abiatzeke.

 

Ilbetea iparrorratz jagole

uhin herio-dantza iragarle

helmuga aldarte limurtzaile

joan itzulera olde.

 

Bihotz xalo ole

babes eskarmentu eskale

hasiberri noraezean fite

indarrak bildu gorde.

 

Urdin ustekabez bete

batzuetan abegitsu bare

maiz zakar haserre

mesede baino kalte.

 

Egunetik gauera neke

ur-laster egoskorren mende

aitzinera metro pare

gibelera beste horrenbeste.

 

Denbora itxaropen urratzaile

orratzak herdoildutako sarde

erroitz ahur hankarte

hotz egarri gose.

 

Ortzi nabar ainube

hodeiak berun mihise

ihurtzuriak ozen ahaire

bat-bateko denborale seinale.

 

Bagak tupustean lehiakide

itsaso bortitz erasotzaile

egurrezko kusku xume

zabuka borroka libre.

 

Oihu harrabots luze

sarrakio izu begitarte

so galdu indarge

ekinean lagun gogaide.

 

Ohol zartatu solte

otoi azken erregute

itolarrian hartu aire

huts eman amore.

 

Ostertz argitxo mele-mele

lanbroa lekuko xehe

Mediterraneoa hilerri amaigabe

gorpuak alderik alde.

 

 

 

 

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.