Gidoien berrien esperoan

Cafe Bar Bilbao teatro laburreko lehiaketara aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da. “Tiraderan gordeta duzun testuari irteera eman ala antzerki lanen munduan murgiltzea nahi baduzu, hau da zure aukera”, antolatzaileek aditzera eman dutenez.

CafeBarBilbao

Formatu txikira egokitutako antzezlanak laguntzeko sortu zuten sari hau. “Honek esan nahi du, antzezlanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak izan behar direla eta banaketa zein ekoizpen errazekoa izan behar dutela lanok”.

XV. edizioan, bi sari nagusi banatuko dira: euskarazko antzezlan onenarentzat bat; gaztelerazko antzezlan onenarentzat bestea. Sari bakoitzeko irabazleak 750 euro jasoko ditu. Horretaz gain, antzezlanak Cafe Bar Bilbaoren web orrialdean publikatuko dira.

Sariketako oinarriak ondoko estekan topatuko dituzu: Teatro Laburreko Saria.


Sari berezia, Patxo Telleriarentzat

Aurten, hirugarren sari bat emango dute. Sari berezia Patxo Telleriarentzat izango da, “azken urteotan euskal dramaturgian egindako lanagatik eta, zehazki Tabernaria: Instrukzioak Botatzeko Ondo bat Kaña izeneko teatro laburrarengatik”, Cafe Bar Bilbaoko kideek iragarri dutenez.


2002tik hona, saritu ugari

2002an hasi ziren teatro laburreko sariketa hau antolatzen. Ordutik hona, idazle eta dramaturgo ugari saritu dituzte: Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Pako Aristi, Galder Perez, Chema Trujillo, Imanol Ituño de Miguel, Teresa Calo, Gaizka Sarasola, Mikel Mikeo, Fredi Paia, Oier Guillan eta Aizpea Goenaga, besteak beste.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.