Lorena Martinez ilustratzailearen txanda da

Egunotan Ilustratzaileen Txokora hurbiltzen bazarete, Lorena Martinezen lanak topatuko dituzue. “Zalantzak izan nituen, baina azkenean ilustrazio berrienak hautatu ditut”, halaxe aitortu digu artista irundarrak.

LorenaMartinez1

Erakusketa bat zabaldu berri duzu Donostiako Aiete Kultur Etxean. Atzera begira modukoa da ala azken boladan egindako lanak ipini dituzu ikusgai? Alegia, zer topatuko du erakusketara hurbiltzen den bisitariak?

Lorena Martinez. Zalantzak izan nituen, baina azkenean ilustrazio berrienak hautatu ditut. Nire azken lanak dira, pertsonalagoak. Une honetan hobeto konektatzen dut ilustrazio hauekin.

Bisitariak gauza asko topatuko ditu: bozeto-koadernoak, collage originalak, erreprodukzioak, liburuak, oihal euskarrira egokitutako ilustrazioak…

Tematika ezberdinaren arabera antolatu dut erakusketa:

Liburuen sailean, lan hauek batu ditut: Tanta baten istorioa (Juan Kruz Igerabide), Zer demontre dagoen aulkien azpian? (Harkaitz Cano), Maite dut eta Zortzi Kolore (ilustrazio eta idatzi propioekin). Botanika sailean, collage modukoak eta lore-bozetoak. Emakume sailean, azkenaldian emakumezko batzuen inguruan landu ditudan erreprodukzioak. Emakume-emozioez hausnartzeko baliatzen ditut lan hauek. Eta sail kontzeptualean, bineta txikiak batu ditut, non ideiak moldatzen ditudan oso modu sintetikoan.


Aurretik, ibilbide luzeko artistak egon dira Ilustratzaileen Txokoan. Zer suposatu du zuretzat horrelako txoko batean erakutsi ahal izateak?

Lorena Martinez. 2000. urtetik daramat ilustrazioak egiten eta 20 liburu baino gehiago plazaratu ditut. Horretaz aparte, baditut prentsarako eta publizitaterako lan ugari eginak. Ibilbide honen erdian ama izan nintzen eta nire lan-erritmoa gutxitu egin zen, baina azkenaldian berriro ekin diot.

Aieteko Kultur Etxean oso ondo hartu naute, mundu hau maite duen jendea dago bertan. Detaileak zaintzen dituzte eta horrela gustura aritzen da bat. Gainera, toki hau oso berezia da niretzat, txikitatik maiz etorri naizelako parke honetara.


Denonartean argitaletxearekin Zortzi kolore liburua plazaratu duzu aurten. Zer nolako proiektuak dituzu eskuartean? Zerbait aurreratzetik bai?

Lorena Martinez. Gaur egun, ilustrazioa eta botanika lotzen dituen liburu batean ari naiz lanean. Eta lehen aipatu dudan bezala, emakume-emozioaren inguruko lan bat osatzen ari naiz.

Azkenaldian, jende anonimoaren lan pertsonalizatuak iritsi zaizkit. Hau berria da niretzat eta oso atsegina.


Marrazkilari askoren aterpe

Txoko hau 2012ko urrian ireki zenetik hona, ilustratzaile askoren aterpe izan da Aiete Kultur Etxea: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena “Mattin”, Ainara Azpiazu “Axpi”, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty eta Dani Maiz. Lorena Martínezen txanda da orain.


Lorena Martinez Ilustratzaileen Txokoan 

Aiete Kultur Etxean, Donostian


LorenaMartinez2


Datak:

Abenduak 12 – Martxoak 11.


Ordutegia:

Astelehenak eta jaiegunak: itxita.

Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30 / Gabonetan: 10:00-14:00.

Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00 Igandeak: 10:00 – 14:00.


Antolatzaileak: Galtzagorri Elkartea, Donostia Kultura.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.