`Argiaren erreinua´, Joseba Lozanoren lehen nobela

“Irakurtzea gustatuko litzaidakeen liburu bat idaztea” izan da Joseba Lozanoren helburu nagusia. Argitara eman duen lehen nobela da, hain zuzen, Argiaren erreinua (Alberdania, 2011). Gasteiztar idazle honek, aurretik, bi ipuin idatziak ditu, biak lehiaketa ezberdinetan sarituak. Abentura, misterioa, suspentsea eta nobela beltza gustukoak ditu eta ildo horretan dator bere lehen nobela. “Irakurlea hasieratik harrapatzeko sortua”, egileak berak liburuaren aurkezpenean aitortu zuen moduan.





Argiaren erreinua nobela berezia dela esan zuen liburuaren aurkezpenean Jorge Gimenezek, Alberdania argitaletxeko editoreak. “Arrazoi ugarirengatik da berezia. Darabilen erregistroa eta jorratzen duen gaia ez dira euskal literaturan maiz landu izan direnak”, adierazi zuen argitaletxeko kideak.
Hilketa batzuk daude nobela honen muinean, “eta hilketa horien inguruko ikerketa”. Jorge Gimenezen esanetan, “pauso bakoitzean, intriga nagusiari intriga gehigarriak eransten dizkio”.
Nobela honek “hasieratik harrapatzen zaitu, eta ez bakarrik kontatzen duenarengatik baizik eta kontatzen duen erarengatik ere. Era xumea eta efikaza erabiltzen du Joseba Lozanok. Eta hori gehiago estimatzen zaio kontatzen duen gertakizuna oso korapilatsua baita”. Konplexutasun horretan idazlea oso ondo mugitzen dela uste du Jorge Gimenezek, “irakurlea eskutik helduta eramaten duelako, zirrikituetan galtzen utzi gabe”.
Erregistroari dagokionez, “guztiz generokoa da. Poliziaren ikerkuntzari dagokiona baina beste elementu batzuekin aberastuta datorrena”.

“Liburu ezberdin bat egin nahi nuen”
Argitaletxeko editorearen aurkezpenaren ondoren, Joseba Lozano idazlearen txanda iritsi zen. Bere helburua zein den argi utzi nahi izan zuen liburuaren aurkezpenean: “hasieratik liburu ezberdin bat egin nahi nuen. Niri irakurtzea gustatuko litzaidakeen liburu bat. Hori izan da nire asmoa. Argiaren erreinua nobelan ez duzue topatuko ez ariketa estilistikorik, ez salaketa sozialik, ez dago pertsonaien azterketa psikologiko sakonik… Topatuko duzuena da istorio bat, abenturaz eta misterioz beteta. Irakurlea harrapatzeko sortua, hain zuzen ere”.

Joseba Lozano idazlea eta Jorge Gimenez Alberdaniako editorea.

Idazkerari dagokionez, “saiatu naiz asko korritzen duen testu bat egiten. Nire lehen helburua izan da irakurleak lehenengo irakurraldian ulertzea esaldi guztiak. Izan ere, denbora galtzen badu esaldi bat bitan irakurtzen, seguru kontakizunaren haria galdu dezakeela, eta nik irakurle bat galdu dezaket. Eta hori ez da kontua”, adierazi zuen Joseba Lozanok.
Irakurleek esan beharko dute baina egilearen esanetan, “uste dut liburu hau irakurtzen hasiz gero, amaitu egiten dela, baina azken hitza irakurleena da. Beraiek esango digute gustatu zaien ala ez”.

Best-seller liburuen ikerlari
Joseba Lozano Idazle Eskolako irakaslea da eta HAEE-IVAPeko euskara zerbitzuko buru. Best-sellerren ikerketan aritu da azken bi urteotan. Argiaren erreinua nobelaren aurkezpenean esan zuenez, “saiatu naiz aztertzen zer nolako trikimailuak erabiltzen dituzten jendea harrapatzeko. Magia hori ez da erraza lortzea baina hainbat idazlek lortu egin dute. Liburu hau aitortu behar dut hasieratik sortua eta eraikita dagoela lehengo momentutik eta amaitu arte jendea aulkiari itsatsita edukitzeko”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>