Fito Rodriguez: “Txillardegi idazlea eta intelektuala izan da, oroz gain”

Txillardegiren emaria gogoratzeko hainbat ekitaldi egin dituzte egunotan Donostian. Kultur zikloari amaiera emateko, Fito Rodriguezek Txillardegi intelektuala izeneko hitzaldia eskainiko du bihar Ibaetako Filosofia Mintegian. EHUko irakasleak azaldu digunez, “Txillardegiren jarrera intelektualaz aritzerakoan, bere idatz tankeran funtsezkoa izan zitzaion J.P. Sartreren itzalari erreparatu behar diogu”.

Fito-Rodriguez-1

Txillardegi intelektuala

Txillardegiren jarrera intelektualaz aritzerakoan bere idatz tankeran funtsezkoa izan zitzaion J.P.Sartreren itzalari erreparatu behar diogu.

Orduan esaten zen moduan, «Il nést pas necessaire de souligner l’importance de la fonction d’une langue standard consistant á affirmer l’identité d’une communauté linguistique c’est en développant sa propre langue standard qu’une communauté parlante, de dialectale, devient linguistique et se distingue d’une autre communauté linguistiquement apparentée et/ou politiquement dominante» zioen Paul Garvinek (1986).

Txillardegik horri kasu egin zion euskara batuaren beharra proposatzerakoan eta,1968a baino lehenago ere, euskara literario berria avant la lettre erabili zuen. Honetan ere, eskerrak Txillardegi bezalako pertsonaia historikoak badauden egon, zeintzuk, 2018. urte honetan ulertzen zaila izan arren, Euskal Herriaren zatiketari aurre egiteko baliabideak nahiz gaitasunak metatu dituzten, herri hau egin duten erresistentzia/diferentzia praktikak indartzen lagundu izan dutelarik.

Txillardegiren lanak –euskal hizkuntzaren batasunaren inguruan eta Euskal Herria etimologikoki euskaradunen herritzat hartuta– iraupenerako estrategia desberdinen aukerak zabaltzen nabarmenki lagundu du. Euskal kultura «kultura kolonizatutzat» definitzea debate askotako eztabaidagai izan bada ere, hemen egiten den aukeraren ildoaren erreferentziatzat har bitez Gisèl Halimiren Le procès de Burgos liburuaren (1971, Galimard, collection temoins, Paris) hitzaurreko J.P. Sartreren hitz inola ere ez partzialak ez susmagarriak. «…Si colonie il y avait, ce paradoxe que le pays colonisateur serait pauvre et surtout agricole au lieu que le pays colonisé serait riche et qu’il offrirait le profil démographique des societés hautement industrialisées»; paradoxikoki, Euskal Herria «herri kolonizatuen» artean sailkatzeko aukera egiten du, aukera hau hizkuntz/kultur eremuan oinarrituz: “La majeur partie des millions rendus vont aux organes d’oppression (administration espagnole où espagnolisée, armée dóccupation, police, tribunaux. etc…) ou debasquisation”. Egoera hau gainditzeko moduari buruz, Sartrek berak ere Albert Memmiren lanetan bilatu zuen euskarria eta, autore honen Portrait du colonisé liburutik hara aipu eginez, honako hau ondorioztatzeko erabili zuen, hots, kolonizazioari buruz kolonizatua bakarrik mintza daitekeela behar bezalako sakontasunez, zeren, beti ere haren argudiatzeari jarraituz, kolonizazio kulturala kolonizatzaileek sekula izan ez dezaketen bizi esperientzia delako. Aurrean esan dudanez, hauxe izan zen Txillardegiren lan ildoa fikzioaren arloan sorkuntza literarioan, saiakeragintzan, gogamen filosofikoan, hizkuntzalaritzan, dialektologian, fonetikan, soziolinguistikan, glopolitikan eta politikagintza. Idazlea eta intelektuala izan da, oroz gain.

Fito Rodriguez, idazlea eta EHUko irakaslea


Hitzaldiaren xehetasunak

Urtarrilak 18 osteguna, eguerdiko 11:00etan Ibaetako Filosofia Mintegian. Filosofia eta Antropologia Fakultatean.

Antolatzailea: Txillardegi Udal Liburutegia.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.