Urteko lehen liburuak

Pamiela argitaletxeak gogotsu ekin dio urte berriari. Txomin Peillenen Zaldi beltzak zeruan narrazio liburua eta Mitxelko Urangaren Eoskola, heziketa hipermodernoa saiakera plazaratu berri ditu. Elkarrek, aldiz, itzulpen batekin hasi du urtea. William Faulknerren Hotsa eta ardaila ekarri du euskarara. Asun Garikano arduratu da egokitzapenaz.

HiruLiburu

Zaldi beltzak zeruan (Pamiela)

Lehenago idatzi bazuen ere, 1967an argitaratu zuen Txomin Peillenek Gauaz ibiltzen dana nobela beltza. Nobelaren hiru kapitulu jaso dituzte Zaldi beltzak zeruan (Pamiela) liburuan, “intrigako pasarte argigarriak. Omenaldi gisakoa da 50 urte bete dituen nobelari”, Pamiela argitaletxeak aditzera eman duenez.

Hiru kapitulu horiekin batera, beste bost ipuinekin osatu dute liburua.“Beltzenetan beltzenak eta ongi girotuak, horietako bakarra aitzinetik argitaratua”.


Sarrionandiarena da hitzaurrea

Liburuaren hitzaurrea Joseba Sarrionandiarena da. Bertatik hartu dugu ondoko pasartea: “Lurreango bizitza beti izan da zurian beltza, eta hori mundu globalizatu honetan agian argiago ikusten da. Txomin Peillenen idazlan guztiek argiztatzen dute iluntasun hori, mila kontatu eta aldiro beste kontu argigarri bat dakarrela. Ipuin beltz hauek ere argituko dute zerbait”.


Txomin Peillenek hamaika liburu argitaratuak ditu, literaturaren alor guztiak ukitu ditu gainera. Gauaz ibiltzen dana (1967) nobelaz gain, beltz kutsuko beste nobela hauek ere Peillenen sinadura daramate: Itzal gorria (1972), Gatu beltza (1973) eta Alarguntsa beltza (2001).

Zaldi beltzak zeruan (2017) hedabideen aurrean aurkeztu eta gutxira, Txomin Peillenek (H)Ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astean hartu zuen parte.


Eoskola, heziketa hipermodernoa (Pamiela-Upaingoa Saila)

Mitxelko Uranga saiakera lan berri batekin datorkigu. Politikariek diseinaturiko heziketa-sistema guztiak zaharkiturik daude eta ez dute horiek aldatzeko inolako borondaterik. Aldaketarik dagoenean, aldaketa kosmetikoak izaten dira. Zaila da zer edo zer benetan alternatiboa eraikitzea, ezerk ez baitu sistemaren atzaparretatik ihes egiten, sistemak dena bere horretan mantendu nahi baitu”. Urangaren esanetan, “pedagogiaren arloan oso gutxi berritzen da. Alabaina, guraso eta irakasle gehienak bat datoz: eskola irauli beharra dago!. Bestelako zer edo zerren beharra sumatzen da gero eta gehiago. Eta, hala eta guztiz ere, inor gutxik egiten du zer edo zer benetan aldaketa gauzatu dadin”.

Mitxelko

Mitxelko Urangak euskal kultura zein identitatearen inguruko saiakera ugari plazaratu ditu azken urteotan: Espektroak. Euskal terroristak (Utriusque, 2010), Espektroak. Gutun bat euskalduntasunari buruz (Utriusque, 2011), Espektroak. Euskaldunak Europan (Utriusque, 2012), trilogia borobiltzen duen Euskomunitatea. Manifestu euskaltzalea (Utriusque, 2013), Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa (Pamiela, 2014; Juan Zelaia Saria, 2013), Tartaroa. Mina, botera eta egia (Pamiela, 2015. Euskadi Saria 2016) eta MisEntropia (2017, Erein. Miguel de Unamuno saiakera saria).

Pentsamenduaz gain, poesia ere landu eta argitaratu du: Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak poemarioa plazaratu zuen 2010ean, Ediciones Betarekin.

Argazkia: Hiruka.


Hotsa eta ardaila (Elkar-Urrezko Biblioteka)

William Faulknerren nobela honek Compson familiaren gainbehera azaltzen du. AEBko Hegoalde tradizionalistaren endekapenaren ikur. “Baina, horrez gain, kontatzearen beraren abentura zinezko bat dugu: gertakari bera lau bider eta beste hainbat lekukoren bidez kontatzen zaizkigu, ikuspegien ugaritasuna eta kronologiaren apurtzea nabarmentzen diren estilo baten bidez”, Elkarrek prentsa-ohar bidez azaldu duenez.

Asun Garikanok ekarri du euskarara eta hala mintzo da hitzaurrean: “Hotsa eta ardaila irakurtzen hasten dena beiraduren argi printzek bakarrik argitutako katedral gotikoan sartzen den bisitaria bezala sentituko da. Lehen momentuan apenas ikusiko duen ezer. Baina, begiak ilunpe horretara ohitu arte irakurtzen segitzen badu, hasierako forma zirriborrotsuek gorputza eta kolorea hartuko dute eta, sari bezala, katedralak ezkuktuan gordetzen duen edertasun guztia zabalduko zaio begi aurrean”.

HotsaArdaila2

William Faulkner AEBko Hegoaldearen berezitasunen kontalari nabarmena izateaz gain, narrazio tekniken berritzaile aparta izan zen. Yoknapatawpha konderri alegiazkoan kokatu zituen bere nobela ezagunenak: As I Lay Dying, Santutegia, Light in August, The Town… Literaturako Nobel saria irabazi zuen 1949an.

Asun Garikano (Tolosa, 1962) irakaslea da eta itzulpen lan ugari plazaratu ditu. Berak euskaratuak dira, R.L. Stevenson-en Altxor uhartea, Patricia Highsmith-en Ripleyren jokoa eta Ripley trebea, edota Prosper Mérimée-ren Carmen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.