“Helduentzako literatura itzultzeko aukera bakanak halako lehiaketen bidez etorri ohi dira”

Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek elkarrekin aurkezturiko proiektua nagusitu da Jokin Zaitegi sarian. Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko jaio zen lehiaketa hau. Suediako Akademiak iaz Kazuo Ishiguro saritu zuenez, nobelagile japoniar-britainiarraren The Remains of the Day itzuli beharko dute. Okerrik ez bada, urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.

Zaitegi

Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartea eta Elkar argitaletxea dira Jokin Zaitegi sariaren sustatzaileak. Lehiaketa hau aurrera eramateko, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dute. Egin beharko duten itzulpen lanaz gehiago jakin asmoz, Iñigo Roque eta Amaia Apaulazarengana jo dugu informazio eske.


Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketak Nobel sarien lanak euskaratzea du xede. Horrelako sariketa bat gauza handia izango da itzultzaile batentzat. Eta irabaztea, are handiagoa, ezta?

Iñigo Roque. Pozgarriak dira sariak, jakina, baina aldi berean erakusten dute zer egoeratan dagoen literatura-itzulpengintza euskal herrietan. Helduentzako literatura itzultzeko aukera bakanak halako lehiaketen bidez etorri ohi dira (Zaitegi edo Literatura Unibertsala). Badira salbuespen ohargarri batzuk, bai. Hor dituzu Pasazaite, Denonartean edo Susaren poesia-kaierak… Dena dela, oso adierazgarria dela halako diru-laguntzak behar izatea zer eta Nobel saridun baten obra euskaratzeko.

Nolanahi ere, nik uste txiri-txiri barneratzen ari dela euskal irakurleen gogoan atzerriko literatura euskaraz irakurtzeko gustua. Etortzekoa den belaunaldi batentzat itzultzen ari gara, neurri batean, Pessoak esango lukeen bezala.

Amaia Apaulaza. Nik aldarrikatuko nuke beharrezkoa dela horretan diru gehiago jartzea; adibidez, argitaletxeei laguntzeko (argitaletxe txikiei batez ere). Aukera gutxi ditugu literatura itzultzeko; maiz (gehienetan), ohiko lanetik aparte egin behar izaten ditugu horrelako lanak, eta ez beti behar bezala ordainduta. Tira, ahal duguna egiten dugu, eta pozik, gainera.


Gakoa, “testuaren musikan”

Kazuo Ishiguroren The Remains of the Day itzuli behar duzue urte amaierarako. Nola egiten da itzulpen lan bat lau eskutara?

Iñigo Roque. Lehendik ere ibiliak gara elkarlanean, bai itzultzen (Garazi Ugalderekin batera), bai elkarren itzulpenak zuzentzen. Aurrelanak, beraz, eginda daude nolabait ere, eta orain talde-lan hori liburu honetara egokitzea baizik ez zaigu falta. Alegia, lana egitea da falta duguna, eta gureak eskulangintzatik akso duenez, bada, gehiena egiteko dago oraindik. Ishigurotzeko aldian gaude orain, prozeduraren zer-nolako guztiak erabat erabaki gabe, ostiraletan bezala: bezperen bezperan pozik.

Amaia Apaulaza. Ez da erraza itzul-lagun egokia topatzea; nik, egia esan, zorte handia izan dut horretan, ederki konpondu izan bainaiz binaka eta are hirunaka egindako itzulpenetan, Aroa Uharterekin, Garazi Ugalderekin eta baita Iñigorekin ere. Behin testuaren musika edo ahots egokia aurkituz gero (hori izaten da zailena), aise etortzen da beste guztia, firrindan.


Jokin Zaitegi Sariketa

Literatura Nobel Sariak euskaratzeko beka 2017

2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka, eta ordutik hona hauek izan dira itzulitako liburuak:

2002 Imre Kertesz: Zoririk ez. Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea.

2003 J.M. Coetzee: LotsaizunaItzultzailea: Oskar Arana.

2004 Elfriede Jelinek. Itzulpen saria hutsik utzi zen.

2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk. Itzultzailea: Iñigo Errasti.

2006 Orhan Pamuk: Elurra. Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey.

2007 Doris Lessing: Belarra kantari. Itzultzailea: Koro Navarro.

2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua. Itzultzailea: Luis Berrizbeitia.

2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka. Itzultzailea: Ibon Uribarri.

2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak. Itzultzailea: Santi Leoné.

2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat. Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta.

2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu! Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka.

2013-2014 Zaitegi Saria ezin izan zen antolatu.

2015 Svetlana Aleksievitx: Gerrak ez du emakume aurpegirikItzultzailea: Iker Santxo Insausti.

2016 Bob Dylan: Ehun kanta (oraindik argitaratu gabe). Itzultzailea: Gartxot Unsain.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.