Asier Serranoren “Linbotarren itzalak ate ostean”, 11 Litera taldeak antolatuta

Asier Serranok “Linbotarren itzalak ate ostean” ikuskizun literario-musikala eskainiko du Elgoibarren, otsailaren 2an 20:30ean Herriko Antzokian. 11 Litera literatur taldeak antolatu duen hirugarren ekitaldia da.

linbotarren-itzalen-ostean

Aurtengo ikasturtean abiatu du Elgoibarko 11 Litera talde sortu berriak bere ibilbidea. Bi ekitaldi antolatu dituzte orain arte, bi solasaldi: Harkaitz Cano eta Arantxa Iturberen artekoa lehena, Kirmen Uribe eta Alaine Agirreren artekoa bigarrena.

Datorren astean antolatu dute hirugarrena, Asier Serranoren poemetan oinarritutako “Linbotarren itzalak ate ostean” ikuskizun literario-musikala. Serrano bi musikariren laguntzarekin igoko da oholtzara: Antxon Sarasua eta Miren Fernandez.

11Litera_otsailak2

“Asier Serranoren “Ate osteko itzalak” eta “Linbotarrak” azken poema liburuetan oinarritutako ikuskari literario-musikala da “Linbotarren itzalak ate ostean”. Musika munduan eskarmentu handiko Antxon Sarasua, Miren Fernandez eta Asier Serranoren ibilbidearen hamar abesti birmoldatuk osatzen dute ikuskizunaren hezurdura; eta abestien tarteetan errezitatzen dituzten poemek bidaia intimo gazi-gozora eramango dute entzulea. Iradokitzailea bezain gordina eta biluzia izan nahi duen ikuskarian, egungo gizartean partekatzen ez diren sentimendu unibertsalak izango dituzte hizpide hiru protagonistek, batzuetan umore suminkorrez, bestetan samindura surrealistaz, baina beti egiazkotasun iraingarriz. Bereziki ikuskizunerako sortutako musika pieza erogarrien laguntzaz, eta agertokiaren espazioa beteko eta aldi berean hustuko duten irudi sarkorren bidez, ikuslea odol-haragizkoago bihurtuko duen sentikaria da “Linbotarren itzalak ate ostean”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.