Kalean da Jakinen 223. zenbakia, euskal kultura aztergai

Urtero bezala euskal kulturari begirada luzatu dio Jakin aldizkariak, hainbat testu eta irudi kolaborazioen bitartez. Iratxe Retolazak idatzi du literaturari dagokiona, literatur arloan suma daitekeen “eraldaketa giroa” aztergai.

jakin 223jakin 223 2

 

 

Urte hasierarekin euskal kulturak 2017an eman duenari errepasoa egin dio Jakin aldizkariak; honela aurkeztu digute edukia:

2017ak eman duenak balio du hasi berri dugun urteari begiratzeko. Erronkak zehazteko. Horregatik, euskal kulturaren urteko balantzea egiteko eskatu die Jakinek hamar egileri, urtero legez: Olatz Beobide aktore eta zuzendariak idatzi du artikulu nagusia; Miren Rubio eta Itziar Ugarte kazetariak librean aritu dira, eta Kattalin Miner bertsolaritzaz, Iratxe Retolaza literaturaz, Galder Perez antzerkigintzaz, Maialen Goñi zinemaz, Jon Eskisabel musikaz eta Xabier Landabidea mundu digitalaz. Guztiak elkarrekin Jakin 223. zenbakian. Gainera, urtea irudietara ere ekarri dute Adur, Aritz Irigoien, Axpi, Exprai, Diego Pallés eta Patxi Gallego marrazkilariek.

Azkenik, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak euskal hedabideen argazkia egin du, eta errematea iruditan paratu dio aldizkariari Unai Iturriagak.

Antzerkigintza ardatz bi artikulutan

Pisu berezia hartu du antzerkigintzak aurtengo alean. Batetik. Olatz Beobidek errepaso zehatz eta edukiz betea egin du “Amaia da hasiera” artikuluan, bere berrogei urteko ibilbidearen begiradatik. Egungo euskal antzerkigintzaren egoera eta erronka ulertzeko gako izan daitezkeen hainbat gai ekarri ditu mahai gainera: sektorean bizi den prekarietatea, Artistaren Estatutuaren beharra, ETB1ean euskarazko fikziorik ez egoteak sortzen duen hutsune estrategikoa eta Euskal Teatroaren Dokumentazio Zentro batek egin lezakeen ekarpena izan ditu, besteak beste, mintzagai.

Galder Perezek berriz urteko uzta izan du mintzagai. Mus partida bateko metafora erabiliz, formatu edo eduki aldetik egon diren eta apustu mota ezberdinak ekarri ditu gogora, hari horretan euskal teatroaz gogoeta eginez bide batez:

“Mahai gainean jarritako karta horiei guztiei so eginez, ez dirudi karta onak iristeko zain egon behar dugunik. Sormena ezin da karten zoriaren zain bizi. Ikusleek sortzaileekin batera jokatzen dute partida, elkarlanean eta modu kolektiboan. Iritsiko dira, inoiz baldin badatoz, normalean kartak banatzera berandu etorri ohi diren erakunde publikoak. Orduan, beharbada, hordagoetara jokatu beharrean, senetik eta bihotzetik jolastu eta sortzeko aukera izango luke euskarazko antzerkigintzak”.

“Eraldaketa giroa” egonkortzen literaturan?

Literaturari dagokionez, honatx Jakin aldizkariko kideek aurkeztutakoa:

Iratxe Retolaza EHUko irakasleak ere sumatzen du literaturan “eraldaketa giroa”. Pentsamenduari lotutako generoak gailentzen ari dira euskal literaturgintzan, eta hausnarketarako joera ere sumatzen du sorkuntzan. Hala txertatu dira narrazioetan memoria galeraren kezka, nortasun-krisiak edo zaintzarekiko ardura. “Gai horiek guztiak errealismo psikologikora edo intimismora hurbilduriko estetiken bidez jorratu dira. Hori du erronka euskal narratibak hurrengo urteetan, bestelako estetika literarioak jorratzea”.

Honatx artikuluari Retolazak eginiko sarrera:

Hiruzpalau urtetik hona, hainbat molde eta jokamolde literario egonkortzen ari direlako irudipena dut. Literatur mapan berritasun zirenak joera bihurtzeko bidean egon gaitezke: akaso agerpen iragankorrak dira, luteratur maparen zutabeetan inolako pitzadura sakonik eragingo ez dutenak; akaso iraunkor egingo dira, eta, hala bada, logika literario berriak gailenduko dira etorkizunean. Ezbairik gabe, eraldaketarako giroa bada. Joera berri horien artean, izan badira interesgarri zaizkidan abaguneak, izan badira kezkagarri zaizkidan gertakariak.

Edukiez gain, literatura plazaratzeko eta zabaltzeko joerez mintzatu da Retolaza: argitalpen plataforma moten ugaltzea eta aniztea, ohiko argitaletxe literarioez gain joera nagusietatik at lanak argitaratzeko joerak, itzulpengintzarentzat plaza berriak, korronte eta adierazpide jakinei loturiko ekimenak, ekipen politiko eta sozialei loturiko argitalpenak, autoekoizpen egitasmoak…

Retolazaren esanetan, horietan guztietan badira loiteratura trazu berriekin marrazteko joerak: kolektibotasuna, bazterreko genero literarioen ikusgarritasuna, itzulpengintza literarioa, diziplinartekotasuna…

“Trazu-korapilo horiek indartzen badira kultur esparrua sendotu daiteke, harreman-sareak ere tinkotuko direlako; baina tentuz ibili beharko dugu literatur esparruaren logika berezituei ere bide ematen segitzeko. Horretarako, funtsezkoa izango da literatur kritikak mugako espazio horiek interpretatzeko tresna berriak sortzea, gaur egun oraindik ere literatur kritikak zutabe nagusi batzuk dituelako oinarri (egilea, liburua, hitz idatzi soila, narratiba).”

Jakinen webgunean eskuratu daiteke zenbaki berria, PDFan zein paperean.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.