Idazkurlea

Patxi Zubizarreta Hitzen Uberanen kolaboratzaile izango dugu datozen hilabeteetan; hemen duzue bere lehen iritzi artikulua: “Idazkurlea”.

Patxi, mesedez, ez oparitu libururik, bestela gurasoek irakurtzera behartuko naute’, bota zidan behin gaztetxo batek. ‘Euskaldunek ere gaztelaniazko liburuak eskatzen dizkidate, euskarazkoak tristeak direlakoan’, nabarmendu zidan oraintsu bibliotekari batek. ‘Nahiago dut erdaraz irakurri, euskarazko liburuek akitua naukate’, aitortu berri dit irakurle batek, ‘antzeko iluntasun horrek…’. Pertzeptzio eta sentipen horiek guztiak ikasle gazteen aurpegietan islatuak ikusten ditut, batez ere institutuetako saioetan; eta zer esanik ez kanpotik gurera etorri, eta besteak beste linguistikoki guztiz egokitu gabekoen begitarteetan.

Adituek diote telebistak, sareek eta kultura komertzialak erabat zozotuta gauzkatela, eta Foster Wallace bezalako idazleek esaten digute, ustezko arintasun edo edertasun baten bitartez, irakurle bakoitzari ahalegin bat eskatu behar zaiola, baina gure lanetako bakoitzean erronka emozional eta intelektuala eskaini behar diogula: norberarengan bada lozorroan dagoen bizitza bat, noiz esnatuko zain dagoena.

Lander Garrori bere blogean irakurritakoa datorkit gogora: «Idazleok pilak jarriko bagenitu, hasiko bagina benetan XXI. mendeko literatura egiten, eta ez filologoentzako literatura desitxuratu hau (egiten ari garena), egingo bagenu jauzi bat orainaldi gordin eta zoro honetara, pudikotasunez eta izu neurotikoz betetako XX. mendea abandonatuta, akaso ez genuke lortuko geure produktuen erabateko arrakasta, baina gertuago geundeke agian». Eta antzera mintzatu berri zaigu Gorka Arrese editorea —oi, ohia!—: «Oraindik ere askoz ere gertuago egon behar da irakurlearengandik. Asmatu egin behar dira formulak. Jendetasuna, jendearengana hurbiltzeko moduak, giroak eta formulak lantzeko daude. Irakurlea gehiago estimulatu behar dugu».

Eta hala ere, artifizioaren eta errealitate aztoragarriaren zurrunbilo honen erdian, gure bizimoldea argituko diguten fikzio eta metaforen beharra dugu. Paradoxikoa dirudien arren, honakoxea dugu idazlearen ordua edo, Gorka Bereziartuaren hitzetan esateko, idazkurlearena.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.