Egunerokoa salbuespena da

Juan Ramon Makusoren sinadura darama gaurko kolaborazioak, “Egunerokotasuna salbuespena da” izeneko sormen lana. Ikus Hitzen Uberanen orain arte jasotako kolaborazio guztiak: iritzi artikuluak, elkarrizketak eta erreportajeak, sormen lanak.

 

Makuso

Elurra ari zuen bitartean, bere usaina iristen zitzaion, eta leihoan itsasten zuen begirada. Hori guztia gertatzen zen une hartan. Ez zegoen mundu geldi hartan beste ezer ez. Edo bai. Espaloitik emakume baten irudia zuen begi bistan; aterkiak biltzen zuen bere gorputza koroa baten modura. Ibilera geldoa zen; bat egiten zuen elur maluten abiadurarekin. Bere aztalak bota beltz batzuek estaltzen zituzten, eta beroki margodun batek bere belaunak zituen muga. Botak eta berokiak irudimenaren muga marrazten zuen. Bere burua, bere ilea, gorro batek hotzetik babesten zituen. Bere liraintasuna ezin hobeki bat egiten zuen kaleko linealtasunarekin. Paisaiaren nahasteak bere eguneroko errealitatea adierazten zion: “hau guztia niretzat da. Ene baitan geratuko da.” Emakumearen figura bere begi aurretik desagertu zen. Behar bada, eguneroko gertakizunak ez dira geratzen, une horretan, argazkiak bezala. Denbora ezin da gelditu, hatzen artetik, urak bezala, ihes egiten du.

“Egunerokoa salbuespena da.” Ez zitzaion ahazten esaldi hura leihotik baztertu eta egongelako voltairean esertzerakoan. Gogoko zuen bakarrik zegoenean, bere etxeko pareten artean, ikustea bere bizitzako pasarteak, margo erakusketako koadroak bezala. Pausoz pauso, erakusketa aretoan zehar koadro bakoitzean aurrean jarri, eta bertan murgildu. Eta bere bizitzarekin hori egiten zuen. Hau ez zitzaion arrotza. Beti gustatu bait zitzaion, ume garaietan bezala, lagunekin jolasten zuen bitartean, atsedenaren aitzakian, bazter batean gelditu, eta begiratu. Lagunen oihuak, barreak, kaleko jendeen ibilerak, joan etorriak, behatu. Eta esaldi horrekin erantzun zion tabernaren erakusmahaian kafe baten esperoan zegoen bitartean, aldameneko lagunari.

Egunero. Ur tanta bat bailitzan, etengabeko jarioan. Koloreak bihotzean. Eta burmuina gurutzatzen zait izaren artean. Nire besarkada ez da itsasten maitasun galduan. Edo hegan dabil. Begirada ez da gelditu zu zauden geltokian; bukatu da hau, hasiera gabeko kondaira. Baina irribarrea zintzilikatu egin zait zure eskuetatik, badakidalako hatz artean ibilbide bat egin dugula. Eta zinema bat eraiki dugu muxu artean. Hau ez da ipuin bat; ez eta idatzi bat. Zu zara, gu gara, zuek zarete. Gortinak ferekatzen du sentimenduen larruazalak, eta bitartean gauak igaro dira.

Gau-pasak, ez dira gauak. Horiek beste zerbait dira. Hor gure elkarrizketak, gure sexuak, gu, gordeketan ibili dira, kontaketa amaigabe batean. Zuhaitzaren atean ez genuen topo egiten, eta goizaldeko itzulera beste hasiera bat zen. Agian nekatuta gaude. Ez dugu gure baitan burbuila anonimorik.

Garagardoa epeldu zaigu plastikozko edalontzian.

Argazki nagusia: Wikipedia.

This entry was posted in Albisteak, si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.