“Ilustrazio bakoitzera iristeko egindako hautuak eta pausoak erakustea izan dut helburu”

Ilustratzaileen Txokoak maizter berri bat du: Idoia Beratarbide. Azken urteotan liburu asko edertu ditu: Lur beldur (Uxue Alberdi-Denonartean, 2015), Koldo (Joxemari Carrere-Errenteriako Udala, 2016) edota Igel marroitxo (Pello Añorga-Haziak, 2016), batzuk aipatzearren. Horretaz gain, hamaika azal eta kartel egin ditu. Donostiako Aiete Kultur Etxeko erakusketa aretora hurbiltzen den bisitariak “azken 8 urteotan egindako zenbait lan” topatuko dituela adierazi digu.

Idoia

1999an Arte Ederretan lizentziatu zenetik hona, Idoia Beratarbidek hainbat alorretan egin du lan: sorkuntza tailerrak eman ditu, hainbat liburu ilustratu ditu, Metrokoadroka kolektiboaren bultzatzaile eta taldekide da eta honen baitan aktore, koordinatzaile, diseinatzaile eta arropa egile lanak egin ditu. Ilustratzaileen Txokoan ipini duen erakusketaren aitzakian, ondoko adierazpenak egin dizkigu.

 

Donostiako Aiete Kultur Etxean erakusketa bat ipini berri duzu. Atzera begira modukoa al da? Ala azken boladan egindako lanak ipini dituzu ikusgai? 

Idoia Beratarbide. Azken 8 urteotan egindako zenbait lan daude ikusgai, gehienak liburuetarako sortutako ilustrazioak dira. Erdiak haurrentzako liburuentzat dira eta besteak helduentzat. Aukeraketa egiterakoan ilustrazio bakoitzera iristeko egindako hautuak, pausoak eta lana erakustea nuen helburu.

 

Aurretik, ibilbide luzeko artistak egon dira Ilustratzaileen Txokoan. Zer suposatu du zuretzat horrelako txoko batean erakutsi ahal izateak?

Idoia Beratarbide. Aukera bat nire lana ezagutzen ez duen jendeak ezagutu dezan eta jada ezagutzen dutenentzat nire lana gertuagotik eta bateratua ikusteko aukera. Bada jendea nik ilustratutako liburuak ezagutzen dituena baina inoiz ez duena aukera izan nire ilustrazio original bat ikusteko, bere kolore eta trazuekin edo bertara iristeko pausu guztiak, bozeto, paper, eta abar. Azken batean, ilustratzailearen mundu propiora gerturatzeko aukera eskeintzen du, zatitxo batera bada ere. Ilustratzaileentzat propio sortutako gunea da eta zoritxarrez ez daude horrelako behar adina espazio.

 

Ilustrazioak, diseinu lanak, jantziak… Zure ibilbidean, arlo asko ukitu dituzu. Oraintxe bertan, zer nolako proiektuak dituzu eskuartean? Zerbait aurreratzerik bai?

Idoia Beratarbide. Zazpi senideko ikuskizuna estreinatu berri da eta bertako jantziak egiten ibili gara. Aldi berean atera berri den Zauri bolodia (Txalaparta, 2018) libururako ilustrazioak egin ditut, eta baditut esku artean pare bat ilustrazio lan eta jantzigintzan ere enkargu bat martxan.


AIETE-beratarbide1

Ilustratzaileen Txokoan, Idoia Beratarbide

Aiete Kultur Etxea, Donostia

Erakusketa-epea:
Martxoa 14-Ekaina 10

Ordutegia:
Astelehenak eta jaiegunak: itxita
Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30
Aste Santua: 10:00-14:00

Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00
Igandeak: 10:00 – 14:00
Aste Santuan: 10:00-14:00. Azken orduko aldaketa: Martxoaren 29tik apirilaren 2ra Aiete Kultur Etxea itxita egongo da.


Ilustratzaileen agertoki nagusia

2012ko urrian ireki zenetik hona, artista askoren agertoki izan da Ilustratzaileen Txokoa: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena “Mattin”, Ainara Azpiazu “Axpi”, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty  Dani Maiz eta Lorena Martínez. Idoia Beratarbideren txanda da orain.

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.