Sunti Amilibiaren ipuinak dira argitalpen honen uztarri nagusiak. Abiapuntua. Ipuin horiek musika talde batzuen eskuetan utzi zituzten ondoren. Agindu eder batekin: ipuinaren inguruko kantu bat osatu. Enkargua gustura jaso zuten Anger, Gose, Petti & Andoni & Eñaut, Xarma eta Bide Ertzean taldeek. Iker Fernandezek ere antzeko proposamena jaso zuen. Ipuin bakoitzaren inguruan poema bat idaztea.
Lau ipuinen mamia
Frankistek atxilotu eta epaitu gabe fusilatu zituzten errepublikarren ingurukoak dira “Maisu inguratua” eta “Bestelako maitasuna” ipuinak. “Urretxindorrak ez du kantatzen azaroan” ipuinak Dragones batailoiko bi milizianoen ihesa kontatzen du. “Mendi gaineko txistua” ipuina, aldiz, erbestera ihesi joandakoei eskainitakoa da. Ipuin hauen aurretik, Sunti Amilibiak “El diario de la nostalgia” liburu autobiografikoa argitaratu zuen 2006an, Txalapartarekin.
Lan kolektiboa
Anger, Gose, Petti & Andoni & Eñaut, Xarma eta Bide Ertzean musika taldeak, Iker Fernandez idazlea… Ez dira “Gerrako ipuinak” argitalpeneko parte hartzaile bakarrak izan. Ipuinen itzultze lanetan hainbat lagun aritu dira. Eta ipuin bakoitza, gainera, marrazkien bidez ilustratua izan da. Lan hauek egiten honoko hauek hartu dute parte: Joseba Barriola, Itziar Murgizu, Iker Fernandez, Hibai Garai, Karmel Uribarren, Egoitz Unamuno, Leire Ginea eta Melina Lopezek. Eta liburu-diskoaren azala Idoia Beratarbidek osatu du.
“Maisu inguratua” ipuina
Itzultzailea: Joseba Barriola. Marrazkiak: Itziar Murgizu. Abestia: “Adarrartean”, Bide Ertzean.
“Bestelako maitasuna” ipuina
Itzultzailea: Iker Fernandez. Marrazkiak: Hibai Garai. Abestia: “Bestelako maitasun bat”, Anger.
“Mendi gaineko txistua” ipuina
Itzultzailea: Leire Ginea, Egoitz Unamuno. Marrazkiak: Melina Lopez. Abestia: “Aratz haize leuna”, Petti & Andoni.
“Urretxindorrak ez du kantatzen azaroan” ipuina
Itzultzailea: Karmel Uribarren. Marrazkiak: Hibai Garai. Abestia: “Amets Gorria”, Gose.
“Ixiltasun hautsia”, abestia, Xarma.
Liburuko poemak: Iker Fernandez.
Disko-liburuaren azala: Idoia Beratarbide.
Ihesi poema
Aipatu dugun moduan, Iker Fernandezek hainbat poema idatzi ditu ipuin hauen inguruan. Poema horietako bat da hauxe, “Ihesi” izenekoa.
inguratuta
zakur saldo basatia atzetik
sar nadin barrurago adarrartera,
jada ez naiz iraultzaile, arrazional edo arrazoi egile
ez agnostiko, poeta edo kafe orduko solastari,
ihesi
aintzinako aurrekoen milurtetako senari jarraiki,
ihesi
lokartu eta ez berriro esnatzeko
ihesi
besteen aurrean amore ematera behartuta
ene pasiora emana bizi ahal izateko,
ihesi
egiten duen beroarekin eta Jauna hotz,
mendiak lanbrotan
non zaude?
Gazte fedegabe, idealista, ustelezina,
itxi beharko duzue
nare begiratzen zaituzten
begi handi, beltz ia hilotz arro hauen sakon- sakonena ere
gogoratuko nauzue
ezkont- ohean edo tabernan eta
neguko gauetan
egurren su txinpartek agertuen historioak kontatzen dizkizuetenean,
nor da kexu?
Garaipenarekin etorriko dira
heroi ofizialak
urtemugak
desfileak
sukaldetako goseak,
nork behar du ihesa?
Sar nadin adarrartera
barrurago
nor gogoratuko da nitaz?
Egilea: Iker Fernandez.