Orainean

‘Sinadurak’ atalean, gaur, Juan Ramon Makusoren sormen lan bat: Orainean.

Makuso

Orainean kokatua nago. Bestela ezinezkoa zait ni izatea. Eta orainak badu bere presentzia erreala. Nik orain, une eterno honetatik, leiho zabal bat dut nire aurrean. Ispilu bat. Eta azken finean, geltoki bat. Geltokia infinitua da, bizitzak baldin badu oraina, hori heriotza da. Ez dut zabaldu nahi inongo nihilismorik, ez eta pentsamendu ezkor baten zertzeladak. Nire ibilbidean pentsamendu bat, poetika, zabaltzen saiatzen naiz denboraren inguruan, eta denbora Parmenidesen zentzuan: izatetik abiatzen naiz, izate hau, ni, erreal bakarra delarik. Instantea da izatearen erreinua, iragana ez da eta etorkizuna ere ez, instantearen erreinutik begiratuta behintzat. Dena den, egunerokoan, eta ezin hobeto une honetan, paradoxa ikaragarri batekin bizitzea ohitu gara, edo behintzat gizakiak eta bere historiak hori erakusten du: geroari lehentasuna ematen diogu, benetakoa ordezkatuz. Gizakia hilkorra da, baina badirudi, geroari begiratuta, nolabaiteko jainkotiar hilezkortasun batekin amets egiten dugula, eta Calderonek zioen moduan, “ametsak, ametsak dira”. Borgesek hau oso ederki erakutsi zigun esan zuenean bere heriotzaz gizakiak bakarrik dakiela, hau da, bere orainean badaki hil egin behar duela. Eta hau guztiz gizatiarra da. Eta hau ederra da, nolabait geroa ukatzen duelako. Unea eternoa bihurtzen duelako. Zuek nire hitzak hartzen ari zarete, “bihar” zuen komunikabide atera dadin. Ustez nire zorionerako. Inuzenteak gu, zoriona, egotekotan, eskuartean daukaguna baino ez da. Eta hau, une hau da. Gizakia bestelako uste eta asmoetan sartzen denean, jainkotu egiten da, eta gu, zerbait baldin bagara, gizakiak gara. Gustatu, ala ez. Ene iritziz, ez zaigu gustatzen. Bestela gure bizitza bestelakoa izango zen.

Gogoeta honetan, ariketa honekin, ideia hau islatu nahiko nuke, hausnarketarako gonbite bat da. Inongo sententzia itxiak eraikiz. Bakoitzak berea egin dezan. Hemen norberak bere ikasgaiak ditu, beste inork jarri gabe. Gizakiaren benetako independentzia bera eta bere errealitatearekin bat egiten duenean gauzatzen da. Hori litzateke, autodeterminazio ariketa bat Eta horretarako, eta hau nabarmendu behar da, gizakiok tresna ezin hobea daukagu, lengoaia, giza lengoaia. Eta honekin batera poesiaren erreinua. Hitzen bila gabiltzanean errealitatearen isla gauzatzeko, poesia eraikitzen dugu. Norberarena, bere sentimenduena. Eta orduan sentimenduak aldentzen zaizkigu, kanpora joaten dira, ate joka ibili gabe, askatasun osoz. Askatasuna delako gizakiaren beste patu bat. Aukeran datzana. Ni hemen nago aukeratu dudalako. Ez aukeratzea, aukera delako.

Ez da erraza gauzatzea hemen esaten ari naizen guztia. Gizakiaren ibilbidean, bidearen zati bat egina nago, orainak mailu bat du bere altzoan, eta begiratzen du, askotan ikusezina dena, baina bide horrek badu erakusteko asko. Beharbada hau, nostalgia, iragana, oroimena da. Eta hau da niretzat une honetan, nire orainetik daramadan gogoeta. Batzuetan astuna, ikusten dudalako orainean ez dudala lortzen arrastoak erakusten duena, gainditzea. Gizakia txikia geratzen da oroimena aldarrikatzen dugunean. Niretzat, oroimena, galdera bat da. Oroimenak ez du bat egiten nire orainarekin, baino ahalegintzen naiz, joan den horretatik, ez dena, orainean gauzatzen, oraineko bizipenetan taxutzen. Ez dakit. Beharbada gogoeta hauek aurrerantzean landu beharreko uneak dira, lehen aipatu dudan une infinitu eta eternoak indarrak ematen nauelako. Heriotzaraino. Heriotza, nire bizitzaren oraina. Bera gabe ene burua ez baitut ulertzen. Gure bizitzaren dohaina delako. Apolo eta Dionisos bezala. Bizitzaren ikuspegi tragikoa biak gordetzen dutelako, biak gabe bizitzaren mahaia hankamotz geratzen da. Eta Dionisosi omenduz, mahaian ardoak bizitzari gorazarre egiten dio.

This entry was posted in si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.