Ana Urkizari elkarrizketa

Pentsamendu-minutuen bila

Poesia, ipuina, saiakera… hainbat arlotan irakurri ahal izan ditugu orain arte Ana Urkizaren lanak. Atzorako geratzen dena aforismo liburua aurkeztu du berriki, Alberdania argitaletxearen eskutik: pentsamendu minutuak sortze aldera egindako lana.






Genero ezberdinak landu eta tartekatu dituzu zure ibilbidean. Zerk eramaten zaitu batera edo bestera?
Lehenik eta behin halako bulkada bat sentitzen duzu idazteko, zerbait duzu esateko eta batez ere ikertzeko. Galderak egiten dizkiozu zure buruari, erantzuna bilatzen duzun neurrian istorio baten barruan sartzen duzu edo pertsonaia batzuk asmatzen dituzu, hau da, muntatu egiten duzu. Baina sakonean galdera bat edo galdera batzuk daude. Adibidez, argitaratu nuen lehenengo liburua (Desira izoztuak, Elkar 2000), galdera batetik etorri zen: zer gertatzen da konplitzen zaizkigun desioekin? hortik aztertzen hasten zara, ia gauza teoriko bat balitz bezala. Nik pentsatzen dut generoa aukeratzen dudala nire galderaren arabera, edo galderari ematen ari natzaion forma edo geruzaren arabera. Sekula ez dut aurretik pentsatu ‘orain poesia egingo dut, edo haur eta gazte literatura…’. Lehenengo galdera dator, eta ondoren eskatzen duen forma.
Eta nola iritsi zara aforismoetara?
Aforismoak niri asko gustatu zaizkit beti, irakurri izan ditut tarteka. Irakurtzeko orduan ere genero ezberdinak tartekatzen ditut, nahastua. Kontrazalean aipatzen saiatu naizen bezala ‘bizi zaitezke iraganean, etorkizunean, denboraren iraganari begira, edo ondorengoei ustez utziko diezuna ondu nahian…’. Egon zaitezke lanari bolkatua, lagunei bolkatua… bizitzan hartu ditzakezu erabaki asko esanez ‘hau izango naiz edo hau egingo dut’… Niri momentu honetan dagoena buruz behera jartzea datorkit. ‘Zer gertatuko litzateke…?’ Galderari erantzutea. Esperimentu horixe egin dut: ideia, sentimendu, beldur, ilun une, lagun… inguratzen zaituen edozer gauza eta gertaerari buelta ematen saiatu. Egin dudana jokoa da azken finean, baina joko bakoitzaren azpian edo atzean badago sakonago jotzea, irribarrea bilatzea, gorrotoari buelta ematea, maitasuna ulertzea… funtsean, aforismo bakoitzaren atzean pentsamendu bat dago. Nik uste dut momentu honetan zergatia galdetzea egokitu zaidala, baina ez lehenengo liburuan bezala gai baten inguruan. Pastillatxo txikiak hartzen joan naiz, egunean edo astean pastillatxo bat, horri buelta bat eman eta beste begi batzuekin begiratu dut. Gero azala jarri diot.
Aforismoena askorentzat genero txikia,edo azpigeneroa, izango da agian. Hala ere azken urteetan euskaraz aforismo liburu ugari egon da: Igerabide, Gartzia, Linazasoro… Irakurle gisa nora begiratzen duzu, badituzu erreferentzia argiak?
Atzerriko aforismo liburuak ez dauzkat esku artean, baina liburuen barruan aipamenetan datozenean bai geratzen naiz haietan. Bestela nire erreferentzia nagusiak euskaraz aurretik egindako lanak dira. Gainera oso lotua egon naiz betidanik ahozko tradiziotik jasotako atsotitzei. Haien artean batzuk oso tradizionalak dira, ezagunak, ez beti literatur baliodunak, baina badira beste batzuk harribitxiak direnak, galduta eta eguneratu gabe dauzkagunak baina sakonera jotzeko ikaragarrizko balioa dutenak. Horiei erreparatu diet bai euskalkiak lantzerakoan bai gai baten inguruan ikusmolde diferenteak harrapatu nahi izaterakoan.
Zer dute poesiatik aforismoek? Poesiaren antzeko mekanismoa da haiena?
Bai eta ez, badauka baina ez da osoa. Aforismoak esan gabe iradokitzearen indarra dauka batetik, eta bestetik edertasun literarioa. Aforismoa izan daiteke narratiboagoa edo poetikoagoa. Poetikoagoa denean niretzat irakurtzerakoan ederragoa da, badauka musikaltasuna eta iradokitzeko indar handia. Narratiboak beharbada gehiago erabili ditut edukia benetan argi geratzea nahi izan dudanean. Anbiguitatearekin jolasteko poetikotasunak ahalmen gehiago ematen dizu.
Nola idazten da aforismo bat, zer edo zer intuitiboa da, edo gogoeta luze baten ondoren datorren zerbait?
Ideia bat hartu eta ideia hori lantzea da kontua, eta horrentzako forma bat topatzea. Ez dut egin adibidez mila lerro idatzi eta gero onenekin gelditu. Denbora gehiago eraman dit ideia lantzeak forma lantzeak baino. Behin ideiari buelta emanda zer gertatzen den ikustean formara eramatea errazagoa egin zait, baina ez da forma ariketa bat.
Asko dira bildu dituzun aforismoak… Liburua irakurri ostean suma liteke badirela azpiko hariak, bana funtsean nola antolatu dituzu denak?
Liburua atalka antolatuta dago baina hauek ez daukate zenbakirik. Atalak egiteko bi irizpide erabili nituen: batetik irakurterraza egitea, ez baita berdina guztiak batera botatzea edo hamarnaka antolatzea, bestetik gaiak ez errepikatzea bilatu dut, edo errepikatuta dauden gai horiek halako erreka bat irudikatzea liburuan zehar. Idatzi ahala aforismoak zerrendatzen joan nintzen, gero gaika ordenatu nituen denak kopuruan zenbat ateratzen ziren ikusteko eta beraien artean ze ibilbide zegoen ikusteko. Azkenik saiatu nintzen denak nahasten, errepikapenik ez egoteko ez tonuan ez hizkuntza poetiko eta narratibaren artean. Atal bakoitzean barietatea egotea nahi nuen, ahaztu gabe batetik bestera badaudela hariak, baina egin dudana da atal bakoitzean gai ezberdinak sartu, irakurleak egin ditzan loturak.
Nola irakurri behar da aforismo liburu bat?
Esango dizut nik nola egiten dudan. Hasieratik bukaerara irakurtzen dut liburua lehenengo, eta gero saltoka. Nik irakurleari lehendabizi dagoen bezala irakurtzea proposatuko nioke egitura bat dagoelako, eta ondoren gustukoak tarteka, aforismo bakoitza osotasun bat delako. Pentsatu behar da irakurlea ez dagoela liburuaren momentuan. Nik uste dut aforismo batek indarra daukala irakurlearen momentu baterako, hemen dauden aforismo batzuk balio dezakete erdiak orain eta beste erdiak agian hilabete edo urtebete barru. Niretzat aforismoak, eta poesiak ere bai zati batean, momenturako indarra dauka. Saltoka irakurrita harrapatzen duzu agian osotasunean irakurrita harrapatu ez duzuna, zure momentu jakin batean zaudelako.
Normalean zer dago aforismoen oinarrian: irudi bat, gogoeta bat, hitz joko bat…?
Normalean gogoeta bat dago, baina badaude printzak ere. Derrepente etxean edo autobusean norbaitek zerbait esan du, edo begirada bat edo mugimendu bat ikusi duzu, eta han printza bat dago. Hala ere nire kasuan normalean gogoeta dago atzetik. Aforismo hauek bilaketa baten emaitza izan dira.
Ariketa zaila dirudi etengabe paradoxaren bila ibiltzeak.
Zuk gogoetatu duzunean, buelta eman diozunean, bila zabiltzan horri buelta ikusten diozunean horrekin datorkizu irakurleari eman behar diozun eta espero ez duen puntu hori. Printza batean paradoxa batzuetan berez dator, baina printzak misterioa dira. Paradoxak badu bere lana noski, baina poesiak eman dezakeen adina. Dena den, helburu horrekin zabiltzanean badakizu noiz lortu duzun eta noiz ez. Gero gertatu daitekeena da interpretazioak oso ezberdinak izatea. Adibidez aforismo honekin gertatu zait: ‘Muxuak ere adinarekin bustitzen joaten dira’, batek baino gehiagok konnotazio sexualak ikusi dizkio baina niretzako hor beste istorio bat dago.
Paradoxa batetik, umorea eta ironia bestetik, ematen du oso gertu daudela. Horrela sentitzen duzu?
Bai, zerbaiten bila zabiltza, batzuetan aurkitzen duzu espero duzuna eta besteetan ez. Espero duzuna aurkitzen duzunean nik uste dut halako seriotasun batez erantzuten duzula, espero ez duzuna aurkitzen duzunean berriz beste formula bat asmatu behar duzu: edo barreari ematen diozu edo ziztadari.
Esan duzunagatik sentsazioa daukat ez dela hain garrantzitsua hariak une oro argi edukitzea, irakurlea gogoeta giro batean sartzea dela kontua, bidaiatzeko modu batean.
Hariak badaude baina nire asmoa gehiago izan da minutu bat edo biko hausnarketak eginaraztea irakurleari, beharbada faltan botatzen dudalako hori gaur egunean. Ikusten dut oso presaka bizi garela eta beste jendeari oso denbora gutxi eskaintzen diogula. Badaude pentsalari handiak, baina iruditzen zait oso gutxi garela minutu bat farola bati begira geratzen garenak, edo minutu bat pertsona bati begira. Liburuan hariak ni arduratzen nauten gaiak dira, hor daudelako, gai horiek azaleratu nahi izan ditudalako edo kanpoan edo inguruan gai horiek sumatzen ditudalako gehien. Baina nire helburua ez da gaiak garatzea izan, nire helburua pentsaraztea izan da. Asmo horretan gaien dibertsifikazioaren bila ibili naiz. Ikusten dut oso presaka bizi garela eta beste jendeari oso denbora gutxi eskaintzen diogula.
Eta minutu horiei guztiei titulu bakarra aukeratu behar, zergatik ‘Atzorako geratzen dena’?
Presaka bizi gara, lan munduan batez ere atzorako eskatzen zaizkigu gauzak. Saiatzen gara dena gaurko edo biharko egiten, atzo egin genuenetik zer geratzen da? hori zen nire hasierako obsesioa: eginaz goaz, aurrera begira, ihesean, eta atzo zu izan zinenetik, egin zenuenetik, ikusi zenuenetik, sentitu zenuenetik… zer geratzen da? Horixe da titulua eta liburu osoaren funtsa. Hortik azalaren ideia ere, itsasertzeko harri biribilak. Etxera eramaten ditugu batzuetan, eskulturatxo bat egiteko, pintatzeko, oparitzeko… baina harri hauek atzo bat daukate, eta ez dugu ezagutzen, harri borobil horien atzetik urte askotako prozesua dagoela jakin badakigun arren.
Ilustrazioei buruz zer esango zenuke? aforismoen modukoak dira agian, itxi gabekoak, iradokitzaileak…
Bi funtzio dauzkate marrazkiek. Batwetik marrazkilariaren begia egotea nahi nuen, irakurriaz interpretatzen dena irudiz ere edukitzeko. Bestetik arnasa eman nahi nion liburuari. Egia da serie bat osatzen dutela baina irekiak dira, ez dira zehatzak, nik uste dut aforismoarekin ondo uztartu direla, pentsatzera edo interpretazio bat bilatzera bultzatzen dutelako.
Hainbat genero landu eta gero, zer litzateke zuretzat orain erronka handi bat?
Ez dut horretan pentsatu! Orain mikroipuinak idazten nabil. Niretzako erronka bat da, baina era berean ez da lehen egin dudanetik aldentzen. Orain arte ipuinak egin ditut baina ez hain laburrak. Ez da erraza kokatzea denbora, pertsonaia, trama eta egitura guztia 500-600 karaktereetan. Trama guztia ikusten duzu buruan, baina papereratzen duzuna ezin da izan buruan duzun guztia.
‘Azazkalak jaten ditut, eta zer’ liburua ere plazaratu duzu.
‘Eta zer?’ bildumako lan bat da, konplexuei aurre egiteko gonbita den bilduma. Lehen aleen artean atera nuen ‘Betaurrekoak ditut… eta zer?’ izenekoa. Oraingoan azkazalak jatearena da gaia. Nire bi seme alabek jaten dituzte eta pentsatzen hasi nintzen ‘zer dago horren atzetik?’. Egon nintzen eurei begira, aztertzen, gaixotasun bat baita azken finean. Nola eman buelta honi? Pertsona batzuek konplexu bezala daukate, lotsatu egiten dira, ezkutatu egiten dituzte… mundutxo horretan murgilduta egon naiz eta eman diodan buelta sormenarekin lotu dut. Azazkalak jaten ari den pertsona momentu horretan ez da kontziente jaten ari dela, eta ez bada kontziente non dago bere kontzientzia momentu horretan? Konturatu naiz jaten dagoena beste mundu batean dagoela, eta beste mundu horretan daukan arazo edo eginbeharrak eramaten duela azazkalak jatera. Literaturara eramanda pentsatu nuen pertsona hori sortzen dagelao, eta marrazkilari bat jarri nuen egoera horretan. Konplexua beti negatibotzat hartzen da, nik sormenari indarra emanez eman nahi izan diot buelta. Oso gustura gelditu naiz Eider Eibarrek egin dizkion marrazkiekin, berak berehala esan zidan oso identifikatua sentitu zela. Pozik nago, marrazkilari bat sortzen dagoenean nonbaiten dagoen hori deskribatzera heldu baldin banaiz.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>