Datorrena, datorrela beltza

Iaz, (H)Ilbeltza Beka saria banatu zenean, antzekorik aipatu zuen egile irabazleak: “datorrena datorrela beltza”. Bekaren bigarren deialdia egin berri da. Honakoan, itzulpen lan bat sustatuko dute. Bekara aurkezten diren itzultzaileek Patricia Highsmithen The blunderer nobelaren pasarte bat itzuli beharko dute. Lanak aurkezteko epea ekainaren 21ean amaituko da.

Patricia

Baztango Udalak eta (H)ilbeltza elkarteak Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin sortu zuen beka deialdia, euskal literatura beltza hedatzeko eta munduko literatura beltza euskaratzeko xedez.


Itzulpenak ere badu sorkuntzatik

II. (H)Ilbeltza Beka aurkeztu zuten martxoaren 27an. Joseba Otondo Baztango alkateak azaldu zuenez, Baztan Euskal Herriko kultura-mapan kokatu nahi da eta hori “eragile gisa” egin nahi duela nabarmendu du. Gogora ekarri zuen iazko beka eta Miel Anjel Elustondo azpeitiarrak irabazitako lehen beka hark sorkuntza sustatu nahi zuela. Aurtengoak, berriz, itzulpena bultzatu nahi du “bistatik galdu gabe itzulpenak ere baduela sorkuntzatik”.


Patricia Highsmith helburu

Maitane Maritorena (H)Ilbeltzako kidea ere iritzi berekoa da. “Iaz hasi genuen bideari jarraituko diogu aurten ere. Sormenera ez ezik, itzulpenari ere ateak irekitzea da gure nahia, aukera ederra iruditzen baitzaigu mundu zabalean dauden nobela beltz interesgarriak gure hizkuntzan, euskaraz, leitzea”. Berak iragarri zuen aurtengo bekaren xedea: Patricia Highsmith idazle estatubatuarraren The Blunderer liburua itzultzea.

Mikel Soto Txalapartako editoreak Highsmith itzultzeko hautatua arrazoitu zuen. Batetik, idazle honek literatura beltzean izan duen eragina nabarmendu zuen. Eta bestetik, itzulpen beka emakume batekin abiatu nahia azpimarratu zuen, horretarako Highsmith aukerarik onena zela iritzita. Idazle estatubatuarrari buruz esan ohi dena gogora ekarri zuen: “Highsmithek gizakiei buruz idazten du armiarma batek intsektuei buruz hitz egingo lukeen bezala”.


Highsmith gurean

Adierazpen hauek II. (H)Ilbeltza Bekaren aurkezpen ekitaldian egin zituen. Highsmithen pertsonaiarik ezagunena ere ekarri zuen gogora Txalapartako editoreak: Tom Ripley. Eta, horren harira, euskaraz argitaratu diren lanak aletu zituen, Ripleyren jokoa eta Ripley trebea eleberriak; Maria Garikanok eta Asun Garikanok itzuliak, hurrenez hurren. Bi itzulpen lan horiek Igela argitaletxeak kaleratu zituen 90eko hamarkadan. Horiez gain, Koro Navarrok Poliki, poliki haizetan narrazio bilduma euskaratu zuen 1988an, Elkar argitaletxearen eskutik.


The Blunderer, liburu hautatua

II. (H)Ilbeltza Bekan parte hartu nahi dutenek The Blunderer lanaren 29. atala itzuli beharko dute. Bekan parte hartu nahi duten itzultzaileek, beraz, Patricia Highsmithen aipatutako eleberriaren lagin bat itzuli beharko dute, zehazki 29. atala. Atal hori eskuragarri dago jada, ondoko helbidean: Baztango Udala.


Epea: ekainak 21

Lanak aurkezteko epea 2018ko ekainaren 21ean amaituko da eta, aurreko urtean bezala, Baztango Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek itzulpen laginak.

Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2018ko irailaren 15a baino lehen. Aurtengo epaimahaia Joseba Otondo Baztango alkateak, Mikel Soto Txalapartako editoreak eta Miel Anjel Elustondo aurreko urteko irabazleak osatuko dute.


Saria, 5.000 euro

Lagin irabazleari 3.000 euro emanen zaizkio hasiera batean (2018ko irailean) eta itzulpena amaitzerakoan beste 2.000 euro. 2020ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak.

Argazkia: Ulf Andersen, The New York Times.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.