Mari Xor ipuin klasikoan sakontzeko aukera

Yolanda Arrietak herri ipuinen ezagutza sakona du. Ekainean, Donostiako Udako Ikastaroetan, Mari Xor kontakizun klasikoaren irakurketa gaurkotua egingo du. Ipuinaren egitura, pertsonaien jokabidea, rolak edota harremanak aztertuko dira eta gaurko egunera ekarri. Matrikulazio epea zabalik da.

YolandaAitziber

“Geure herentziatik sorturiko maitagarri-ipuin unibertsala dugu Mari Xor”. Ikastaroaren aurkezpen orrian dator esaldia. Eta lehen esaldiaren ondoan, jardunaldiaren mamia laburbiltzen duen azalpena: “Uste dugu oraindik mami asko gordetzen duela bere barruan, bai andrazko-gizonezkoen zereginez hausnartzeko orduan, bai gizarte-egituraketaz eztabaidatzeko orduan, bai banakoaren eraikuntza lantzeko orduan, bai gure kulturaren ezaugarriak aztertzeko orduan”.


Ikastaroaren xede nagusiak

Yolanda Arrietak zuzenduko duen ikastaroak helburu hauek ditu:

- Euskal kulturako ipuin klasiko bat aztertu, XXI. mendeko gizartera ekarriz: Mari Xor maitagarri-ipuina.

- Ondare ez-materialaren (kantuak, mitoak, ipuinak) baloreetan arakatu: zerk balio digu eta zerk ez?

- Mari Xor ipuinaren egitura azaleratu eta aletu: akzio nagusiak, pertsonaien jokabidea, rolak, harremanak, espazioen sinbologia, denboraren trataera. Zerk funtziona dezake gaur, eta zerk ez?


Irudigile baten laguntzarekin

Praktikotik ere izango du ikastaroak eta, langintza horretan, Yolanda Arrietak Aitziber Alonso ilustratzailea izango du bidelagun. “Maitagarri-ipuin propio bat haurrentzako album ilustratu bilakatzeko pausoak eta estrategiak erakutsiko ditugu adibide erreal baten bitartez eta irudigile baten eskutik”.


Programa, egunez egun

Ekainak 18 astelehena

08:45 – 09:00 Dokumentazio banaketa.

09:00 – 09:15 Ongi etorria eta aurkezpena.

09:15 – 11:15 “Maitagarri propioen baloreak, gaur: zerk balio digu eta zerk ez? Azalpenak eta eztabaida”.

11:15 – 11:45 Geldiunea.

11:45 – 13:30 “Mari Xor ipuinaren barne-egitura: akzio nagusiak, pertsonaien jokabideak, irudiak, rolak, harremanak, espazioen sinbologia, denboraren trataera, gaia, sinbologia. Azalpenak eta eztabaida”.

13:30 – 14:00 Sintesia.


Ekainak 19 asteartea

09:00 – 09:15 Ongi etorria.

09:15 – 11:15 “Ahozko ondarea berpizten: album ilustratu baterako gidoia”.

11:15 – 11:45 Geldiunea.

11:45 – 13:45 “Ipuin maitagarri propio bat irudietan: pausoak eta estrategiak”.

13:45 – 14:00 Sintesia.


Informazio gehiago:

Xehetasun guztiak eta harremanetarako kontaktua, ondoko estekan:

https://www.uik.eus/eu/klasikoak-gaur-mari-xor


image_large

Hiru liburu berri begi-bistan

Yolanda Arrietak hiru liburu plazaratuko ditu udazkenean. Bizenta txiki album ilustratuarekin batera, Mari Xorren inguruko bi liburu. Klasikoak gaur: Mari Xor izenburua eramango duen lanak saiakera kutsua izango du. Mari Xor tituluarekin argitaratuko duen bestea, aldiz, album ilustratu baten tankera izango du. Hiru liburuak Denonartean argitaletxeak emango ditu argitara.

Mari Xorren inguruko liburuok plazaratu ondoren, “gazteekin landu nahi nuke ipuinean datozen hainbat gai”, Yolanda Arrietak aditzera eman digunez. “Gaur ere pil-pilean dauden zenbait gairi heltzeko aitzakia direlakoan: rolak, harremanak eta gatza (boterea)”.

Yolanda Arrietak aitortu digunez, “lan bikoitz honen helburua da geure herentziatik, herritik, jasotako maitagarri-ipuin bat gaurko jantziz bueltatzea berriro herriari. Egitura mantenduko dugu baina irudien bidez emango diogu gaurko (eta gure) ukitua”.

Estilo aldetik, bi lan ezberdin dira. Baina elkarren osagarri. “Entseguaren bidez ipuina aletu eta aztertuko dut. Eta album ilustratuaren bidez klasiko bat gaurkotzeko proposamen estetiko bat egin nahi dugu, horretan ari gara”.

Udazkenak ekarriko ditu hiru lanak. Baina ekainean Donostian eskainiko duten Udako Ikastaroan Mari Xorren inguruko lan bikoitzaren berri zehatza eta mailakatua emango dute. Hitzen bitartez Yolanda Arrieta idazleak eta irudien bitartez Aitziber Alonso ilustratzaileak. Beti ere, “hausnarketa eta eztabaida piztu asmoz”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.