“Idazleak betiko egia zaharrei heldu behar die”

Tematika aldetik eta tonu aldetik, hau izango da Xabier Mendigurenek egin duen libururik diferenteena. Orain arte, gorabehera politiko-sozialak edo sentimendu arlokoak hartu izan ditu hizpide. Bi gaiak nahastu izan ditu inoiz. “Gai klasikoak dira”, prentsaurrekoan aipatu zuenez. “Liburu honetan ez dira gai hauek agertzen. Agertzekotan, hirugarren edo laugarren maila batean agertzen dira”.

Xabier001

XabierMendiguren002

 

XabierMendiguren004

Hiru ipuin, hiru istorio batu dituzu liburu berrian. Ilun samarrak dira hirurak.

Ez dakit iluna ote den hitz zehatza. Sakonean agertzen diren gaiak ez dira alaiak, ez dira komediazkoak. Hori hala da. Bizitzaren alderdi ilunak ageri dira. Suizidioa, bizitzari zentzurik ez aurkitzea, hartu ditugun erabakiek edota gainera etorri zaizkigun kontuek ez digute bizitza atsegin bat eramaten uzten… Horrelakoak agertzen dira ipuinetan. Dena den, baieztapen horri bi baina ipiniko nizkioke: bat, tonu ilun hori dute hirurek, baina istorioak ez dira pesimistak. Argitasun puntu bat bada ipuin denetan. Eta bestetik, bestelako gaiak ere ageri dira: politika, unibertsitatea, lan kontratazioa eta prekarietatea, arte mundua… Eta azpigai horiek ez dira iluntasunez tratatzen.

Ironia dosiak ere badaude. Are gehiago, aurrekoan irakurraldi bat egin nuen eta jendeak barre egin zuen pasarte batzuekin. Ziriak eta umorezko pasarteak badira liburuan.

 

Liburuaren aurkezpenean hauxe esan zenuen: “zaintza oso presente dago ipuin hauetan baina ez dut zaintzari buruzko liburu bat egin nahi izan”. Dena den, antzeko egoeran dira hiru ipuinetako protagonista nagusiak.

Lehenengo ipuinean bada beste norbaitez arduratu behar duenik. Bizitzan milaka pertsona daude egoera horretan. Batzuk bolada batez aritu beharko dira eta, beste batzuk, etengabe. Laster ala berandu, denoi tokatuko zaigu beste norbaitez arduratu behar izatea.

 

Bigarren ipuinean, protagonistak bere buruaz beste egin nahi duen emakume bat lagundu beharko du.

Protagonistak ez daki nola bideratu bere bizitza. Zirrikitu bat aurkitu nahi du. Hori da gaia.

 

Hirugarren ipuinean, Bertak besteak entzutea du ogibide. Sakonean, galdera bat dago airean: “eta niri, nork entzuten dit niri?”.

Zaintzaren ikuspuntutik ikusi nahi bada, hala da, zaintza presente dago liburu osoan. Baina funtsean giza harremanez mintzo naiz hiru ipuinetan. Zenbateraino behar ditugun besteak; zer ematen diegun eta zer eskatzen diegun trukean; bestearen alde zerbait ematen dugunean, bestearen alde bezainbat egiten dugu gure alde… Gai unibertsalak dira. Betikoak.

William Faulknerren aipu bat dago liburuaren hasieran. Idazleak betiko egia zaharrei heldu behar diela dio. Horiek gabe istorioak hutsalak izaten direlako. Ez du zaintza hitza erabiltzen baina aipu horretan ohorea, errukia edota konpasioa aitatzen ditu. Gaur erabiltzen ez den hiztegi bat da baina sakonean gauza berberaz ari da.

 

“Tematika aldetik, hau izango da egin dudan libururik diferenteena”. Zuk esana da. Hala etorri al da? Ala horren bila joan al zara?

Hala etorri da. Ez naiz gai baten bila ibiltzen. Nire buruan, errotan jiraka dabiltzan gaiak egosten joaten dira eta honakoan halaxe tokatu da. Nire bizitzako zirkunstantziek horretara eraman naute. Bestalde, boladan den sentsibilitate berri bat bada. Eta neurri batean, horrek ere ziprintinduko ninduen.


XabierMendiguren003

“Ez nuke zaintza eta emakumea, biak lotzerik nahi”

Badira konstante batzuk liburuan. Lehena: emakumeak dira nagusi hiru ipuinetan.

Ez nuke zaintza eta emakumea, biak lotzerik nahi. Ezta zaintza emakumearen gaia denik pentsarazterik. Ez dut horrela sentitzen, inolaz ere ez. Emakume protagonisten solaskideak beste emakume batzuk dira gehienetan. Giroaren eta istorioen halako feminizazio bat badago. Baina hau ez da aldez aurretik hartutako erabaki bat izan. Idatzi ahala konturatu nintzen horretaz.


Pertsonaia bakartiak

Bigarren konstantea: bakartiak dira pertsonaiak. Egoera zail samarrean daude denak. Egoera txar batetik ateratzen edota egoera zail batetik ezin irten. Trantsizioan edota noraezean. Zama handia daramate denek.

Hori da liburuari batasuna ematen dion beste elementu bat eta, akaso, zaintzarena baino garrantzitsuago.

 

Donostia da ipuinen kokagune. Horra hirugarren konstantea.

Hala da, baina ez du aparteko garrantziarik. Kokagunea beste bat izan zitekeen eta ipuinek berdin-berdin funtzionatuko lukete.


Antzeko erritmoa, antzeko estiloa

Atal laburrez osatuta daude hiru ipuinak. Antzeko erritmoa dute ipuin denek.

Antzeko erritmoa dute, bai. Atalen zatikatzea antzeko frekuentziarekin egina dago eta horrek irakurketari erritmo jakin bat ematen dio. Eta idazkera ere antzekoa da hiru ipuinetan. Esaldiak natural irakurtzeko modukoak egiten saiatzen naiz. Irakurlea etenda gelditzen bada uneren batean, esaldi bat edo egoera bat edo gogoeta bat asko gustatu zaiolako izan dadila. Eta ez trabatuta geratuko delako, aurrera egin ezinik.


Lehen ipuina: ‘Izurdeak’

Zaintza lanetan aritzeak dakarren loturaz mintzo zara lehen ipuinean. Ardura horiek helduen kontuak izaten dira baina, kasu honetan, neska gazte bat da dilema horren aurrean aurkituko dena.

Dilema hori bi aldiz bizi beharko du gainera. Lehen aldian 20 urte zituen eta bigarrengoan 30 urte inguru. Bi erabaki hartu behar ditu. Batean erabaki bat hartuko du eta bestean kontrakoa. Konpentsazio moduan bizi du berak. Gazte zela zerbait egin zuen, erruduntasunaren zama sentitzen du eta horren ondorioz bestelako erabakia hartuko du geroago. Bizitzaz hitz egiteko aitzakia da, azken batean. Alegia: besteen alde aritzeak zentzurik ematen al dio norberaren bizitzari? Bai? Ez? Horretaz gogoeta egiteko bidea ematen du ipuin honek.

 

Konpentsazioaren logikari jarraitzen dio protagonistak. Ongiaren eta gaizkiaren arteko orekan sinisten du. Kristautasunaren logikarekin lotu daitekeena, bestalde.

Nahiz eta oinarri erlijioso bat ez izan, denok behar dugu nolabaiteko kode etiko bat. Hori ez dakit geneetan datorren edo etxean ikusitakoarekin sortzen zaigun edo norberak bere irakurketekin garatzen ote duen. Ez dakit nola den, baina uste dut denok dugula arau moral baten beharra. Eta arau horren arabera jokatzen saiatzen gara. Baina askotan tranpa egiten diogu pentsatzen dugun horri. Inor ez baita guztiz koherentea.

 

Garai batean, familia barruan kudeatzen ziren zaintza lanak. Amonek, amek edo arrebek hartzen zuten ardura hori bere gain. Hori aldatzen ari da.

Bariazio gehiago daude orain. Gero eta luzeago bizi gara eta gero eta jende gehiago behar da zaintza lanetarako. Profesionalengana jotzen da askotan edo bestela etxean egiten da zaintza lan hori. Modu diferenteetan bizi da.

Une jakin batean, ipuin honetako protagonista Frantziara joango da eta han semeaz arduratu behar duen gizon zahar bat ezagutuko du. Zaharrak beste lasaitasun batekin bizi du zaintza lana. Gai edo problema berberari heltzeko bi modu ikusten dira ipuinean. Gazteak ikusiko du zer galtzen ari den bizitzan. Gizon helduagoa konformistagoa ageri da, hau da daukadan bizitza, hau da tokatu zaidana eta onartzen dut esanez bezala.


Bigarren ipuina: ‘Neguko hondartza’

“Neguko hondartza habitatzen duten izaki bakarti horietakoa naiz ni”, hala dio Edurnek, Neguko hondartza ipuineko protagonistak. “Hondartzako hondarrak asmo artistikoz berrerabili nahi lituzketen sortzaileen azpitaldekoa”. Emakume misteriotsu bat ezagutuko du. Bi txakur ditu emakumeak, Simone eta Violette. “Simone de Beauvoir eta Violette Leduc idazleak bezala, badakizu”. Ez genuen Violette idazlearen berri.

Duela hiru urte Violette izeneko filma estreinatu zen eta orduan izan nuen Violette Leduc idazlearen berri. Idazlanak erraietatik ateratzen zitzaizkion. Oso sutsuak eta oso pasionalak ziren bere idatziak. Bizimodu nahasi samarra omen zuen. Simone de Beauvoirrek lagundu egiten zion; dirutxo bat ematen zion bizi zedin eta idazten jarrai zezan. Ipuina idazten ari nintzenean ikusi nuen pelikula. Maiz, parean tokatzen zaizkizun kontuak baliatzen dituzu. Halaxe tokatu zen eta ipuinerako erabiltzea erabaki nuen.

 

Emakume misteriotsua bere buruaz beste egiten saiatuko da baina Edurnek eten egingo du saiakera. “Neure burua salbatu nahi nuen, neure burua erreskatatu”. Ez dago oso argi nork salbatzen duen nor.

Bizitzari zentzurik aurkitzen ez dionak lagundu egiten dio beste norbaiti, eta ez dakigu benetan mesede egin dion ala ez. Dena den, norberak bere alde egiteko modu bat izan daiteke besteen alde egitea, ezta?


Hirugarren ipuina: ‘Zu entzuteko gaude’

Hirugarren istorioa da berriena. Bertak, protagonistak, itxaropenaren telefonoan egiten du lan.

Ipuin honetan agertzen diren istorioak oso tristeak dira. Ironia moduan, Pagotxaren erresuma izena ipini nion ipuinari. Maialen Lujanbiok prostituzioaren inguruan kantatu zuen Txapelketa Nagusian eta, bertso batean, pagotxaren erresuma-rena bota zuen. Ipuina idazten ari nintzen egun horietan eta izenburu hori jartzea erabaki nuen: Pagotxaren errresuma. Handik denbora batera, lagun batzuei pasa nien ipuina baina ez zuten Maialenen bertsoa gogoan eta izenburuak ez zien ezer esaten.

 

Horren aurrean, “Zu entzuteko gaude” izenburuarekin ordezkatzea erabaki zenuen.

Hala da. Ipuinari batasuna ematen dion ideia bat delako.

 

Berta bakarrik bizi da. Gogaitua dago, depresioak jota bezala.

Garai bateko harreman batetik ihesi dabilelako akaso. Itxi gabeko zauri batzuk dituela dirudi, baina pertsonaiari zer gertatzen zaion ez kontatzea erabaki nuen. Iradokizun batzuk egiten dira ipuinean baina ez dut xehetasun handirik eman nahi izan. Irakurle bakoitzak imagina dezan.


Komunikazioa-inkomunikazioaren talka ageri da, bete-betean.

Ez dakigu Bertaren arazoa zein den. Entzungo dion inor ba ote duen inguruan, korapilo bat askatzeko ezintasuna ote duen… Hala da, bai: komunikazioaren eta inkomunikazioaren arteko talka oso presente dago ipuin honetan.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.