eta amaitzen jakin

Patxi Zubizarretak laugarren iritzi artikulua ekarri digu Sinadurak atalera: eta amaitzen jakin.

guardasolarena

Dickens edo Stevenson bezalako kontalari petoa dugu Roald Dahl idazle galestar ahantzixea. Luis Berrizbeitiak itzulitako Ixtorio hautatuak irakurriz gero, ziur egon berriro ere sentituko duzula haur denborako lehen irakurketen zirrara eta plazera. Guardasolaren gizona dut bereziki gogoan: ama-alaba batzuk Londresen barrena zebiltzala, bat-batean euria zarra-zarra hasi zuen. Ezustean, gizon adineko bat hurbildu zitzaien: barkatzeko, diruzorroa etxean utzia zuela eta ea bere aterkiaren truke libera soil bat emango zioten. ‘Nekatua nago eta diru horrekin taxiz etxeratu naiteke’. Hasierako mesfidantza gorabehera, ama zetazko guardasolarekin geratu zen eta gizon dotorea euripean arinegi alde egiten ikusi zuten. Zerbaiten susmoa izaki, orpoz orpo jarraitu zioten, nora eta Lehoi Gorria izeneko pub bateraino. Taxirako omen zen dirua whiski batean xahutzen bistatu zuten orduan. Eta gizona badator ate aldera atzera, eta hara non, ezker-eskuin begiratu ostean, sarrerako guardasol ontziko euritako bustien artetik, gizonak bat hartu, eta ziztuan irten den kanpora…!

Liburu bereko Zorioneko aukera —Lucky Break— ipuin autobiografikoan, Dahlek idazle-gai-ontzako zazpi aholku utzi zizkigun, Irati Jimenezek Aiztoa eta arkatza liburu pizgarrian jasotakoen antzera, baina agian zortzigarren bat ahatzi zuen, hau da: amaitzen jakitea. Eta, egia esatera, nago Guardasolaren gizona ipuinak azken paragrafoak soberan dituela: ama-alabek, beren buruak aterkian ezkutaturik, guztia dandy itxurako gizonaren jukutria zela ondorioztatu zuten, eta laster salduko zuela guardasol lapurtua beste taberna batean sartzeko…: ‘Hori iruzurgilea, hori! Gau guztian ibil liteke horrela, seguruenik gauero otoitz egingo du euria egin dezan!’. Dahlek sobera luzatu du amaiera, hausnarketa lapurtu dio irakurleari.

Guardasolaren antzera, liburua eta botila ardoa gutxienez bi lagun elkartzeko eta babesteko lagungarriak zaizkigu, esaterako oraindik erabat joan ez zaigun negu luzea jasateko. Baiki, negu gorria nozitu behar izan dugu aspaldi luzean, eta badirudi aldi edo aro berri baten atarian gaudela, baina honen amaiera irudikatzen hasteko, Dahlen lehen gomendioa izan dezakegu gogoan: «Irudimentsua izan behar duzu». Azken batean, amaiera guztiak zerbaiten hasiera ere bai baitira. Eta fini.

This entry was posted in Albisteak, si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.