‘Gaumin’ argitaletxe berria Durangon egongo da

Gaumin argitaletxea sortu berri du Fernando Morillok. Oraingoz berak idatzitako lau libururekin hasi dute bidea eta Durangon jarriko duten stand-ean egongo dira salgai. Morillori berari egin diogu elkarrizketa, argitaletxe-proiektuaren nondik norakoak zehaztasunez ezagutzeko.



Funtsean, zergatik sortu da Gaumin?

Gaumin oso-oso aspaldiko ametsa da. Funtsean, hiru zergati ditu, hiru arrazoi nagusi:

Lehena, sormenari lotua da. Zenbait gauza bestela egin zitezkeela iruditzen zitzaidan, baina ideiak proposatzeko orduan denetariko “mugak” jasotzen nituen: ezin da egin, zaila/garestia da, idazleek idatzi egin behar duzue, eta ez besterik… Zeure “umea” zaindu nahi duzu, baina haren inguruko sormen-erabaki garrantzitsu ugari beste batzuen esku daude. Eta emaitza ez da izaten, askotan, zuk nahi zenukeena. Gehiegitan, beste era batean jantzi nahi nituen nire “seme-alabak”.

Bigarrena: kultur industriak sekulako beldurra die teknologia berriei. Istorioak sortzeko makina bat modu desberdin ari dira sortzen gaur egun… baina ohiko bidetik ideia diferenteak proposatzen badituzu, denbora luuuuuzea joango da ezer egin ahal izateko, eta ziur asko ez da izango hasieran nahi zenuena. Horretaz gain, harreman estua dut irakurle askorekin: isil- eta ozen-oihuka aldarrikatzen ari dira beste era bateko lanak, edota lanak aurkezteko beste era batzuk. Niri neuri ere iruditzen zitzaidan une honetan geldirik egotea hilik egotea zela. Halabeharraren olatua aurrean dugulako, eta, edo egoki surfeatzen dugu (eta bide batez goxatu!), edo ito egingo gara. Esperimentatzeko garaia da.

Hirugarrena duintasuna, sortzaile gisa. Ez dut gustura ikusten nola dagoen antolatua sistema. Sortzaileak aukera gutxi du bere obra lantzeko… eta zer esanik ez haren fruitua jasotzeko. Hor zenbait gauza alda daitezkeela (eta aldatu behar direla) iruditzen zait. Eta posible dela erakutsi nahiko nuke. Hurrengo galdera batean zehaztuko dut hobeto kontu hori.

Argitaletxeen eremuan aldaketen beharra ikusten duzu? zertan?

Argitaletxeak mugitzen ari dira… baina oro har oso poliki (salbuespen politak salbuespen!). Polikiegi. Etorkizunak irentsi egingo ditu. Krisi ekonomikoak guztioi eragiten digu. Ados. Baina horrexegatik ere hobeto dantzatzen saiatu behar genuke.

Esate baterako, nire “eremu” kuttunari dagokionez (gazte literatura euskaraz), irakurle gazteentzat guretzat baino garrantzitsuagoak dira irudiak, interakzioa, diseinu deigarria, mugimendua, bideoak, digitalizazioa, sare-sozialak… Euskal irakurle gazte gehiegik aitortzen dutenez, erdaretara lerratzen dira askotan, han liburu eta istorio ikusgarriagoak, biziagoak edo hurbilagoak aurkitzen dituztelako. Hori entzuteak kezkatu egiten nau, min egiten dit eta amorrutan uzten nau.

Guk ere egin ditzakegu horrelako liburuak! Horrelako “gozokiak”. Eta baita bestelako batzuk ere. Gogoratu behar da horixe izan daitekeela geroaren hazirikindartsuena. Hordago egiteko une perfektua da: gogoa eta ilusioa jarrita, eta beldurrak alboratuta, txikian ere sekulakoak sor daitezke orain! Beste aldean dagoena da onartu ezin dudan jokamoldea: kexuka eta ostrukarena egiten aritu… ito arte.

Durangoko azokan izango zarete ezta?

Abiatu bakarrik egin gara, baina Durangon gure standa izatea nahi izan dugu. Txoko goxoa diseinatzen ari gara, hurbiltzen diren irakurleek lan bakoitzean jarritako maina, mimoa eta maitasuna senti dezaten. Etorkizun hurbilean ideia desberdin eta ausart batzuk garatzen saiatuko gara. Izugarri ikasi dugu azken hilabeteotan, eta asmo osoaren zatitxo bat baino ezin izan dugu egin orain. Datozen hilabeteak proba garaiak izango dira. Hanka barruraino sartzeko. Eta, tarteka, bete-betean asmatzeko.Ez gara proba egiteko gosez geratuko.

Nolako lan erritmoa/zabalkundea izango da argitaletxearena?

Erritmoari dagokionez, udazkenean bost liburu atera nahi genituen, baina azkenean lauizan ditugu prest. Ez dugu urtean 40 titulu ateratzeko asmorik. Ongi, mimatuta, eta goxatuta atera nahi ditugu lanak.Eta irakurleari hori guztia sentiarazi nahi diogu. Udaberrirako bizpahiru liburu gehiago argitaratu nahi ditugu, seguruenik beste idazle batzuenak. Datorren udazkenean beste hainbeste. Eta batetik bestera, edizioak osatzen eta aberasten jarraitu nahi dugu.

Zabalkundeari dagokionez, aukera bat baino gehiago izango dituzte irakurleek. Hasteko, on-line denda.Paperezko bertsioak eta digitalak (digital aberastuak, gainera; ez testu hutsezkoak). Beste alde batetik, oraingoz gazte literatura dela kontuan hartuta, eta ikastetxeetan lantzeko material interesgarria dugunez (eta are interesgarriagoa eta desberdina izango dugu laster!), eskoletara zuzenean ere joko dugu. Noski, ohiko dendetan egongo gara, eta horretarako Bitarte banatzailearekin egingo dugu lan.

Zer garrantzia izango du Internetek?

Erabatekoa. Hori bai, borroka ederrak izaten ari gara Sareko iratxoen bihurrien aurka! Bat-batean webgunea ez da euskaraz agertzen, edo zeharo desarmatzen zaigu atal osoren bat, edo… auskalo. Eskerrak burugogorrak garen eta amore emango ez dugun! Apurka, xehetasun horiek guztiak findu eta mendean hartu ahala, handituz joan nahi dugusarearen garrantzia.

Asmoei buruz webgunean jarri dituzuenak begiratuta, haur eta gazte literaturan jarri duzue arreta handia. Hori da lehentasuna?

Bidaia luze bati heltzeko modu on bat iruditzen zait ezagunetik abiatzea. Haur eta gazte literatura izan da urte askoan nire gunea (ziur asko, betiko izango da). Oso gogoko dut gazteen mundua, haien ilusioak, borrokak eta ezinak islatzen saiatzea. Edo haurren ametsetan igeri egitea. Egia esan, lehentasuna baino gehiago, abiapuntua da. Baina,aldi berean, esango nuke gazte literatura beti izango dela Gaumin argitaletxeko zutabe nagusietako bat. Euskal Herrian, haur literatur aberatsa dugu. Heldu literatura, antzera. Baina gazte literatura ez hainbeste. Gure ustez, badago egitekoa esparru horretan. Proiektu desberdin eta motibatzaile batzuk osatzen joango gara datozen hilabeteotan, eta “liburu” kontzeptua ahal bezainbeste zabaldu nahi genuke. Gazteak harrapatu eta ilusionatu nahi ditugu.

Ondo bidean, haur eta heldu literatura ere etorriko dira, ez oso luzera (istorio txikiz, mitologia basatiz, krimen bortitzez eta erotismoiradokitzaile nahiz gordinez beteriko liburu batzuk osatzen nabil orain… :-)). Baina, esan bezala, lehenbizi tipi-tapa, pausoz pauso. Tontor urrunenetara iristeko modurik egokiena.

Edizioa idazlearekin zaintzeko konpromisoa azaldu duzue. Baten batek esan lezake idazleak ez duela zertan kontu horietaz askorik jakin… zer da bilatzen duzuena maila horretan?

Izango da noski ezer jakin nahi ez duena… baina bagaude ahal bezainbeste jakin nahi dugunak eta dakiguna erabili nahi dugunak.
Idazleari sormen-bide gehiago eskaini nahi dizkiogu Gauminen: edizio-jokoak egiteko aukera, barruko irudiak, maketazioa, azala… eta baita bideoak, liburu digitalak, musika, audioliburuak… Guztioi elkarrekin(idazle, diseinatzaile, irudigile, bideogileei…) bururatzen zaigun dena aztertu, eta gauzatzen ahalegindu!

Adibidez, liburu digitalak nola aberastu daitezkeen aztertzen gabiltza orain, “friki” batzuen laguntzarekin. Ea zerbait interesgarria lor dezakegun. Literaturaren jolas-esparrua handitu nahi dugu. Sortzaileari baliabide gehiago eman, eta haren ahotsa entzun. Istorioak irabazi baino ezin du egin horrela.

Idazleak jasoko duen dirua aipatu duzue ere. Zer nolako tratua egingo duzue idazlearekin?

Ez zitzaidan gustatzen zer zegoen… baina ez omen zen besterik. Ezin omen zen ia ezer aldatu. Halabeharrez?

Gauminen hilabete luze batzuk eman ditugu kontu horiek aztertzen, aurretik entzundako arrazoien “ezinbestekotasuna” neurtzeko. Aldatu egin daitezkeela diogu, eta egin daitekeela frogatu nahi dugu. Hitz-jolas txiki batez esateko: probatu, frogatzeko. Gauminek hiru ahalegin egingo ditu horri dagokionez:

Bat: egileari dagokionaren ordainketa urtean bitan egingo dugu (gutxienez!). Egileak, askotan, denbora izugarri luzea egon behar duelako salmenten kitapen zatitxoa jasotzeko. Aldaketa hau txikia iruditzen zaigu, baina oso garrantzitsua.

Bi: ohiko salmenta dagoenean, zaila da zenbakiak aldatzea. “Sistemak” irensten du zatirik handiena. Baina ohikoa ez da salmenta bide bakarra. Hasteko, salmenta zuzena dago (Durangon bertan, adibidez): hor, Gauminek dexentez gehiago eskainiko dio egileari.Ahal badugu, normalean eskaintzen dena bikoiztuko dugu.

Hiru: beste alde batetik, eskubide digitalen kontua dago: kasu gutxi batzuetan izan ezik, zeharo lotsagarria da aurkitu dudana.Liburu elektroniko garestiak eta egileentzat hutsaren hurrena (% 15a!). Liburu digital gehienek askoz merkeagoak izan behar lukete (5 euroren bueltan), etaegileak normalean jasotzen duenaren bikoitza behar luke, edo hirukoitza! Oraingo errealitatea, zoritxarrez, hortik urrun dago. Aipatzen duzunean, gainera, ez gutxitan txantxetan ari zarela uste dute, edo burutik jota zaudela. Gauminen errealitate hori kontuan hartzen ahaleginduko gara, ahal bezainbeste eta ahal bezain azkar: liburu digitalak 5 eurotan jarriko ditugu (ahal bada, merkeago), eta egileari ahal bezainbeste ematen saiatuko gara (ahal bada, erdia edo gehiago).

Argitaletxea sortzearena autoedizioa egiteko beste modu bat izan da?

Ia-ia esango nuke beste modu bat baino, datorren modua dela. Etorkizuna argitaletxe txikiz josita ikusten dut. Ideia berriak erabiltzen ausartuko direnak.

Egile gisa, jakina, sekulako askatasuna irabaztea espero dut: askoz-askoz hurbilagotik zaindu ahal izan ditut nire azken lanak. Are gehiago, horiek egiten izugarri ikasi dut, eta hori guztia hurrengo liburuetan erabiltzea espero dut.

Alegia, zeure liburuak horrela lantzean, atzeraelikadura zoragarri batean sartzen zara: bide berri bati ekiten diozu. Irabazitako esperientzia eskerga hurrengo bide berrietan erabili dezakezu urrutiagora iristeko… eta esperientzia gehiago irabazteko. Eta abar.

Autoediziorako baino gehiago, datozen borroka berri guztietarako prestatzen joateko modu gisa ikusten dut. Lehia horretan, lehen lerroan egon nahi nuke, neure eskuzzulatutako lubakian(lankideen ezinbesteko laguntzarekin, noski!): irudiekin jolas handiagoak, gustuko azalak eta diseinuak, audioliburuen aukerak, edizio elektroniko interaktiboak eta biziak, bideoak, soinuak… hainbeste dago egiteko! Eta egin nahi dut.

Oraingoz zure lanak argitaratu dituzue soilik. Egile gehiagoren lanak argitaratzeko asmoa duzue, zein izango da irizpidea?

Egile gehiago argitaratzeko asmoa dugu, noski! Arrazoi sinple bat dago hasieran nire lanak soilik izateko: esperimentu pertsonala da. Neure buruarekin egin nahi nuen proba, ikusteko zer dagoen. Zer alda daitekeen eta zenbateraino. Zer sor eta eskaini daitekeen benetan. Sortzaileari eta irakurleari.

Irizpideak? Nagusiena, bide berriak egitekoprest egotea. Prest egotea betaurrekoak eta itsasontziak aldatzen ausartzeko.Prest egotea irakurlejaioberri, gazte nahiz zaharren gogo, segurtasun, desira, jakin-nahi, uste, irrika, ideia, amets, laƱotasun, min, suhar eta sinesmen guztiak zalantzatan jartzen, gainazpikatzen eta berpizten laguntzeko. Irakurle oroirakurri “behar” izatetik, irakurri “nahi” izatera eraman nahi izatea.

Aurkeztuko dizkiguzu lehen nobedadeak?

Oraingoz lau dira. Bosgarrena bidean da. Guztietan ere, edizioa zaintzen ahalegindu gara(eta hala ere oso merke uzten). Azaletik bertatik ikus daiteke (bereziki deigarriak), barruko irudiak eta informazio osagarria (inspirazio iturriak), liburu-trailer batzuk daude Interneten (laster gehiago), gehienek audioliburua dute dagoeneko (ahots eta musika ederrez osatuak), berehala izango dira liburu elektronikoak…

Pertsonaien adinaren arabera ordenatuko ditut:

1- Marko panpinak trapuzko amets. 8 urtetik aurrerakoentzat… baina zenbait helduk bereziki gustatu zaiela esan didate.:-) Panpina bati buruzko istorio abenturazale-samurra da. Koloretan dago, eta oso irudi ederrak ditu (Iban Izagirre marrazkilari gazteak eginak). Bereziki zaindu dugu edizioa, txikien arreta eta gogoa harrapatzeko: jolasak letrekin (pertsonaia bat hankaz gora dagoenean, haren hitzak ere hankaz gora daude…), koloreekin, irudiekin eta formekin… Istorioari dagokionez, Markok nahasia du bihotza. Begi bat falta zaio… eta iruditzen zaio bigarren begia aurkituz gero, nahasmenak argituko zaizkiola. Begi horren bila, lagun berezi batzuk aurkituko ditu bidean: Ilargi Dama bera, hegan egin ezin duen arranokumea, hankaz gora dagoen Toka Dortoka… Beste era aberasgarriago batean begiratzen ikasteko.

2- Izuaren Pasabidea. 13-14 urtetik aurrera… gutxi gorabehera; 12 ere izan daiteke, izaeraren arabera, edota 17.Gustu kontuak! Abenturaz beteriko liburua da… eta bazterketaz eta adiskidetasunaz ere aritzen dena. Irakurle gazteek “magia” eta “beldurra”eskatu didate askotan. Eta niri neuri ere gustatzen zaizkidanez, hortxe dituzue. Protagonistatako bat Tanzaniako albinoa da. Afrikako gune horretan, oso modu bortitzean hiltzen dituzte halakoak, sorginkeriatan erabiltzeko. Beste protagonista bat 400 urteko neska “gaztea” da, zaildua eta gogortua. Pertsonaien arteko adiskidetasun eta korapilo sentimentalen aitzakipean, askatasuna eta leialtasuna aztertzen dira. Magiarik indartsuenak baino gehiago nahas dezakeelakobihotzak.

3- Deabruaren letaginak. 15 urtetik aurrera… betiere gutxi gorabehera. 40rekin ere gustura irakurriko nuke nik. :-) Bost ipuin dira. Gehienak gure egunerokotasunetik abiatzen diren istorioak dira, bat-batean deabruaren ukitua azaltzen zaiena. Umorea dute (gehienetan), erotismo apur bat, fantasia ironikoa eta giro mitologikoa. Izaki mitologikoak gauean, errealitatean eragiten duten marrazkiak, inbokazio diaboliko dibertigarri bat, aingeru “perfektu” baten ingurukoak, Jesukristoren bila joaten den beste tipo baten istorio sarkastikoa… Denbora-pasa nahi duenak, izango du goxatzeko aukera. Gehiago nahi duenak (eta nire estiloa gogoko duenak, noski), izango du zertaz pentsatu.

4- Hildakoei esker eta haien erruz. Aurrekoaren modukoa, 15 urtetik aurrera… gutxi gorabehera. Lau ipuin dira. Irakurle askok (bereziki gazteen artean) istorio ilunak eskatzen dizkidate. Bortitzak. “Nazkagariak” eta gizakion “itzalez” beteak. Hona hemen horrelako batzuk. Gogorrak. Metalezkoak eta odolezkoak. Artearen izenean egin daitezkeen bortizkeriak, familia sekretu ilun bat, hiltzaile afizionatu bati buruzkoa, eromenaren eta maitasunaren inguruko ipuin basati bat… Bilatzen denaren arabera, ipuin “deserosoak” edo busean irakurtzekoak.

Dastatzen duzuena dastatzen duzuela, on egin!

Informazio gehiago:

www.gaumin.com

www.fernandomorillo.eu

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>