Kresal usaina Bilbo Zaharra euskaltegiaren ikasturte amaieran

Bilbo Zaharra euskaltegikoek Klasikoen irakurketa jarraitua antolatu dute hamaikagarrenez. Aurten, Txomin Agirreren Kresala liburua hautatu dute. Ekainaren 7an egingo da irakurketa, Bilboko Arriaga antzokian.

kresala

Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque. Horiek izan dira orain arte boz altuan irakurri dituzten liburuak. Aurten, Txomin Agirreren Kresala batuko da zerrenda honetara.

“Zer irakurri erabakitzeko orduan, lehenengo lau edizioetan, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu genuen”, Bilbo Zaharra euskaltegikoek aditzera eman dutenez. “Hots, XVI. mendeko liburu batekin hasi, XVII. mendeko beste batekin jarraitu, XIX. mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu genuen. Hiru jauzi izan ziren: bi ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat berrogeita hamarrekoa, euskal literaturaren historian barrena”.


Irizpide aldaketa

Azkenengo edizioetan, aldiz, bestelako irizpidea jarraitu dute. “Zergatik panpox-en kasuan, emakumezko literaturaren aitzindari izan zelako; Obabakoak-enean, urte hartan argitaratu zeneko 25. urteurrena ospatzen zelako”. 2015. urtean, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak ipuin liburua irakurri zuten eta 2016ko edizioan Franz Kafkaren Metamorfosia. Era horretan, “itzulpenaren balioa eta garrantzia nabarmendu eta aldarrikatu nahi izan genuen”. Anton Garikanoren itzulpena hartu zuten ahotan.


Aurten, Euskaltzaindiaren omenez

Iaz, “estereotipoetatik ihesi, gaur egunera etorrita eta euskal literaturan emakumezkoen protagonismoa aldarrikatuz”, Itxaro Bordaren %100 Basque liburua hautatu zuten irakurketa-jairako. Aurten, “bizkaieraren garrantzia azpimarratuz eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak ospatuz, Txomin Agirreren Kresala izango dugu protagonista”, Bilbo Zaharra euskaltegikoek aditzera eman dutenez.


400 bat irakurle

Ekainaren 7ko irakurketa publikoak hamabi orduko iraupena izango duela aurreikusi dute. “400 irakurle, 50 euskal etxe, eragile sozialak… irakurle eta entzule, guztiok gonbidatuta zaudete literatura eta euskara batzen duen jai honetara”.


Klasikoen irakurketa jarraitua

Gero (1643)

Peru Abarca (1802)

Haur besoetakoa (1959)

Hamaika pauso (1995)

Zergatik panpox (1979)

Obabakoak (1988)

Harri eta herri (1964)

Narrazio guztiak (1990)

Metamorfosia (1916)

%100 Basque (2001)

Kresala (1906)

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.