ERREMENTARIAREN EUSKARA ARROTZ ETA EZINEZKOA

errementari_herrero_diablo_poster

Oharra: Errementari euskal literaturaren ipuin tradizionala denez gero, hemen jorratuko dugu oraintsu estreinatu den izen bereko pelikulako euskeraren gaineko hainbat ikuspuntu. Hortaz, euskal “filologiakeriek” aspertzen baldin bazaituztete hobe duzue honako hau ez irakurtzea.

Errementari filmeko ustezko Arabako euskarari buruz galduta zera erantzun zuen Paul Urkijo zuzendariak pelikulan erabiltzen diren adizkien kontura:

 “Nire zalantzak agertu nizkion, batez ere aditzari zegozkionak (Gamizen aditzak urriak ziren, ni logikaz hasi nintzen hutsuneak betetzen, Olaztiko aditzekin osatzen, asmatzen… txapuza samar).”

 Bai, txapuza ikaragarria eta batez ere ulergaitza.

1.-Olaztiko aditzak erabili Arabako euskararen traza filmekoari ematearren -edo Koldo Zuazok honen kontura azaldu bezala gertuko Urdiaingoak? Nongo euskara da Burundakoa? Luis Luziano Bonaparte printzearen uste okerretan Gipuzkeraren aldaera bitxi bat. Zuazoren euskalkien banaketa berriaren arabera nahaste-borraste bat. Baina Araban egiten zenak ba al du zerikusirik Burundakoarekin, Ez, Araba osokoa mendebaldeko euskara da, baita Burunda ondoko Arabaren ekialdeko herrietan egiten zena, Araian sortua zen Julian Garcia de Albeniz abadearen izkribuan ondo asko antzematen denez, non adizki gehienak mendebaldekoak diren: “dot, deuztala. , dauzen, deutzat” (naiz eta textuan orokorrak edo ekialdekoak behintzat diren beste adizki batzuk ere agertu: “dut”,”zera”, “diozu”, “dichdala”…) Are zehatzagorik, Araiakoaren euskara horrek Oñatikoaren traza du, eta gaur egungoko Oñatikoarena baino gehiago 1805 urtean Manuel Umerezek erabilitakoarena: “apelaiten dot, etregaitera noa, acabaiten nau, zeben, barcaquetaco, zazun… Araia Arabako ekialdearen ertzean dago, hau da, Burundaren ondo-ondoan. Baina Araia hiriburu deneko Asparren udalerri osoan toponimia gehienak ondo asko erakusten du bertan ez oso aspaldi egiten zen euskara mendebaldekoa zela: Urisoro, Etxabarri, Mentoste, Askartza, Solabarri eta abar eta abar. Burundako euskal toponimia osoa ekialdeko da ordea bertako euskarak mendebaldekoaren eragin handia izanagatik. Bestalde, badago ezaugarri oso berezi bat Arabako ekialdearen ertz horretan, esan genezake hizkera hain mendebaldekoa ez zela, hau da, mendebaldeko euskararen bustidura eza, edo bestela esanda, zonalde honetan “naz, atx, aretx, elexa eta abar” topatu beharrean orokorrak edo gutxienez ekialdekoak diren “naiz, (h)aitz, (h)aritz, eliza eta abar ditugu, Lazarragaren euskaran ez bezala, baina bai ordea atzo eta gaurko Oñatikoan. Zergatik orduan Burundako euskarara jo aspaldiko Arabako ekialdean antzina egiten zen euskararen adizkiak asmatzeko eta ez Araban egiten zenarekin lotura zuzen eta ukaezinak, aspaldiko hainbat testutan zein gaur egun arabarren euskal jatorrizko hitz askotan ere, zituen/dituen Oñatiko euskarara jo beharrean.

 

Bestalde, pelikula Arabako Mendialdean kokatuta dago, baina bertan oso zonalde “txipi” batean baizik ez da suertatzen Lautadan bertan, hots, Aguraindik Nafarroako mugaraino hedatzen den “bustidura eza”: Arana haranean. Gainerako mendialdean, eta Arabako ipar eta erdialdean bezala, hitzen bustidura nagusi da, baita pelikulan azaltzen den Korres herriko (Santa Cruz de Campezo antzinatik erromantzaturik omen dago, beraz, ia ez dago euskal toponimiarik) toponimian ere: “Atxarte”, “Elexoste”, “Aranbaltza”, “Ullibarri” eta abar.

 

Halaber, Urkijo zuzendariak mendialdeko Sabando herriskan/ergoienean jaiotako Bautista de Gamiz Ruiz de Oteo abadearen poemetan ere oinarritu direla dio. Gamiz Iruñean bizi zen aspalditik, bere olerkietan ondotxo antzematen dezakegu Iruñerriko euskararen kutsua hainbat hitzetan: “nauzute”, “naizla“, “carricatic”, “guciac”, “fite”, “”vecala” (bezala), “chiquiain”. Halere, testuan nagusi dira bere sorterriko mendebaldeko euskararen aztarnak adizkietan zein hitzetan: “ifini”, “nauco”, “uleac”, “duztazu”, “dust”, “bategas”, “espadagos”, “alcarregas” eta abar. Eta egon badaude ere Arabako beste antzinako hainbat testuetan baino azaldu ez diren beste bitxikeria batzuk “zaode”, “daode”, Laduncchiok XVI mendean Gasteizen bildutako hiztegian bezala, edota “du”, “duzu”, “due” adizkiak, Landucchion hiztegian, Arabako Zigoitian bailaran, Errioxako San Millaneko glosetan eta Garcia de Albenizen idatzian zein Lazarragarenean behin edo birritan azaldu bezala, mendebaldeko euskararen eremuko lekukoak izanda ere. Edozelan ere, Arabako lekuko idatzi guztietan inon agertzen ez direnak –eta beti aintzat hartuta Martin Portalen olerkiaren euskara Nafarroako Amezkoa inguruetakoa omen dela, eta ez Arabako Peñacerrada-Urizaharra aldekoa, Endrike Knorrek aspaldi proposatu bezala- Burunda aldeko adizki benetan bitxiak dira, esaterako: “derot”, “dea”, “duka”, “zoon”, “dezubei” eta abar.”

 

Gauzak horrela, galdera bertsua edo berbera: Zer dela eta mendebaldeko euskarari muzin egin diote? Edo are zehatzagorik esanda: Zergatik Lazarragaren euskera, hau da, Arabako erdialdeko eta euskara, eta seguru asko gaur egun Debagoienean egiten denaren sorburua, bazter utzi duten ia hutsetik euskalki guztiz arrotz eta ezinezko bat asmatze aldera? Ulertuko nukeen antzerako pelikula bat Erronkariko “üskaz” edo Arabako Zigoitiko “eskueraz” errodatzea nolabait ukitu exotikoa emate aldera; baina ia ezerezetatik eta gainera okerreko abiaburuez, ez du ez buru, ez buztanik. Hortaz, txapuza galanta, bai. Edonola ere, funtsezko, ganorazko galderak honakoak dira; hau guztiau premiazkoa al zen? Zergatik ez al dute Arabako gaur egungo egiazko euskaraz egin, hau da, ikastoletako batueraz zein benetako hiri hizkeraz? Zergatik ahozko batuera landu edo duindu beharrean, aspaldi Goenkale telesaioan egiten saiatu ziren bezala, hau da, nazio edo gutxienez kultura hizkera bat sendotze aldera, kontrako bideari ekiten diote hainbat eta hainbat euskal sortzailek edozein euskalki berez eta guztiz jatorragoa, autentikoagoa, delakoan, hutsetik asmatuta baldin bada ere?

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.