NIK MORALAREN GAINEAN DAKIDAN ORO FUTBOLARI DIOT ZOR

nic3b1os-jugando-fc3batbol

Ulertzen dut zenbait jendek futbola gustuko ez edukitzea, noski. Baina, mesfidatzen naiz printzipioz futbola gustatzen ez zaiela herri xehearen opioa edo delako esaten dutenetaz, hots, ez dutela atsegin jendetzaren kirol nagusia delako. Ageri zaie, oso, jendetza horrenganako, jende xehearenganako egia esan, destainak eragiten diela euren kontrako jarrera, euren iritziaren atzean elitismo nazkagarria ezkutatzen dutela, bederen euren burua elististatzat hartzeko asmoa. 
 
Alabaina, guztiz nazkagarriagoa begitantzen zait euren arbuioa zuritzeko edo beraiek oso bestelako kirol ustez fin edo duinagoak gogoko dituztela diotenean, esaterako, rugbia, hau da, rugbia futbola baino hamaika bider dotoreago edota jatorragoa delakoan, batik bat haiek bezalako eta ustezko jende txit dotore eta benetan jatorrak adeitsu jokatzen duelako. Behin baino gehiagotan ere nazka baino pena ematen didate, ezer ez dakitelako, are ezer jakin nahi ez dutelako. Ez daude gertu, ez, euren aurreritziei aurre egiteko, gehienetan lar estimatzen dituztelako; badakizue, funtsean gure aurreritziak gara eta. Izan ere, maiz ere geure nortasuna aurreritzien bitartez osatzen dugu eta.
 
Badira futbolari buruz, kirolaz handi-handizka, ez dakizkiten oinarrizko gauzak. Besteak beste oso ezaguna den esaera xelebre hau: “futbola arlote edo bilauek jokatzen duten zaldun kirola omen da, eta errugbya zaldunek jokatzen duten arlote edo bilau jokoa”.
 
 Eta ondo asko jakinda ere, futbola eta beraren zaleak mesprezatzen dituzten asko eta askok euren burua gizon fin eta ikasitzat dutela, hots, ustezko zaldunak edo, hona hemen ere nire aburuz egiazko gizonezko fin eta ikasiaren eredua omen zen Albert Camusen hitzok: Ce que je sais de la morale, c’est au football que je le dois. Eta Camusen aipu txit famatua nolabait mamitzearren edo, bihoa ere hurrengo aipamen xamurrago hau: 
 
“J’ai appris que le ballon n’arrive jamais par où on croit qu’il va arriver. Cela m’a beaucoup aidé dans la vie, surtout dans les grandes villes, où les gens ne sont en général pas ce qu’on appelle droits. Il apprit aussi à gagner sans se prendre pour Dieu et à perdre sans se trouver nul, savoirs difficiles. Il apprit à connaître quelques mystères de l’âme humaine.” Albert Camus.
 
Hala ere, aitortu beharrean nago, niri zer arraio axola behar didan gainontzekoek futbola gustuko ala ez izateak. Batere ez esan nezake, noski. Baina, hala eta guztiz ez litzateke egia, Camusek uste izaten zuen jokalariek futbol zelaian euren nortasuna erakusten zutela, jokoan bizian bezala egiten zutela. Niri aldiz antzeko zerbait suertatzen zait futbola gorrotatzen dutela esaten dizutenekin; berehalaxe asmatzen ditut gizaki horien nondik norako soziologikoak, batez ete eman ohi dizkidaten argibide edo zurbideei erreparatuz. Halaber, ez zaizkit batere atseginak delako elitismo merkeari eusten dioten handiustekoak, batez ere euren ezetza zuritzeko asmotan baldin bada, futbolean bizian bezala jokatuko zutelakoan bainago.
 
Nolabait ere, berriro diot, niri ez dit batere ardura, nik aurtengo Mundialetan, txikitandik egin bezala, izugarri goxatu nahi nuke hain denbora gutxiko txapelketa zirraragarri honekin. Horrexetarako baita futbola soil-soilik, laga ditzagun alde batera banderetako forofismo txatxua edota betebeharrezko nazionalismo ahoberoa, laurogeita hamar minutuz zelaiko espektakuluaz goxatzen, hunkitzen, zoratzen saiatze aldera, ez besterik. Eta horretarako gauza ez dena, hor konpon; badu ere eskura zein urtero nazioen arteko rugby txapelketa ospetsua.

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.