Japoniar jatetxean

 

/Burua inoiz haziko ez diren larbaz beteta daukat,

tripan hiruki bat,

eta hirukiaren ondoan abesti bat.

 

Eztarrian parke industrial itzel bat hazten hasi zait

eta ez dut esaten jakin,

laguntzarik beharko ez banu bezala.

Nor dirudit kanpotik ikusita?

 

/Nik ere galtzaileen istoriak maite ditut,

eurekin jango nuke Ravennako jatetxe japoniarrean.

 

Luca ere etorriko litzateke,

aktorea izatekoa zen, baina soilik da Luca.

 

Postrean, bere lagun batek estanpatutako poema guztiak irakurriko lizkiguke.

Liburu gorritik, liburu urdinetik.

 

Jatetxe eta tabernetako erpinetan jesartzea gustatzen zaionez,

angolo batean jarriko ginateke galtzaile guztiak,

Sixto Rodriguez eta errekonozimenduari buruz hizketan,

edo suizidatutako filosofo eta idazleei buruz,

eta hiri handietako monumentuen idulkiei buruz.

Nor ginateke kanpotik ikusita?

 

Sukalde-eskalako erresistentziako kideak igual,

edo jatetxe japoniarreko kapeladun sasi-artistak.

 

/Burua inoiz haziko ez diren larbaz beteta daukat,

tripan hiruki bat,

eta hirukiaren ondoan abesti bat.

 

 

https://sitsek.blogspot.com/

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.