Physisa eta gizakiaren arteko solasaldia

Juan Ramon Makusok denboraldi honetako azken kolaborazioa idatzi du “Sinadurak” atalean. HEMEN topatuko dituzue guztiak.

Makuso

Greziar mundua abiapuntua hartuta, datu bat aipagarria daukagu: gu gizaki bezala ingurune konkretu batean gaude, physisan, eta hau ezagutzeko dago. Ezagutzeko prozesu horretan hainbat bide eta erdibide dauzkagu gaurdaino, eta ezagutzeko baliabideak anitzak izan dira.

Horietariko bat Tales Miletkoarena da. Bere erantzuna materiazko printzipio batean kokatu zuen. Hurrengo erantzunak ez ditut aipatuko, historiografia egitea ez doakit eta. Interesa galdera baita. Zerk eragiten du nere inguruan dagoen hori, —nirea, ni gizakia, bere zati bat naizen heinean greziarren ikuspuntutik— den hori? Horrela pentsatzen zuten greziarrek eta beraien bizimoduak hori erakusten du.

Galderak badu bere iraunkortasuna. Nire inguruan dagoen hori, eta beraren zatia naizen hau, fundamentu bat eduki behar du. Erantzuna, eta greziarrek mantendu zuten erlazioa naturarekiko, ez dator bat bere ondoren gertatu denarekin. Solasaldia eten egin baita. Zergatik diot hau?

Tales eta bere ondorengoek naturarekiko eraiki zuten erlazioa, errespetuzkoa izan zen. Berari buruz jakin-mina eta miresmena zuten, baina ez domeinuaren ideia. Erlazio hau, adiskidetzan eta gauzen zerizanera, direnera, jo zuen. Greziarrek izadiaren erlazioak ikertu zituzten, bere mugimendua—izadia hori baitzen—, izadia menperatu gabe. Honen zergatia greziar gizartean, Greziako polisean, aurkituko dugu.

Grezian, denok dakigun bezala, bere gizartea era konkretu batean zegoen eraikia, eta honek, gure uste apalean, justifikatzen du naturarekiko zeukaten ikuspuntua. Gizarte heleniarra esklabista zen eta hemen kokatzen dugu gure ikuspuntuetariko bat. Esklabismoak greziarrentzat, hau eskaintzen zuen: eskulana, eta honek ez zeukan inongo beharrik beste lurraldeetan hedatzen hasia zegoen teknologiaz. Honek ez du esanahi greziarrek ez zutela teknologiarik eta garaiko aurrerakuntzak ez zituztela ezagutzen, are gehiago, beraiek jada hedatua zeukaten bere teknika eta teknologia. Esklabotza zen honen ordezkoa. Gainera oso ondo betetzen zuen gizakiari buruz eraikitzen hasia zegoen ikuspegi dualista edo bikoitza. Alde batetik arima— pentsamendua— zientzialariak jorratzen zuena, eta bestetik gorputza—materia— esklabotzak aurrera eramaten zuena. Hau horrela izanik izadiarekiko harremana elkarrizketatua zegoen, eta honek bere garrantzia dauka. Izadia, gizakiaren inguruko beste atal bat zen, eta hemen deskribatu dugun ikuspegitik, posizio “natural” batean kokatua zegoen. Gizakia ez zen bere buruaz baliatzen bere dohainak xurgatuz, baizik eta berdintasunezko harreman bat sortzen zuen.

Badago beste gertaera bat aipatu gabe utzi ezin dena greziarrak eta izadiaren arteko solasaldiaz mintzatzen garenean. Kosmosaren osakeran izadiak bere mugimenduari kasu egin zion, alegia, ordena eraiki zen gauzak bere lekua hartu zutenean, hasierako kaosari aurre egin zuenean. Izadiak bere lekua hartzen du eta ondotik egiten zaizkion moldaketak ez baldin badute bere ordenarekin bat egiten, nolabait hasierako kaosera bueltatzen gara. Beraz ordena hau greziarrek ondo aski gordetzen zuten. Hasierako filosofia naturalari so eginez, hau ondo aski frogatzen da. Greziarrek ez zuten izadia bilakatu baliabide bat gure helburuetarako, modernismoarekin gertatu den bezala.

Aristotelesek dio gauzetatik kanpo ez dago mugimendurik, eta baita ere badirudi Aristotelesek esaten duela gauzen izatetik kanpo ez dagoela beste izaterik. Honekin, estagiritak, bat egiten du greziarrek izadiari buruz zeukaten ikuspuntuarekin. Eta hau, hau baino ez da: izadiak berezkoa duela bere baitan gordetzen duen mugimendua, mugimendua bera den heinean. Horregatik, kanpotik eragindako mugimenduak, gizakiak eragiten dizkionak, artifizialak dira. Gizakiak horrela jokatzen duenean, izadiaren zati bat ez bezala, solasaldia, eten egiten da, eta gizakia izadiatik kanpo geratzen da. Etenaldia arrazoi nagusi batetik ematen da. Aitzinako filosofoek, zientzialariek, ez zuten inongo asmorik izadiatik etekinak ateratzeko. Izadiaren azterketa, zergatiak aztertzeko izan zen, eta ez Baconek proposatu zuen moduan, izadia ezagutu kontzepzio menperatzaile batetik.

This entry was posted in Albisteak, si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.