Joan Brossa: poesia ez da (soilik) poema

Joan Brossa idazle eta artista kataluniarrak poesia izan zuen bere obra zabalean oinarri nagusi, baina poesiaren kontzeptua zabal ulertzen saiatu zen ibilbide osoan zehar: idatzizko literatur poesiaz gain, poesia eszenikoa, poesia bisuala eta kaleko poesia urbanoa landu zituen. Gasteizko Artium museoan bere obrari buruzko erakusketa zabala ikus daiteke iraila bitarte.

brossa

Joan Brossaren obrak adierazpide anitzak izan zituen diziplina artistikoei dagokionez: poesia, narrazioa, antzerkia, eskultura, instalazioa, kartelgintza, operako libretoak, zinema gidoiak… Baina bere bilaketa artistiko bitala zer edo zerk busti bazuen batez ere, poesiaren trataera eta haren inguruko ikerketa izan zen. Poesia literatur genero gisa idatzi zuen, baina bere ibilbide osoan egin zituen bestelako bilaketak: letra solteekin egindako kale instalazioak, poema objektuak, arte instalazio poetikoak, poema bisualak… poesiak ezaugarritzen duen irudi kolpea gorputzera eta espaziora egokitzen asmatu zuen, eta poesiaren objektutasunarekin esperimentatu zuen. Edukiaz gain formari erreparatu zion, eta poesiaren ikuspegi metaforikoa hitzik gabeko poema bisualetara eraman zuen.

joan_brossa_en_su_despacho

Beste generoak landu zituenean ere etengabe bilatu zuen transgresioa. Antzerkia bera izan daiteke horren adierazgarri. Testugintzan absurdoaren bidea jorratu zuen batez ere, horren adibide izan daitezke Oro i sal lana edo Euskal Herrian Hiru argitaletxeak 2004an hiru obrekin publikatutako bilduma: Día de viento, También, Olga Sola. Transgresioaren adierazgarri litzateke Strip-Tease & Teatro irregular obra halaber, zeinean strip teaseak egiteko hamarnaka gidoi labur idatzi zituen, pieza solteen bilduma baten modura. Bestetik, prestigiditazioa eta magiarekiko zaletasuna agertu izan zuen bere ibilbide osoan.

Bere testugintza idatzizkoa denean ere, etengabe kutsatzea dago arlo eszenikoa eta bestelako arteekin. Honatx Antologia (Ediciones libertarias) liburutik ekarri ditugun ale batzuk:

antologia brossa

ANTZEZTUA IZATEKO POEMA

Lekua: bi gela, edozein, zeinak
zeharkatzen dituen ikusleak aktore batez lagunduta.

Lehenengo gela

Mahai baten gainean, hari zuria duen karretea eta oliba bat.

Bigarrengo gela

mahai baten gainean, haririk gabeko karretea eta oliba hezur bat.

Poesia minimalistenak ere plastikotasunera eramateko joera etengabea da, honatx beste poema bat:

ZUBIA

Hauxe da
poema batetik hurrengora pasatzeko
balio duen bidea.

POEMA

Eskularrua
eskua

Edo hauexek, La Piedra abierta antologia elebidunean topa litezkeenak: “Poema Revolver” eta “Elegía al che”.

poema brossa elegía al che

Euskal Herrian loturak egin izan dira Brossaren eta Artzeren arteko poesia bisualarekin. Stephane Mallarme aipatu izan da Brossaren erreferentzia garrantzitsuen artean. Josu Landak Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan ekarritako Stephan Mallarmeren antologian bada erreferentziarik, Beñat Sarasolak idatzitako hitzaurrean:

“(Mallarmé) Baiki, bide urratzailea izan zen zentzu askotan, modu agerikoenean Dado kolpe batek poemak erakusten duen gisara, zeina bertso librearen nahiz abangoardien aitzindaritzat jotzen den. Errima eta konbentzio espazialak bazter utziz, bere horretan kasik objektu artistikotzat jo daitekeen pieza bat konposatu zuen, gerora abangoardistek (Guillaume Apollinaire, Joan Brossa, Joxan Artze) hainbeste jorratutako poesia bisualetako estreinakoetako bat.”

Honatx Gasteizko erakusketako aurkezpenean aurki daitezkeen hitz batzuk: “Brossaren poesiaren elementuak, besteak beste ironia, asoziazioa, deskontestualizazioa eta hitzaren eta objektuaren arteko bereizkuntzaren ukoa, objektuen prestaketan gauzatu ziren. Bere ibilbide poetikoan pilatuz joan ziren kezkak islatzen ditu haren lanak: eguneroko magiaren bilaketa, salaketa soziala eta transgresioa.”

Transgresio artistikoa izan zen Brossaren obraren ezaugarria; artearekiko konpromisoa, eta hizkuntzarekikoa, eta ezkertiar mugimenduekikoa. Liburuz edo erakusketaz, Joan Brossak egile bakar batean gutxitan topatzen ahal diren ertz artistikoak eskaintzen ditu.

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.