HAURTZAROAK

descarga

Badut asmoa duela pare bat urte BERRIAk argitaratutako sei idazleren haurtzaroei buruzko elkarrizketa zein artikuluen kontura zenbait iruzkin egiteko. Aldez aurretik aitortu beharrean gaude oso idazgai samurra dela edozein idazlerentzat. Filosofoak, ez dakit orain nork, esan bezala “haurtzaroa benetako aberria omen da”, kontuan hartuta. Hori dela eta, oso gogara, zinez goxatuz, irakurri egin nituen behiala Castillo Suarez, Ramiro Pinilla, Arantxa Urretabizkia, Aurelia Arkotxa, Joxemari Iturralde eta Marie Darrieussecqen haurtzaroei buruzkoak.

Seiotako banaka batzuk ez beste ezagun ditu idazle gisa; Pinilla, Urretabizkaia eta Darrieussecq. Aurreko biak dexente estimatzen ditut, batez ere Arantzaren lana, oso txikitan leitu nuelako eta esan behar da nola edo hala liluratu egin ninduela ia lehenengo aldiz euskaraz idatzitako textu batek. Pinillaren idazlanek, zer esanik ez, aspaldi honetan betidanik merezi izan zuten arrakasta lortu dute dagoeneko, bere trilogia famatua zenbait pasartetan nahiko astuna izanda ere. Nik uste egindako ahalegina, hau da, gure herriari buruzko nolabaiteko ikuspuntu historiko-mitiko oso pertsonala eta guztiz txalogarria dela, baita sarigarria ere, noski. Darriseussecqena, aldiz, orain dela oso gutxi leitu egin dut Truismes delakoa, eta aitortu behar dut ez ur ez melur utzi nauela, hotz eta motz. Ze ingotzau, baliteke bigarrenez hartu eta oraingoan bai behar bezala liluratu, liburuak berak hainbat eta hainbat irakurle liluratu bezala ia mundu osoan zehar.

Haurtzaroaz aritu nahi nuke, baina inola ez nireaz, nirea ez dio inori axola, ez da ezer apartekoa, oso haur arrunta izan bainaiz, orain gizona ere naizen aldetik ere. Hala eta guztiz, eta agian horrexegatik ere, sei idazleon kontakizunak oso gertukoak suertatzen zaizkit. Guztietan nire erdipurdiko idazle gogo edo senarekin zer ikusi duen zerbait topatu egin dudalako. Ezta, ez, harritzekoa, idazle bainoago, edo baino lehenago, irakurle garen aldetik, gutxienez haur garela, ez baita, ez, oso zaletasun hedadua geurea, guztiz kontrakoa behin eta berriro kontrakoa gutiziatu arren. Oso txikitandik liburuek sorginduak edo akuilatuak koxkortu garenok ia erdi ezkutuko zaletasun bat edo delakoan geunden, ez baitzegoen gure inguruan, haur arruntak ginenez, hain behe-erdi mailako gizaseme-alabak garen aldetik, halako denpora pasa ezin bakartiagoa konpartitzen zuen lagun asko. 

Hori dela eta, azpimarratu nahi nituzke sei idazleon zenbait pasarte, nola edo hala hunkitu edo nire haurtzaroarekin zer edo zer parekatu arazi didatenak. Honakoak dira gehienbat:

Iñigo Aritza ikastolako giroaz ere oso oroitzapen ona gorde du Castillok, eta asko eskertzen die gurasoei han matrikulatu izana. «Garai hartan semea edo alaba ikastolan matrikulatzea oso hautu kontzientea zen. Gaur egun semea edo alaba D ereduan matrikulatzea ez da hain hautu kontzientea, nire ustez. Garai hartan ikastola alegala zen, eta esfortzu pertsonal eta ekonomiko handia egin behar zuten gurasoek, auzolan bidezko lan asko eta abar». 

«Askatasun giroa» izateaz gain, literaturarako zaletasuna sendotu zioten liburuak ezagutu eta irakurri zituen ikastolan. Oraindik ere oso gogoan dituen liburuak: Mariasun Landaren Iholdi eta Txan fantasma, Bernardo Atxagak sortutako Chuck Aranberri eta Jimmy Potxolo pertsonaien abenturak… 

Etxean ezagutu ez baina bai eskolan liburuekin jolas-solasean egon garenok ondo baino hobeto dakigu zeri edo nori zor dizkiogu gure zaletasunaren hastapenak, zeri edo nori eskertu behar genioke liburuekin harremanetan hasteko aukera. Alde horretatik eskola ezta beti izan sasiko espetxea edo antzekoa, dena ezta beti hain ilun edo beltz, betiere egon ohi diren argilunak.

Bilboko Uribitarte kalean egiten zuen lan idazlearen aitak, Trueba Y Pardo enpresaren bulegoetan. «Aitarenaren pareko edo maila bereko soldata zutenen familiek ez zuten uda kanpoan pasatzen», Ramirok garai hura gogoratuz dioenez. «Baina gure aitak ez zuen erraz etsitzen, eta nola edo hala familia uda kanpoan pasatzera eramaten zuen. Ez zuen dirua aurrezten. Dirua bankuari ematea baino nahiago zuen ondo pasatzeko erabili. Ondo pasatzeko berak eta bere familiak». 

Nola ez hunkitu Pinillak bere aitari buruzko erretratua egindakoan, batez ere nirea hain bestelakoa izan dela beti kontuan hartuta, baina ez nioke inola ere nireari leporatuko, alderantziz, nireari beti milesker bizitzan hainbeste kemenez saiatzeagatik, nor berean behar bezain zintzo eta jator jokatu egin baitu aiurriak aiurri. Dena dela, eta beharbada guztiz kontrakoa ezagutu dudalako, zoratu, liluratu egiten nau Pinillaren aitak egindako eginahalak bere familiaren behin-behineko zoriontasunaren alde.

Hizkuntzak ere ez zuen bereizketarik eragiten, gaztelania zelako hizkuntza bakarra, baita euskaldunen artean ere. Arantxa Gurmendi eta haren ahizpa eskolan ezagutu zituen Arantxa Urretabizkaiak, baina urte batzuk geroago arte ez zuen jakin haiek euskaraz zekitenik ere, haiek Arantxa Urretabizkaia euskalduna zenik ez zekiten bezala. «Etxean eta lehengusuekin egiten genuen euskaraz. Hor bukatzen zen. Beste inorekin euskaraz hitz egiterik ez zitzaigun burutik pasatu ere egiten». 

Ba al da beharrezkoa zerbait azpimarratzekoa halako egoera hain gaur egungoa izanda ere nire hiriko euskaldunen artean?

Familia Baigorritik Hendaiara aldatu zelarik, Aureliak hamar bat urte zituela, udak Erriberan emateko ohiturak ez zuen aldaketarik izan. «Baigorritik Erriberarat, eta Hendaiatik Erriberarat. Leku hau konstante bat zen. Nire haur denbora, nire nerabezaroa, dena hemen pasatu dut, nire lau adiskideekin» . 

Antzeko konstantea ere izan da nirea txikitan behintzat, iparra, hegoa eta baita erdia ere, hirurak bat ene bizian EHtik irten gabe, Arabar Errioxako lur gorriak, mahastiak, harearrizko etxeak zein Toloñoko itzal urdina, kostaldeko itsaslaparrak zein kresala eta nola ez, jaioterrikoak, erdialdekoak, niri hirian zein ingurumarietan bizi izandakoak.

Panorama horren aurrean, irakurketa izan zen Joxemarik asperduraren aurka aurkitu zuen antidotorik eraginkorrena. Artean 14 urte ere bete gabe, 1965ean, El Lazarilllo de Tormes-en ale bat erosi zuen, «neure diruarekin, inork ezer esan gabe», Fuenmayorrera eraman eta han zer irakurria izateko. «Dozenaka aldiz irakurria dut El Lazarillo de Tormes». Hurrengo urtean, berriz, El Quijote erosi zuen, asmo berarekin. «Arratsaldeetan, liburuak eta gozokiak hartu eta Balcon de Pilatos izeneko mendixkara joaten nintzen, herritik bizpahiru kilometrora, irakurtzera». 

Hau irakurrita ere nola ez ekarri gogora liburuak noiz eta nola lagun bilatu ziren, ezinbesteko lagunak, zer-nolako hutsuneak bete egin zizkidaten, zenbat zor diodan bakardade mota horri…

Segur dena da herri horrek ez ziola erraztu haurtzaroa: «Elizara joaten ez ginen bi haur ginen bakarrik herri osoan. Eta gurasoak ere, laburbiltzeko, liburuak irakurtzen zituzten gurasoak nituen. Baztertuak ginen erabat. Biziki zaila zen. Elizara joaten ez zen beste laguna ez zen euskalduna; ni bai, nire amak euskara mintzo zuen, nik ulertzen nuen, baina horrek erlijioak baino garrantzi gutxiago zuen. Katiximara ez joatea zen arazoa. Pisu handia zuen horrek. Ez nituen batere harreman onak herriko haurrekin. Haurrentzat ere inportanta baitzen hori. Harremanak sortzen zituen edo, ez dakit xuxen». Eskola publikoan hasi zen ikasten. Klaseko nota hoberenak hark zituen: «Maisuak ni ninduen gustuko, eta hori gaizki hartzen zuten besteek. Bagenuen jada itxura intelektual bat, ez zena batere ongi ikusia». 

Nolabait ere gaizki ikusia sentitzea, gainontzekoengandik beti aparte, bazterrean egonaren susmo betierekoa, gehiengoaren ohiturei muzinka gure gurasoen erruz edo zuzenez, auskalo, baina sekula ere ondo ez moldatu hainbat eta hainbatekin, ipurterre, prakerre edo erretxin jaio ala hazi, baten batek daki zer eta zergatik.

Hau guztiau da sei idazleon haurtzaroetako bizipen zein pasadizuetatik egin dudan hautua, badakit zeinbatetan pixkat ere exajeratu, konparaketa behar adina bortxatu edo antzekotasunak oso gainetik, arinak, gutxienekoak egin ditudala. Hori ere liburuzulo baten ajeak dira, batik bat egia norainokoa den inoz ezin asmatuz.

 

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.