Hegats, orain sarean ere irakurgai

Duela gutxi arte, Hegats aldizkaria Euskal Idazleen Elkarteko bazkideei zuzendua zegoen. Azken urteotan, merkatura egin du salto eta salgai izaten da. 5 euroren truke, edonoren esku. Orain, PDF euskarrian aurkituko duzue aldizkaria, lehen zenbakitik azkenekora, web orrialde honetan bertan eskaini diogun atalean. 

Hegats00

Hegats literatura aldizkaria 1989ko abenduan jaio zen. Hortaz, Euskal Idazleen Elkarteak plazaratzen duen argitalpenak 30 urteko ibilbidea osatuko du datorren urtean. Lehen zenbakietan, erredakzio talde batek gidatzen zuen aldizkaria. Azken boladan ordea, idazle bati eman zaio argitalpena koordinatzeko ardura.

2015. urteko zenbakia gakoa izan da Hegatsen ibilbidean. Edukiari ez ezik, diseinuari ere astindu eder bat eman zitzaion. Gauzak kontatzeko modua erakargarria eta arina izan zedin. Lander Garroren esku utzi zuten aldaketen ardura eta honek eman zion ukituarekin, Hegats-ek garai berri bati ekin zion. Geroztik hona, Durangoko Azokaren atarian plazaratu ohi da literatura aldizkaria. Bazkideei banatzeaz gain, salgai ipini ohi da. Azokan bertan eta baita denda espezialduetan ere. Azken hiru urteotan, Lander Garro, Alaine Agirre eta Felipe Juaristi aritu dira zuzendari lanetan.


Hegats01

Berriki, Hegats aldizkariaren PDFak txertatu ditugu uberan.eus web orrialdean. Paperean ez ezik, sarean ere kontsultatu edota irakurri daiteke Hegats. Hemen duzue online ediziora eramango zaituen esteka: Hegats. Ohar bat: Zenbaki batzuen originalak ez dira agertu eta horiek digitalizatu gabe daude oraindik. 41, 42, 43 eta 44. zenbakiak, zehatzago esanda.

Garai berriko hiru zenbakiak nabarmendu ditugu albiste honetan. Dena den, Hegats aldizkariari eskaini diogun atalean barneratzen bazarete, lehen zenbakiak edota argitalpen monografikoak topatuko dituzue.


Hegats2017

2017ko Hegats, poesiaren bozgorailu

Felipe Juaristik koordinatu zuen iazko argitalpena. Edukiari dagokionez, euskal poesiak hartu zituen orrialde gehien. Tere Irastortza, Patxi Ezkiaga, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea eta Luis Garde izan ziren solasaldi nagusietako protagonistak. Hasi berri direnen ahotsak ere batu zituzten. Aritz Gorrotxategik, esate baterako, solasaldi berean elkartu zituen Garazi Ugalde eta Beatriz Chivite poeta gazteak. PDFa eskuratzeko, egin klik ondoko estekan: Hegats 55.


Hegats2016

2016ko Hegats, Joan Mari Irigoienen omenez

2016ko literatura aldizkaria Alaine Agirrek koordinatu zuen. Joan Mari Irigoienen ibilbidea luze-zabal aztertu zuten eta azala ere Irigoieni berari eskaini zitzaion. Elkarrizketatuen artean Koldo Izagirre, Jasone Osoro, Karmele Jaio, Eric Dicharry, Garazi Arrula, Iñigo Roque, Miren Gorrotxategi eta Joxe Azurmendi topatuko dituzue. Erreportajea Peru Magdalenak osatu zuen eta haur eta gazte literatura hartu zuen hizpide. PDFa eskuratzeko, egin klik ondoko estekan: Hegats 54.


Hegats2015

2015eko Hegats, garai berri baten iragarle

Hegats aldizkaria itxuraberriturik agertu zen 2015. urtean. Euskal Idazleen Elkarteak ukitu berri bat eman nahi izan zion aldizkariari eta lan hori burutzeko Lander Garroren eskuetan utzi zuen zuzendari eta editore ardura. PDFa eskuratzeko, egin klik ondoko estekan: Hegats 53.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.