CELEDÓN, PERTSONAI LITERARIO PETO-PETOA

Bajada-Celedón-Vitoria-Historia-Celedon-fiestas-de-la-Blanca-Vitoriaenuncli

Literatura baldin bada hein handi batean asmatutako pertsonaiarik, nik ez dut duda apurrik Gasteizko jaietako pertsonai nagusia, Celedón famatua, asmakizun literario totala denik. Falta zaio, jakina, paperera aldatzea, hau da, letrazko pertsonai bezala gorpuztea. Halere, ezin da ukatu delako Celedón hainbat iturritatik eraikitako pertsonai hutsa denik, hau da, delako tradizioa 1957an hasi zenez geroztik. Are zehatzagorik, Gasteizko gazte batzuek, Jesus Jimenez, Sedano, Luis Maria Sanchez Iñigo, Lopez de Ipiña, Madinabeitia, Jose Luis Isasi, Perez de San Roman, Lopez Guereña eta Azpiazuk San Migel elizatik udaletxeko teilatura Zeledon irudikatzen zuen panpina botatzekoa ia hutsetik asmatu zutenean. Ia hutsetik gasteiztar gazteok eredutzat hartu zuten Celedón arabar baserritarra hiriko elezaharretan ezagun zen pertsonai sasi historiko eta batik bat xelebre bat zela. Gasteiztar gazte parrandazaleok berreskuratutako kondairaren arabera Celedón hiriko jaietako “arima” edo “muina” omen zen, hots, urtero Andre Maria Zuriaren festetan parte hartzen zuen eta haiek bezain parrandazale amorratua zen arabar baserritarra, baita ingurukoak parte hartzera bultzatzen zituena ere. Gauzak horrela, Zalduondo herrixkako Celedonio Alzola García de Andoinen bizitzaren gorabeherak inspirazio iturri suertatu zitzaizkien Lautadako baserritar honen bizipen zein pasadizoetan oinarrituz Gasteizko jaietako pertsonai nagusia mamitze aldera, kantua famatuak dionez Alzolak “etxe berri bat” egin baitzuen “balkoian leiho on”. Alzola1796. urtean jaio eta 1866an hil zen. Hogeita bat urterekin joan omen zen Gasteizko Zapatari kalera bizitzera; igeltseroa zenez bere etxea eraiki zuen, “leihoa eta balkoiarekin”, abestiak dioen moduan. Alzolaren inguruan denetarik jaso da, parrandazale izateagatik ospetsua egin zela hirian, gizon langilea eta oso zintzoa zela…   

Dena dela, beste gasteiztar batzuen aburutan Alzolari buruzko datuak oso eskasak eta nahasiak omen ziren bera ezin zitekeela egiaztatzeko; horrexegatik proposatu zuten beste jatorri bat gure Celedónentzat: Zuia Bailarako Bitoriano herrixkako Celedonio Iturralde Armentia.  Iturralde Bitorianon jaio zen, 1810. urtean. Oso gizon alaia omen zen, eta asko gustatzen zitzaion Gasteizko tabernetan ibiltzea. I. Karlistadan (1833-1840) teniente koronela izatera iritsi zen, eta garai horretan jarri zioten Zeledon ezizena. Gainera, kondaira baten arabera, karlisten artean, Celedón se ha hecho una casa nueva pasahitza erabiltzen zuten gerra garaian.

Zer dela eta eztabaida hau? Ba nik argi eta gari esango dut: Celedón ahozko literatura da, asmakeria hutsa, hau da, herriak berak denboraren poderioz, urtez urte, eraldatzen duena. Alde horretatik, zergatik bi hautagai bakarrik gure Celedón irudikatzeko? Zergatik ez hartu XIX mendean Araban jaiotako Celedonio guztiak eta banan-banan aztertu ea euren datu biografikoen arabera egokiagoak suerta litezkeen Gasteizko jaietako pertsonai nagusiaren bizitza edo borobilagoa egitearren, hau da, pertsonaia nolabait gehiago aberastearren.

Esan bezala, Celedón ahozko tradizioak urtez urte eraikitako pertsonaia da, dezente aldatu baita azken hamarkadotan haragitu duten blusa-gizonen nortasun zein ezaugarrien arabera. Gaurkoak, hau da, Gorka Ortiz de Urbinaren irudiak ez du zerikusi handirik Jose Luis Isasi, Enrique Oribe edo Iñaki Landak gorpuzten zutenarekin, egungo gasteiztarrok gure aitaita edo aitekin ezer gutxi konpartitzen dugun aldetik, nolabait esanda, gure nagusiak euren garaikoa gizakumeak baitziren, hau da, neurri handi batean, eta batez ere orduko Gasteiz txikian, guztiz tradizionalagoak, elizazaleagoak eta batez ere erdaldunak. Gaur egungo Celedónek bere euskaltasuna aldarrikatu ohi du San Migel Elizako balkoitik hainbat eta hainbat gasteiztar ikastolakumek bezala (esan dezagun nola edo hala, probokazio gisara bada ere, egungo Celedón vitoriano baino gero eta gasteiztarragoa dela, eta azken hau kaikukeria hutsa dela ondotxo jakinda; beharbada ni neu betiko “vitoriano” zintzo eta tradizionalekin” gero eta gutxiago identifikatzen naizelako, baina gasteiztarrokin ordea…). Gaur egun ere lehengo Celedonek aspaldi inondik inora aintzat hartzen diren gaiak edo leloak aldarrikatu ohi zituen Gorka Ortiz de Urbinak, besteak beste emakumezkoekiko errespetua edota euskararen beraren erabilpena jaietan. Gizartea aldatu da eta harekin batera ia hutsetik sortutako pertsonaia da.

Badugu, aldiz, ahozkotik paperera aldatu ez den pertsonai erabat literario bat, beharbada euskal literaturan baserritaren irudia oso polemikoa edo eztabaidatsua izan delako, besteak beste erdaraz gehienbat jorratu baitute hiriburuetako señoritoek euskaldun nekazari ustez ezjakin eta artaburuaren karikatura betiere egin nahian. Euskaraz ordea guztiz kontrakoa izan da, izandako saioak euskaldun baserritarren irudia duintzeko asmotan izan dira gehienetan, hau da, Txomin de Regato pertsonai lotsagorrigarriaren kontra. Alde horretatik, kosta egiten da Celedonen pertsonaia euskal letretan irudikatzea ez baldin bada beste behin ere parodia bat egite aldera, gure Celedonen ezaugarriak edo datuak ez baitira oso erakargarriak goi mailako literaturako aproposa izan zitekeen pertsonai duin eta batez ere benetan mamitsu, original bat sortzeko. Edo agian bai, baten batek daki, literaturan dena posible baita idazten duen lumaren trebezia jaun eta jabe.

 

Txema Arinas

Berroztin, 2018/08/03

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.