Norbera den lekura itzultzea

Donostiako ‘Poesia Orduak’ zikloa gaur abiatuko da, Itu Bandaren errezitaldiarekin. Martin Bidaurren Itzulera (Susa) liburuko poemak hartuko dituzte ahotan. Biharko saioko protagonista Antxiñe Mendizabalen Emakume burugabea (Elkar) izango da. Bi emanaldiak Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan egingo dira, 19:30ean hasita.

Bidaur

Norbera den lekura itzultzeaz mintzo da Martin Bidaur Itzulera (Susa) izeneko poesia liburuan. Gaur boz altuan entzungo ditugu poema horietako batzuk. Martin Bidaurrekin batera, Itziar Ugarte, Alazne Arruti, Paul Beitia eta Jon Gurrutxagak hartuko dute parte errezitaldian.


“Liburu honen oinarrian mina dago”

Martin Bidaurrek iazko udazkenean plazaratu zuen Itzulera (Susa). Hitzen Uberan solaskide izan genuen. Elkarrizketako pasarte hau berreskuratu dugu.

Fikzioa askotan lotzen dugu istorioekin, argumentu batekin, narrazioarekin… nahiz eta gero autofikzioaren gaia ere badagoen. Liburu hau irakurtzean batzuetan sentsazioa eduki dut, agian lehen aipatu dugun bidaia espaziala dagoelako, modu narratibo batean ari nintzela irakurtzen, hasieratik bukaerara hari bat jarraituz. Ahalegin hori egon da?
Bai. Idazteko modua nahiko narratiboa da zentzu horretan. Ez da oso lirikoa, nolabait esateko, baina nahiko prosaren eraginpekoa da. Bada hari narratibo bat, ez dagoena oso argi baina ikus daitekeena. Poema bilduma baino poema liburu bat idaztea izan da nire ahalegina, hasiera bat, nolabaiteko garapen bat eta bukaera bat izan zitzala.

Idazketa prozesua bera kronologikoa izan da?
Bai eta ez. Nik banuen bilduma bat, eta nahi nion bilduma horri liburu forma eman. Poema horiek liburu bihurtzea izan da prozesua. Ale batzuk berridatzi, gehitu, kendu egin ditut, liburu bihurtu diren arte.

Asko aipatzen diren hitzak dira etorkizuna, iragana, haurtzaroa… denboran zehar egiten den bidaia izango litzateke itzulera posible bat? Hari geografikoa aipatu dugu, baina bada denboraren haria ere.
Alde batetik badago iraganarekiko zerbait, memoriaren bitartez iraganera ezin itzultze hori. Itzulera faltsua da memoriarena, inoiz ezingo gara itzuli gogoratzen ditugun momentuetara. Horren aurrean bada ezintasun bat. Bestetik dago nola kokatzen garen etorkizunaren aurrean.

Minetik dago idatzia liburua? Hau da, mina ez zentzu tragikoan, motor gisa ulertuta baizik. Mina motor bat da liburu honetan?
Zalantzarik gabe. Nik uste dut liburu honen oinarrian mina dagoela. Liburu hau zentzu horretan bada tragikoa ere, zentzu ia fatalista batean. Mina agertzen da, eta agertzen da drama. Liburua bukaera aldera bada hori gainditzeko saiakera bat ere.

Argazkia: Ekaitz Goienetxea, Bermeoko Talako Kantinan.

Elkarrizketa osoa, ondoko estekan irakurgai: Martin Bidaurrekin solasean.


PoesiaOrduak

IRAILAK 3 ASTELEHENA, ITU BANDA

Itzulerak, Itu Banda taldearekin: Martin Bidaur, Itziar Ugarte Irizar, Alazne Arruti Bengoa, Paul Beitia Ariznabarreta eta Jon Gurrutxaga Urbieta.


IRAILAK 4 ASTEAZKENA, “EMAKUME BURUGABEA”

Emakume burugabea poema liburuan oinarritutako emanaldia. Hitzez eta irudiz eraikitako poema ilustratu hau askatasun eta maitasun kantu bat da, eta aldi berean biziberritze baten metafora. Antxiñe Mendizabal Aranburu idazlea Nerea Gartzia Gartzia eta Pello Ramirezekin batera igoko da oholtza gainera.


Sarrera, dokoa

Bi saioetan, sarrera doakoa izango da aretoa bete. Gonbidapenak Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan banatuko dira bi egun horietan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Donostia Kultura eta Euskal Idazleen Elkartea dira Poesia Orduak errezitaldien antolatzaileak. Aurtengo kartela Maite Mutuberriak egin du.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.