Lurreko gogoeta bat

 

NASAko satelite batek makrokamera batekin jarraitu nau
etxetik irten naizenean,
baina ez da nire bizitza interesatzen zaiena.

 

Gehienok ez dakigu ezer gauza horietaz.
Egun bat iritsiko da eta bonba artifizial bat eroriko zaigu unibertsoko lekuren batetik
eta inork ez du ezer ulertuko.
Nor izan den,
zergatik hil gaituen.

 

Herrialde eta gobernurik gabe geratuko da mundua,
Estatu Batuak eta Txina desagertuko dira,
eta koltxoien gainean sufritzen duten amama guztiak,
familia zoriontsu, kutsadura, emigrazio, eta suizidiorik gabe bukatuko da
bukaera.

 

Hori
edo
Lurra esplotatuegi dagoenean
Martera eskapatuko dira Elon Musk eta bere bikotea,
beste zibilizazio bat sortuko dute han.
Adan eta Eva izango dira, sagarretik jango dute eta abar.

 

Hemen utziko gaituzte, gauden moduan.
Psikosi kolektiboak janda,
offline mundua ulertzeko esfortzurik egin gabe,
zirkoetan zirkoena maite dugulako.

 

Orain zerura begiratu eta Artizarra arraro dago.
Venus da Artizarra.
Eta zer pentsatu behar nuke hari begira?

 

Orain pantailara begiratu eta desoreka irakurri du nigan interneteko sistemak,
sareko informazioa ordenatu dit animatzeko asmoz.
Hitzik gabeko abesti anbiguo baina interesgarri bat jarri dit,
azpian, aspalditik erosteko dudetan nabilen sandalia batzuen iragarkia,
eta like eta like.
Gora bizitza berriro ere.

 

Benignik ere Youtubeko bideo editatu batean esan zuen:
“vedrete che esce fuori, c’è la felicità!”
Gora bizitza berriro ere!
like-like!

 

 

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.