Iban Zaldua: “Errealitatea hezurretan uzteko ahalegin bat da nire ipuingintza”

“Fikzioaren bitartez adierazten ditugu hobekien eguneroko bizitzaren hizkuntzan kontatzen ausartzen ez garen gauzak”. Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar) hain zuzen, bizitzaren miseria handiei “eta batez ere txikiei buruzko liburu bat” dela dio Iban Zalduak.

IbanZalduaLiburuAurkezpena

Azken lau urteotako lana jaso du Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar) liburuan. Ipuinek ez dute ildo zehatz bat jarraitzen, dena den, kontakizun hauetan zenbait egoera errepikatzen dira eta hortik dator izenburua. “Beste zentzu orokorrago bat ere badu liburuaren izenburuak”, Iban Zalduak atzoko agerraldian zehaztu zuenez. Idazlearen esanetan, “fikzioaren bitartez adierazten ditugu hobekien eguneroko bizitzaren hizkuntzan kontatzen ausartzen ez garen gauzak”.


Bizitzaren miseriak 

Ipuin liburu bati izenburua ipintzea edota azal egoki bat topatzea ez da lan samurra izango.  Zer esanik ez, edukia hitz gutxitan definitzea. Iban Zalduaren liburu berriarekin gauza bera gertatzen da, tematika anitza baita. Hala ere, eta prentsaurreko batek ezartzen duen erritualari jarraituz, idazleak edukiari buruzko goiburu zehatz bat eman du: “Bizitzaren miseria handi eta batez ere txikiei buruzko liburu bat da”.

Ipuin bilduma orekatuena

Idazle bakoitzak bere joerak ditu. Iban Zalduaren ipuingintzan esate baterako, zientzia fikzioa askotan ageri da. Oraingoan ere hala da: “ez dut arazorik zientzia fikziozko ipuinak sartzeko ipuin ustez serio edo errealistagoen ondoan”. Hala ere, kopuru aldetik, oraingoan paretsu daude ipuin fantastikoak eta errealistagoak-edo direnak. “Nire ipuin kolekzio orekatuena dela esango nuke”.


Gauzaren kontaketaren gaineko kontaketa

Gauzaz edo euskal gatazkaz idaztea. Horra Iban Zalduaren beste joera. Dena den, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar) ez da gauzari buruzko bilduma, “askoz ere anitzagoa da. Bizitzak prisma eta ikuspegi asko dituelako. Baina bere presentzia du liburuan”. Ipuinen heren bat gatazkaren gainekoa da. “Euskal gatazka bera baino, ipuin hauetan gailentzen dena ez da gauzaren kontaketa baizik eta gauzaren kontaketaren gaineko kontaketa edo hausnarketa; errelatoa deitzen den horren inguruko hausnarketa”, hedabideen aurrean zehaztu zuenez.

Gauzari buruko ipuinak gazteleraz plazaratuko ditu laster, Galaxia Gutenberg argitaletxearen bitartez. Como si todo hubiera pasado izenburupean “gatazkari buruz idatzi dituen ipuin guztiak batu ditut, tartean, liburu honetakoak”.

 

Errealitatearen azpiak agerian

Ipuinen luzerari dagokionez, aurreko liburuetako bide beretik dator berria. Luzeak, motzak eta tartekoak idatzi ditu. “Niretzat askotan erronka hauxe izaten da: ahalik eta modu ekonomikoenean errealitateari azpiak ateratzea. Errealitatea hezurretan uzteko ahalegin bat da nire ipuingintza”.


“Idazle singularra da”

Iban Zalduak Aitor Arregi zinema zuzendariaren eta Ana Malagon idazlearen babesean aurkeztu zuen liburu berria. Aitor Arregiri singularra den oro erakargarria zaio. “Eta niretzat Iban Zaldua idazle singularra da. Ezberdina”. Maneiatzen dituen kodeengatik edota generoak nahasteko duen joerarengatik.
Tematikak eta baliatzen dituen generoak ezberdinak izan arren, “ipuin hauetan Ibanen eskua nabari da”. Handia filmeko zuzendariak adierazi duenez, “esploratu gabeko lurraldeetan sartzen da”, ETAko kide bat eta super botereak uztartzen dituen ipuinari erreferentzia eginez. “Zentzu horretan, ausarta da, betiko konfort zonaldetik ateratzen delako zintzoki”.
Zaldua idazle zinematografikoa dela uste du Arregik. “Baina hau ez dakit ona edo txarra den. Irudien deskripzioarengatik baino, gaien planteamenduarengatik eta ipuinen garapenarekin baizik”. Hausnarketa honi buruzko xehetasunak ondoko bideoan ikus/entzun ditzakezue.

Aitor Arregi film labur bat egiten ari da Iban Zalduaren ipuin batekin. Inon ez, inoiz ez (Elkar, 2014) liburuko Ama ipuina egokitu du. Arregik atzoko prentsaurrekoan adierazi zuenez, film laburraren edizio fasean dira orain.


Iban Zalduaren ‘gauzak’

Ana Malagonen esanetan, “Iban Zalduaren gauza asko daude liburu honetan: bere izenez izendatzea kosta egiten zaizkigun gauzak. Tabuak, sekretuak, errebelazioak eta errebelazio horiek dakartzaten damuak”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.