BIZI-BIBLIOGRAFIAREN ZAMA

258607-books_door_entrance_italy_colors_city_scenography_polystyrene-496032

Etxe aldatzeari ekin diot, hau da, liburuak sartzeko kaxak etengabe prestatu eta betetzeari. Ehun kaxa inguru bizpahiru egunez jotake nekatu arte. Gaztetan Gasteizko Jundiz industrialdeko garraio biltegi batean lan egiten nuen inport-export enpresarako hilean hainbat bider kaxa benetan handi eta astunez makuru beteak heltzen zitzaizkigun kamioak hustu edo bete behar ohi nituen. Hori bai, lana bukatutakoan lankideekin zerbezak gogotik hustutzera joaten nintzen segituan. Egunotan aldiz ohera zuzen-zuzen lur jota eta gainera izugarrizko buruko minarekin; adinaren ajeak, noski. 

Edonola ere, ezusteko zein egundoko kaxa pilaketaren errudun nagusia nire bizian zehar apaletan pilaturiko liburu andana omen da. Ez dut esango aparteko liburutegia dudanik, ez dakit hori zer den eta gainera ez dit ardura. Liburu gehienak, aldiz, sakelakoak dira; baina, baditut, bai, liburu benetan bitxiak, oso edizio txikikoak, beharbada  nik eta beste lau katuk baino ez erositakoak argitaratu zituztenean, baita oinordetzan eskuratutako zenbait inkunable ere, liburu sano arraroak, beti oso gogoko izan baititut. Horrez gain, baditut ere azken urteotan oparitu dizkidaten eta oso azaletik baino irakurritako liburu mardul-mardulak, besteak beste nire Astorgako editore ohiak bidalitakoak, pisuagatik balitz behintzat, gordetzeko zein garraiatzeko buruhausterik handienak sortu dizkidatenak. 

Izan ere, bada benetan zirraragarria, kaxetara sartu bitartean, urteak joan ahala auskalo nola, noiz eta nortzuen pilaturiko liburuei erreparatzea. Denetarik topatzen duzu ia ustekabean, aspaldi ikusten ez zenituen liburu txit kuttunok, noizbait, eta baten batek daki zergatik, berriz irakurtzeko zure buruari agindu egin zenizkionak, direla zure koskortze intelektualean edo, nolabait esateko, ezinbestekoak zein oinarrizkoak izandakoak, ozta-ozta Biblia bezalakoak bailiran aintzakotzat hartu zenituenak, direla aspaldi liluratu zintuzten edo erruz goxatu zenituen irakurketak, aspaldi ere tematu zintuztenak. Eta badira ere behin irakurri eta agian euren neurrian zoratu edo txunditu egin zintuztenak. Garai urrun haietan behinik behin, zeren eta orain berriro eskuetara datozkizula, zertaz zihoazen gogoratzerakoan, nolatan hainbeste inarrosi zintuzten, zertara hainbeste komeria haien inguruan, egiatan hain txarrak edo hutsalak izanda, zure buruari, edo hobeto esanda, menturaz izandako gazteari, itaundu behar baitiozu, sarri irribarrea ezpainetan. Liburu hauek eskuetan eukita galdutako denborari erreparatu behar diozu nahitaez, hau da, alperrik galdutako gauzen multzora zuzen-zuzen bota beharrean zaude, galdutako lagunak, aukerak edota alperrik egindako hainbat saio, esfortzu zein ezerezean urtutako ametsekin batera. 

 

Eta badira, jakina, betiko liburu minak, zurekin oso txiki-txikidandik egondakoak, txitean-pitean apaletatik hartzen dituzunak euren babes edo aholkuaren premia duzunean, horretarako edo lanerako zein gozamen hutserako; berriro diot, fededunek aholku, gomendio, irakaspen edo  kontsolamendu bila Bibliara jotzen duten bezala, zuk ere UlyssesVoyage au bout de la nuit, Thomas Bernhard edo Antonio Lobo Antunesenetara, egia esanda edozein bihotzeko idazlanera, joko bazenu bezala; holako handiustekoa zara zu, gutxienez liburu kontuetan, irakurzale porrokatua bezain saiatua.  

Eta liburuak hurrenez hurren kaxetara doazela handiustekeria hitza darabilkizu gogoan. Zer dela eta hauek liburu guztiok altxor gisa gorde behar, azken buruan zama baino ez baldin badira. Ikaragarria gainera beste behin ere etxe aldaketari aurre egin behar diozularik. Ondo asko jakinda ere hainbat urte barru berriro ere kaxetara joango direla etengabeko joan-etorri batean bizi zarenez gero. Ba ote da zure sasiko liburutegi hori bizkar gainean daramazun handiustekeriaren lagina? Ez al diozu zure buruari esan nahi: begira zenbat liburu, hau da, zer nolako tipo irakurria naizen, denetarik leitzen dut gainera, ez zatozte niri adarra jotzera gero, zuek ezer aitatu aurretik nik ikakurria badut ziurrenik…

Tira ba, ezta hori, jakina ezetz; baina, orain dela gutxi arte paperezko liburuen pilaketa doi-doi ezinbestekoa suertatzen zitzaigun irakurzaleoi, nola gorde edo non sartu, bestela ez baldin bazen halamoduzko apaletan. Nire lehenengo liburutegia ez zen nirea, ezta nire gurasoena ere, haien etxean edukiagatik, gure osabarena baino; gure etxean bertan gordetzen baitzituen aspaldi arriskutsuak edo gutxienez konprometigarriak bide ziren liburu batzuk. Izan ere, gogoratzen ditut ondo baino hobeto Contra el revisionismo izeneko liburutxo batzuk, Leninen erretratua marraztua zutenak, eta hauekin batera beste frantsesezko liburu mardulago batzuk ere, azal ia guztietan bost puntako izarra zuten banderak agertzen zirenak. Ez nuen ordea irakurtzerik, ez frantsesez zeudenak, ez eta gazteleraz zeuden  Contra el revisionismo, La experiencia checoslovaca edota Las elecciones del 36 y el Frente Popular izeneko haiek ere. 

Eta bai, apurtxo bat behintzat koskortutakoan irakurri egin nituen, eta gorde gordetzen ditut ere nire gurasoen etxean zeuden haietariko batzuk, batik bat Txekoslobakia zein Hungariako saio sozialista entzutetsuei buruz hitz egiten zuten frantsezkoetariko baten bat. Egia esanda, herenegun apalak hustutzen ari nintzela topo egin nuen beraiekin. Eta bai, hunkitu egin nintzen, nola ez, babo halakoa!.

Dena dela, nik ere uste dut etorkizunean pendrive batekin nahikoa izango dela zure liburutegi osoa bertan edo ordenagailuan gordetze aldera. Ni hasi banaiz neurri handi batean nire liburutegi digitala osatzen. Hasia naizen bezala nire Oviedotik Gasteiza etengabeko joan-etorrietan ebookekin bakar-bakarrik, eta ez lehen eraman ohi nituen laupabost liburuekin bizkar gainean. Baliteke, bai, liburu gehienak prendive bakar batean pilatzea; baina, zer dela eta gure burua engainatu behar, paperezkoen artean koskortu egin garenok eutsiko diogu nola edo hala eta zinez, gogotik, maite ditugun liburuak apaletan edukitzeari, hau da, betiere gure aldamenean. Izan ere, eta lagunminekin suertatu bezala, liburu minak ere ezin dituzu ordenagailu edo pendrive batean baztertu, ez da gizalegezkoa, are gutxiago esker onekoa. 

 

Txema Arinas

Oviedon, 2018/09/13

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

0 Responses to BIZI-BIBLIOGRAFIAREN ZAMA

  1. josemari says:

    Liburu, disko, foileto, eta abarren pilaketa lanetan berrogeita hamar urte ibili ondoren… “despilaketan” ari naiz ni orain, zertarako ez dakidan arren, emazteak ez bainau, oraingoz bederen, etxetik botatzearekin mehatxatu. Eta pentsatzen ari naiz hobe dudala gauzak dauden tokian uztea, eta atzetik etorriko direnek ken ditzatela. Ziur kentzen dituztela eta.