HASIER LARRETXEA – LARREMOTZETIK HARAGO

imagen_extra999_4

“EZ IEZAIEZU galdetu zein egunetan utzi zioten zu agurtzeari. Galde iezaiezu zein egunetan hasi ziren zu agurtzen. Zein arrazoik bultzatu zituen. Zeinek, ostera, agurra ukatzera. Mespretxuzko begirada arbuiagarriak bestelakoak dira herrietako arnasketa kondentsatuetan, non ez den goraipatzen norbanakoaren irizpide partikularra, artalde homogenizaturako joera dagoenean. Pentsamendu bat ezin da eranskailu batera murriztu. Herrietako ordenamendua, pentsamendu idelogiko hutsera kontatzen bada, amaieratik baino, hasieratik hasten da soka tenkatzen. Ezjakintasunak ondorioztatutako aurreiritzia fundamentalismo mota bat da. Malgutasun ezak kondenatzen du hatz erakuslearekin mintzatzen baino ez dakiena.”

 

LARREMOTZETIK – Hasier Larretxea

Ezari-ezarian egindako irakurketaren zertzeladak baino ez dira: jatorrira bueltako bidaia literario txukun eta hunkigarria, denboran zehar ere egindakoa oroimenaren altxorran arakatutakoan, agian iraganarekiko zorrak kitatze aldera, hau da, herri txikiarekikoak, “herri txikia, infernu handia” leloa beti presente, areago beharbada ere homosexuala izanda, edota tribuaren lege edo usadioei soraio, arduragabe, soil-soilik, maiz ere betozkoa jarrita, baldin bazara berez itxia den nekazal giza komunitate batean, kalekumeoi hain arrotza eta hotza begitantzen zaiguna ezinbestez, hots, topikoari eutsita edo, topikoaren egiari aurre eginez ere bai, topikoaren muinean egia baitago. Baina, mintzen edo mindu egin zuen iragan gazi-gozo horri bizkarra emanez ere, guraso sein gainerako senitartekoekikoak, amatxi Leonitarekikoak omen dira adierazkorrenak, hau da, idazlea sorterrira lotzen dutenak, nolabait bere neurrian ulertzearren. Alabaina, eta beti ere nire uste apalean, aitarekikoak izaten dira hunkigarrienak, hau da, gogotik eta batik bat oso tentu literario sotilez jorratutakoak. Iraganera bueltan bai, baina garraiobidea poesia dugu textu motzetan barrena, non tartekatzen diren guztiz lirikoak diren zein gogoeta benetan burutsuak, mamitsuak, idazpidera ekartzen dituzten pasarteak, hau da, iraganeko hainbat pasadizu esanguratsu, xelebre ere bai, “paisaje” zein “paisanaje”ekiko gorabeheren alde ilunenak, ozpinenak zein xamurrenak gordin-gordinean erakuste aldera. Hau guztiau gehienbat sorterrian utzitako biziaren erakusgarri, testatementu literarioa nolabait “erratearren”. Baliteke ere nire aburuz aparteko lirismoa dutenak, ez baitira sekula inori ezer mendeku gisa leporatzeko, baizik eta gorago aipatutako gogoetak egiteko, betiere oso ikuspegi eskuzabal, zintzo eta bihozbera batetik. Aunitz, ikaragarri, gustatu egin zait Hasier Larretxea arraioztarraren Larramotzetik hau. Izan ere, pasarte pilo azpimarratu ditut banan-banan FBra igotzeko, baina ezin hautatu zeintzuk, liburu osoa igoko nuke gogara. Egia esanda, edozeinek merezi luke.

Atsegin dut Hasier Larretxearen poesia, itzel. Nire iritzia da, jakina, baina euskaraz irakurri izan ditudan pertsonal eta batik bat libreenetarikoa omen da (egia da: besterik, berdina edo antzerakoa, topatu ez baldin badut ziurrenera nire errua ote da). Areago, aitortu beharrean nago Hasierrenganaino zuzen eta ia ziztuan ekarri ninduena Azken Bala poemategia izan zela lehenengo eta behin. Hasierren poesia bada berez kitzikagarria hainbat motiborengatik, hori asmatu dut gainerako liburuak leitutakoan; baina, Azken Bala irakurri ahala hunkitu ez ezik harritu ere egin ninduen Hasierren zeinen balentriaz, geurean tamalez hain gutxitan (berriro diot nik dakidala), pairatzen ari ginen bortizkeriaren kontrako bertsoak paper gainean jarri izanak. Bertso benetan zirragarriak azalez behintzak hain zuzenak, zorrotzak, zikatzak, batez ere motzak bezain gordinak dira. Baliteke ere gogoan erratek zuena halaxe baino erran ezin zela, hau da, gordin-gordin. Agian ere bazelako garaia gauzak gordinik esateko hainbeste aiko-maiko barik. Eta alde horretatik ere, ez dakit nik zer nolako sosegu falta zaien bertsooi:

“Erre ezazu autobusa.

Erre, kutxazain automatikoa.

Erre, zaborrontzia.

Erre ezazu autobus hori

Erre ezazu auzo guztia.

Herria, hiria.

Su horretan zu erre baino lehen”.

Bitxiak benetan hainbat euskal kritikarik liburuari jarritako erreparoak. Bitxia batik bat hauen aitakeria kutsu nabarmena, haien desatseginaren egiazko motiboak esatera ausartzen ez direla somatzen dut, hau da, literarioak soil-soilik ez direla susmoa dudala. Edonola ere, badirudi Hasierrek tribuaren mito bati eraso egin ziola zirt-zart. Laburbilduz, ezker abertzaleak urtetan sustatu eta lagundutako bortizkeriaren kontrako bertsoak jarri eta hain zintzo eta ausart borobildu izana pekatu larria bilakatu zaio Hasierri asko eta askoren begietara. Eta hala eta guztiz ere, Hasierrek berak, aspaldi Berria egunkarian egindako elkarrizketa batean, oso argi eta garbi bota zituen esperantzarako guztiz ederrak diren hitz hauek: “Nabari da Euskal Herria beste ziklo batean dagoela. Irekitasun ziklo batean, “errespetuaren eta elkar ulertzearen aldetik; pertsonen ongizatearen alde.”

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.