“Liburua amaitzean irakurlea berriz ere bere egunerokoaren aurrean jarri nahi nuen”

Maite Darcelesek Bihotzean daramagun mundua eleberri distopikoa plazaratu du Alberdania argitaletxearen eskutik.

dav

 

Darceles03

dav

Bihotzean daramagun mundua zientzia-fikziozko eleberria da. Zergatik landu duzu genero hori? Uste duzu zientzia-fikzioa (ZF espekulatiboa, behintzat) errealitatetik gertuago dagoela beste generoak baino?
Fikzio espekulatiboa da, bai. Beharbada, zientzia fikzioa entzuten dugunean izaki fantastikoak, teletransportazioa, denboran zehar bidaiatzea, eta horrelakoak etortzen zaizkigu burura. Bihotzean daramagun mundua-n ez dago horrelakorik. Baina etorkizunean gertatzen da, eta horrek, noski, gaur existitzen ez den errealitate bat asmatzera behartu nau. Azken hamarkadetan bizimodua erabat aldatu diguten tresna teknologikoak asmatu dizkigute, eta errealistagoa iruditzen zitzaidan asmakizun berriak izango dituen etorkizun bat sortzea oraingoaren kalkoa baino. Alde horretatik esango nuke fikzio espekulatibo errealista dela nirea zentzu batean, eta beste gertakizun batzuei erreparatzen badiegu, berriz, gizarte antolamenduari-eta, etorkizun erabat distopikoa litzateke.
Nora goazen baino non gauden landu nahi nuen nik, eta horretarako etorkizunetik egiteak askatasun handiagoa emango lidakeela pentsatu nuen, gaurko zenbait joera muturrera eraman, errealitatea desitxuratzeraino luzatu, eta benetako munduaren isla zehatza ote den arduratu beharrik gabe. Lizentziak hartzeko askatasun horregatik egin dut fikzio espekulatiboaren alde.

Zure ustez, genero batzuk beste batzuk baino egokiagoak al dira gai «nagusiei» (maitasuna, heriotza, gorrotoa, guda…) buruz hitz egiteko?
Uste dut idazten hasten zarenean ez duzula batere argi zein generotan idazten ari zaren. Izan ere, liburu batek genero berri baten sorkuntza ekar dezake, ordura arte izenik ez zuen genero bat asmatzen da idazlan baten aurrean. Beraz, existitzen ez zen genero batean ere idatz dezake idazleak. Bere barne mundua eta dauzkan tresna eta erreferentziak konbinatuz zerbait sortzen du, eta gero hasten da idazlan hori genero batean edo bestean sailkatzeko lana.

Zientzia-fikzioa, beste alde batetik, ez da asko landu euskaraz (egia esan, euskal literaturaren historian adibide pare bat baino ezin dugu aurkitu). Zergatik?
Gurea literatura-mundu txikia da. Orain, hirurogeiko hamarkadatik aurrera-edo, poliki-poliki egunean jartzen ari gara, baina tradizio txikia dugu, eta hiztun komunitate txikia gara. Hori hor dago. Bestetik, beharbada, gehiago zentratu gara euskal mundua islatzen; gure berezitasunak, gure istorioak eta historia idazteko joera dugu gai unibertsalagoetara jotzekoa baino. Joera hori aldatu beharra dagoela uste dut. Ondo da gurea kontatzea, eta hobe da guk egitea, baina euskal hiztunek beste interes asko dituzte eta horiek euskaraz eman ezean beste hizkuntzetara jo beharko dute; gure berezitasunak azpimarratzea ondo da, baina horretan gehiegi zentratzeak barrura ixten gaitu mundura ireki beharrean.

Gaur egun gero eta distopia gehiago ikus dezakegu kultura-munduan: Black Mirror, The Handmaid’s Tale, Westworld, Mr. Robot… Zergatik? Uste duzu dagoeneko distopian bizi garela?
Beharbada badago horretatik zerbait. Gehiago landu behar dudan ideia da hau, baina aurreratuko dizut. Kapitalismoak feudalismoari lekukoa hartu eta mundu zabalean garatu ahala, gizarte antolamendu berri bat sortzen joan zen. Gizarte antolamendu horretan askatasunaren ideia zentrala da, hor dugu tradizio liberal guztia. Baina, era berean, makinaren eredura antolatutako gizarte hierarkiko eta burokratikoa sortzen joango da, eremu guztietara zabaldua, gizakia txertatu beharreko piezatzat hartzen duena. Bestetik, ikertzaile askok azpimarratzen duten bezala, kapitalismoaren garapenean garbia da, komuna, kolektiboa, komunitarioa den oro suntsitzeko joera, bere-berezko ezaugarria du hori, bere burua berrasmatzeko gako garrantzitsua.
Azken mendeetan hainbat korronte eta ikusmolde sortzen joan dira, oinarrian gizakiaren ikuspegi guztiz desberdina dutenak: anarkismoak norbanakoaren askatasuna eta giza-taldeen autokudeaketa jarriko du helburu handitzat; faxismo eta totalitarismoek, aldiz, gizakiaren askatasuna mugatu beharra planteatuko dute, eta emanda dagoen ereduan txertatu eta egokitu beharra.
Nire ustez, distopiek agertzen dute XX eta XXI. mendeko testuinguruetan gizakiaren izaerarekin bat egiten duen gizarte eredu bat sortzeko dugun ezgaitasuna.

Zure ustez, hobea al zen iragana eta etorkizunaren beldur izan behar gara?
Ez. Iragana hobea, ez. Ez da hori. Kontua da gauzak elkarrekin lotuta bezala agertzen zaizkigula, eta ez dute zertan lotuta egon. Auto batean bidaiatzeak ez du esan nahi amildegitik erortzea edo pareta baten kontra talka egitea. Non eta gidariak ez badu hori nahi. Eta gu ez gara gai gidatzen gaituzten logikak ezagutzeko, eta logika horiek borondate kolektiboaren arabera norabidetzeko. Gure bizitzekin jolastea gustuko duen gidari ikusezin baten menpe bageunde bezala. Gizadiaren eskura inoiz izan den ezagutza mailarik handiena dugu, eta hori inoiz baino hobeto bizitzeko erabili beharko genuke. Ez dut uste etorkizunaren beldur izan behar dugunik, baizik eta nahi dugun etorkizuna, bihotzean daramagun mundua, sortzen hasi behar dugula elkarrekin. Inportantea da azken hitz hau, “elkarrekin”, bestela kapitalismoak –gaurko sistemak– zabaltzen duen paradigma indibidualista eta konformistan erortzeko arrisku handia dugu.

Liburu distopikoetan, oro har, natura ia desagertu da eta mundua teknologiaren edo makinen kontrolpean dago. Uste duzu horrelako mundua posiblea dela?
Gauza asko aipatzen dituzu galdera interesgarri honetan. Natura suntsitzen ari gara etengabe. Hori horrela da. Giza esku-sartzerik gabeko ekosistemak erabat desagertzen ari dira, eta horrek naturaz dugun kontzeptua aldatzea dakar ezinbestean. Bestetik, idazlan edo film askotan makinak gizakion ezaugarriak hartzen ditu: borondatea eta nahia duen zerbait bihurtzen da. Frankenstein doktoreak sortutako munstro maitekor hura, adibidez. Eta askotan giza irudimena harago joan da oraindik, eta makina horrek gizakia mendean hartu nahi du, ipuin eta film askoren inspirazio iturri den ideia: 2001 Space Odyssey, Blade Runner… Nik ez naiz zentzu horretan makinaren beldur.
Baina makina bada kontzeptu zabal baten metafora: makina gizakiak sortu duena da. Makina zer fisikoa da, baina makina dira, halaber, mekanismoak, makinariak, aparatuak, gizarte-logikak… hitz horiekin izendatzen ditugun hainbat eta hainbat gertakari: merkatuak, lan-munduaren bilakaera, modak eta joerak, estereotipo, aurreiritzi eta iritzi publikoa, botere eta Botereak… Horiek ere gizakiak sortuak dira. Guk elikatzen ditugu gure elkarrekintzekin, gure eguneroko erabaki txikiekin, baina azken batean haien menpe bizi garen sentipen gordina ere badugu. Erreala da sentipen hori.

Jakin badakigu mundua hondatzen ari garela eta hori erakusten du arteak… Uste duzu artea autosuntsitze-prozesu hori gelditzeko gai dela?
Gizakiarengan esperantza edukitzen jarraitu behar dugu. Zer bestela? Sistemak “egia” ezartzen du, jainkotasunez jantzita, aspaldiko garaietan, objektibitatez jantzita, gurean. Eta artea gai da Sistemak eskaintzen digun “egia” hori auzitan jarri eta gainditzeko. Behar beharrezkoa da objektibitate konformistaren diskurtsoak itsuturik ez bizitzeko.

Zure liburuan Huxley edo Orwell bezalako idazleen eragina ikus daiteke, baina ez bakarrik; zeintzuk dira zure erreferentziak?
Ufff… hainbeste dira… eta berriak agertzen doaz gainera… Azken boladan Silvia Federiciren lanarekin liluratua nago, Ursula K. Le Guin aurten deskubritu dut… Liburuan beste erreferentzia batzuk ere sartu ditut, aipatzen dituzunez gain: Hannah Arendt, Erich Fromm, Henry D. Thoreau… Michel Foucault eta Gilles Deleuze, eta honen idazkide Felix Guattari, gutxi irakurri ditut zuzenean, baina asko irakurri dituzten idazleen bidez iritsi zaizkit haien ekarpenak… Byung-Chul Han-en ideiak ere BDMn txertatuta daude nolabait… Eta hurbil daukadan Alfonso Vázquez ezin ahaztu.

Zure jarduera profesionalak, agidanez, ez du zerikusirik literaturarekin… Nolako harremana izan duzu orain arte idaztearekin? Asko idatzi eta gutxi argitaratzen duten idazleetako bat zara?
Nire lanak ez du literaturarekin zerikusirik, zuzen zabiltza. Baina liburu bat idaztea –saiakera liburu bat– izan zen orain egiten dudan lanerako zubia. Bestetik, nire lanean, azaltzeko erraza ez den muga batean mugitzen naiz: antolakunde eta enpresei laguntzen diet aholkularitza emanez; eta, beraz, lehiakor izateko, dauden joko arauen arabera jokatu beharra dago; baina, era berean, sistemak sartzen dizkigun egia itsu horietatik aldentzen saiatzen gara, instalatuta daukagun “arrakastaren” ideia, adibidez, edo kontrolaren beharra… Sistemara egokitu beharra dago, kanpoan ez baitago ezer ere, baina modu ahalik eta gizatiarrenean egin hori: gizakia eta giza harremanak aberatsagoak diren lan eremuak sortuz, bizigarriagoak, habitableagoak diren antolakundeak garatuz.
Normalean, idatzi dudan guztia argitaratu dut, bukatu ditudan lan ia guztiak, esan nahi dut. Baina erdizka utzitako zirriborroz beteta dago nire ordenagailua, lauzpabost esaldi jasotzen dituzten paper zatiak nonahi dauzkat, eta oraindik buruan igerian dabiltza beste hainbat kontu, beharbada, noizbait idatzi bati forma emango diotenak, edo inoiz jaioko ez direnak.

Nola sortu zen eleberri hau?
Lehen aipatu dudan saiakera idaztea –Eraldaketarako gidalerroak– niretzat oso esperientzia berezia izan zen, zaila baina betegarria. Aurkikuntza bat. Ordutik argi neukan idatzi egin nahi nuela, eta ez bakarrik artikulu edo testu motzak: zerbait luzea idatzi nahi nuen, hilabeteak pasa testu baten bueltan, mundu batean murgilduta. Orduan gogoeta eta saiakera neuzkan buruan, fikzioari biderik ireki gabe: munduaz gogoeta egin nahi nuen. Baina ez nuen lortzen hari horretatik liburu baten gorputza marraztea. Irakurketa tailer batean parte hartzen hasi nintzen eta zenbait euskal idazleren lana irakurtzen baita ere –Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Urretabizkaia, batik bat–, eta uste dut horrek denak eragina izan zuela fikzioa idazteko asmoa ernetzeko. Gogoeten egitasmoa alboratu gabe, eleberri bati ekin nion. Eta momentu batean, munduari buruz egin nahi nituen gogoetak fikzioaren bidez landu nitzakeela bururatu zitzaidan, eta nire bi egitasmoak bat egin nituen: hasita neukan eleberriaren zirriborroa alde batera utzi eta beste batekin hasi nintzen, Lorearen munduan murgiltzen, argitaratu dudan emaitzaraino iritsi arte.

Liburuak amaiera irekia dauka. Zergatik? Gustatuko litzaizuke jarraipena idaztea?

Liburua amaitzean irakurlea berriz ere bere egunerokoaren aurrean jarri nahi nuen: fikzio batean murgildu da, gogoeta batzuk eragin dizkio beharbada, eta orain zer? Gogoeta horiek berera ekartzea nahi nuen, nolabait. Bere baitan hasi eta amaitzen den istorio bat baino gehiago, orainaren irakurketara zubia egiten laguntzen digun testu bat.
Argi nuen Orwellen 1984-ren moduko amaiera bat ez nuela nahi, esperantzazko mezu bat izan nahi baitu BDMak.
Jarraipena idaztea? Ez dut uste; batek baino gehiagok esan dit irakurtzen segitzeko gogoz geratu dela, baina oraingoz, esan nahi nuena esana dut liburu horretan. Halere, bideak ez dira sekula itxita geratzen…

Uste duzu idazleak dena azaldu behar diola irakurleari?
Ez, noski. Irakurleak plazera sentitzen du idazleak adierazi nahi zuenaz ohartzen denean, eta dena begi-bistakoegia denean, aldiz, ez dago inongo magiarik, baldarra da, eta horrek irakurleari hainbat emozio negatibo sorrarazten dizkio.
Komunikazioa zer oso konplexua da, hartzaileak uler dezan, igorleak isildu dituen erreferentzien jabe izatea beharrezkoa da, baina konplexutasun pitin batean sartzen garenean, erreferentziak sekula ez dira berberak, eta esanahiak berretu egiten dira: zenbat irakurle, hainbat esanahi, hainbat irakurketa. Segur aski eleberriak ez ditu transmitituko nik esan nahi nituen guztiak, baina era berean, beharbada, ni ohartu gabe nagoen beste esanahiak ere baditu.

Protagonistak Lorea du izena. Izena, suposatzen dut, nahita jarri duzu, ezta? Zergatik Lorea? Pertsonaien izenak garrantzitsuak dira zuretzat ala gustatzen zaizkizun izenak jartzen dizkiezu?
Lorearen esanahia ondo zetorkidan, sortzen ari den zerbaiten metafora delako “lorea”, eta fonetikoki ere izen polita da. Inguru hurbilean ez dauzkadan izenak bilatzen saiatu naiz, haiekin lotura faltsurik egin ez zedin, inor seinalatua senti ez zedin.

Liburuan erakusten duzun gizartean dena kontrolpean dago: esperientziak aurreprogramaturik daude eta bat-batekotasuna desagertu da. Zure ustez, zer da «humanoagoa», besteen askatasuna mugatzea ala askatasuna lortzeko borrokatzea?
Gizakiaren askatasunean sinesten dut, hau da, gizakiak gizaki izateko aske izan behar duela, zenbat eta askeago eta hobe. Eta gizakiak gizartea behar du baita ere: besteak behar ditu, izaki soziala da. Eta hor, norberaren askatasunaren eta besteenaren artean talkak gertatzen dira, eta boterea jokoan sartzen da. Beharbada, gizadi bezala dugun erronka, giza askatasuna mugatzeko joera ez duen gizartea eta botere praktikak garatzea da. Beharbada aporia bat izango da hori, ez dakit, baina beharrezko gogoetabidea iruditzen zait.

Gero eta liburu/film gehiagotan (Gose jokoak, Divergent, Tomorrowland…) da emakume/neska gazte bat protagonista. Zer deritzozu? Emakumezko eredu gehiago –edota desberdinak– behar dute irakurleek (eta, bereziki, irakurle gazteek)?
Emakumezko ereduak behar ditugu, eta emakumeek sortutako eredu eta munduak behar ditugu. Bai, noski. Orain arte gizonen betaurrekoetatik ikusi dugu mundua, eta mundua hori zela ere sinetsi dugu; geuk, emakumezkook, ere bai, eta berek, zer esanik ez. Gero denborarekin ohartzen zara ustez lortua dugun berdintasunaren azpian gizarte logikek parekidetasunetik urrun dagoen mundu bat ezkutatzen dutela, eta oraindik egiteko asko-asko dagoela, eta ageriko matxismo eta misoginia icebergaren muturra direla, eta azpian sotil eta oharkabe, kalte handia egiten duten pentsamolde eta jarrerak daudela. Ez badut ideiaz aldatzen, gai honetan sakondu nahi dut nire hurrengo lanean.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.