MOROAK AL GARA BEHELAINO ARTEAN?

9788476816561

Aspaldi bukatu nuen Joseba Sarrionandiaren MOROAK GARA BEHELAINO ARTEAN? Mardula bezain mamitsua, oso. Liburuaren izenburua Unamunoren olerki batetik hartuta dago eta ardatza edo bizkarrezurra amazigh herri sakabanatu eta gutxietsiaren historia, kultura eta hizkuntza. Azken hau jorratzeko hamaika datu eta ikuspuntu azaltzen digu Sarrionaindiak, dela Espainako Armadak Arrif aldean egindako sarraski konoliala, hau da, Abdelkrim arriftar buruzagi famatuaren zein Arrifeko Errepublikaren historia laburraren gorabeherak, dela arrif herriaren kultura zein hizkuntza ikasi eta ezagunarazten saiatu ziren hainbat pertsonai xelebreren bizipenak edo irakaspenak, hau da, arabista zein bereberzaleen zerrenda murritza eta esanguratsua, besteak beste Jose Lerchundi oriotarrarenak edo Pedro Sarrionaindia bizkaitarrarenak, biak frantziskanoak. Alde horretatik liburuaren ildo argumentala ikaragarri interesgarria begitandu egin zait, niretzat behintzat zirragarriak, izugarri maite dut-eta Marokoarekin  zein arabiar-bereber kutsuko edozein gairekin zerikusirik duen oro. Izan ere, espainarrek indarrez konkistatuko Ipar Marokoko hainbat gorabehera bortitz eta ezagun kontatzen ditu, pasadizo txit interesgarriak oroitarazten dizkigu, eta aldi berean ere hain ezagunak ez diren beste batzuk abondo garatzen ditu. Joseba Sarrionaindiak kontatzen ditu hamaika gauza Arrif izeneko eskualde bereberrari buruzkoak, hamaika gauza orain arte ez nekizkienak eta zinez gustatu zaizkidanak, batez ere hau guztiau harilkatuz Sarrionaindiaren benetako gogoa edo asmoa liburu hau idazterakoan ondo asko azaltzen hasten baita ezari-ezarian. 

Eta zein da Sarrionaindiaren helburua dokumentazio pilaketa itzel honen azpian, liburu ikaragarri mardul eta datuz gainezkako hau idazterakoan? Bada, nere ustean ezin ageriagoa da, euskaraz eta euskal nazioari buruzko gogoeta ustez sakon edo zorrotz bat egitea, ez besterik. Edonola ere, eta amazigh herriaren inguruko datu zein informazio andana alde batera lagata, Marokoko zein beste Ipar Afrikako arabiar edo berebiar herrietako historiari buruzko hainbat zertzelada arin-arin gainbegiratuta, halako gaiak hamaika aldiz lehenago ere ikusi zein irakurriagatik, liburuaren bigarren atala, saiakera antza duena argi eta garbi, Sarrionaindiaren Euskal Herriari buruzko gogoeta, izan liteke benetan eztabaidatzekoa hizpidera ekartzen duen paralelismoari erreparatu ezkero. Nik ez dut ordea gogo handirik halako itsaso zabal eta zital batean murgiltzeko, Sarrionaindiaren planteamenduari ez hain originala iritzita ere, ez zait batere taxuzkoa begitantzen egilearen euskal nazionalismoaren nondik norakoak azaltzeko zein zuritzeko munduko beste herri edo kultura txiki, kolonizatu edo benetan zapaldu batzuekin parekatzeko enegarren saio ageriegi eta apika sotil hau, berdin dit Canadako algonkinoak, Kaukasoko txetxenoak, Saharako imushakak edota Ipar Eskandinaviako saamiak diren, edo agian enegarren berrantolaketa ideologikoa, oraingoan hizkuntzari atxikita ezer baino lehen, non benetako euskal herria, hosts, subjektu politikoa, euskaldungoa baita, lurralde zehatz bati lotua ez dagoen euskaldunen herria, Historiak nola edo hala definitu duen herrialde batez haraindikoa, kolektibo moduko gizatalde berezi eta zehatz bat bere buruari nazio hitza ematen diona. Planteamendu bitxia bezain zaharra (Erdi Ahoan nazio hitza normalean hizkuntarekin lotuta baitzegoen), baina inondik ere ez zentzugabekoa Sarrionaindiak berak gogoan duen herri euskalduna oso lurralde historiko eta politikoki mugatu batean bizi baita. Gainera, herrialde honetako biztanle guztiak ez dira, Sarrionaindiak berak liburuan etengabe adieraztera eman arren, euskaldun hutsa, elebiduna ala hirueleduna baizik, edo bestela esanda ere; euskal herritar guztiak ez dira oso erraz moldatzen, ez osorik, berak azaltzen digun euskaltasunera. Dena dela, estimatzekoa da, oso, egindako saioa etorkizuneko euskal nazionalismoari buruz gogoeta egiteko; baina, nik uste dut abertzale zintzoa den Sarrionandiak, borodantea duela argudio nagusi azaleko edo balizko paralelismo hau 700 orrialdetan zehar ardazteko, eta ez sena. Hau da, bestalde, bere moduko abertzale zintzo eta sutsu gehienek egin ohi dutena; euren herrien errealitatea euren ametsetara moldatu nahia. Sarrionaindiak ez du aintzakotzat hartu nahi gaur egungo benetako Euskal Herria bere egiazko ezaugarri guzti-guztiekin, eta batez ere euskaldungoaren kontraesan zein berezitasun multzo ikaragarriarekin (besteak beste euskal hiztun asko eta askoren euskararekiko arduragabekeria), bai geografikoki, kulturalki edo linguistikoki. Ez ditu seriotan garatu nahi mendetako barne-kolonizazioak Euskal Herrian eta euskal herritarrongan eragindako errealitatea, Arrif aldeko biztanleekiko ustezko zein azaleko paralelismoa izorratuko ziokeelakoan edo.

  
Sarrionandiak galdetzen digu ea gu ere moroak garen arriftarren antzera,  hots, lausotutako herri edo nazio bat. Horrekin batera beste ia zeharkako galdera bat: gaur egungo Euskal Herria ba al dago ere behelaino artean? Edo bestela esanda, euskaldunak ez al gara kultura eta hizkuntza batzuen jabe ezerosoak, ez al gaude taxuzko nazio bat eraikitzeko asmoa gauzatzeko indarge mendetan zapalduak eta gureak ez diren beste bi nazio horien itzalpean? Badirudi Sarrionaindiak sinestarazi nahi digula moroak izaten jarraitzeari uzteko bide bakarra dagoena, berak erakusten diguna, besteei, amazigh zein moroei euren unean uneko zapaltzaileek sekula laga izan ez dietena. Guk badugu aukera bat egiazko nazio bat izateko euskaldun zintzoak izateari eustekotan, eta batez ere ezinbesteko borondatea eduki ezkero. Herri zinez aske bat izateko euskaraz bizi den herria izan behar genuke, alafede. Hortik aurrera auskalo, Euskal Herriaren independentziaren aldeko apustuaren zilegitasuna ondoriozta genezake menturaz; baina, beharbada honen egiazko ahalbidea guk ezagutzen dugun EHren errealitatea zer-nolakoa den betiere kontuan hartuta. Baina, ba al dugu egiatan gogo edo asmorik? Nik ez behintzat, ni banago aspaldion EHren independentziaren posibilitateari buruzko eztabaida edo egitasmo honetatik oso urrun. Izan ere, ez dit batere axola euskaldunak nazio klasiko edo formal bat garen ala ez, susmoa baitut gure herrian nazionalitate kotzeptua inoiz baino anitzagoa, zabalagoa, katramilatuagoa dela gure herkideen artean. Niri benetan inporta didana euskarak bizirautea da, eta batez ere hainbat ondoen, zabalen eta zintzoen indartzea. Eta ez, ez dut uste independentziak hori ziurtatuko zigula, Irlandan egin ez duen bezala, hizkuntzaren inguruko gatazka euskal herritarron artekoa delako, alegia. Halere, badakit Sarrionandiak aldiz eztabaidatzeko gogoeta dexente bota egin diela liburu honetan bere moduko gainontzeko abertzale zintzo-zintzoei. Hortaz, ez da nire arazoa independentziaren ahalbideak zeintzuk izan zitezkeen eztabaidatzea, eurena baizik. Sarrik oraingoz ez nau konbentzitu nire indarrak bere asmo edo gogoarekin gehi nitzan, eta ez dut uste geroan ere lortu egingo duenik bere moduko asko eta askok bezala gure herriaren egiazko errealitate triste edo gutxienez berezkoari muzin egiten jarraitu bitartean. Eta hau guztiau Sarrionaindiaren euskaltasunari buruzko ikuskera zer nolako murritza den alde batera lagata, auzi benetan potoloa baita euren modukoek Euskal Herria nola ikusi edo kontzebitzen duten hizpidera ekartzea.

Bestalde, eta liburuaren norabide ideologiko ezin ageriagoak beste behin aipatzeke, aitortu beharrean nago irakurketa goxo-goxoa egin zaidala aurreneko zatian, hau da, Arrifeko gaiak ezin txukun eta maitagarrien jorratzen dituena, datu pila eta izugarrizko erudizio edo dokumentazio lana hainbat eta hainbat euskal textu zahar, ezezagun, baina aldi berean denak gaiarekin lotuak ere, mahai gainean jartze aldera. Benetan eskertzekoa halako gauza mamitsu eta mardulak euskaraz irakurtzeko eskaintzen digun parada, ea ugaltzen diren halako exenpluak oso, berdin dit plazaratzen duten eztabaidagaia gogoko dudan ala ez, beharrean gaude-eta Sarrionandiak berak hor nonbait aipatzen duen gure kultura zein hizkuntzaren nolabaiteko eta benetako normalizazio baten onurako hain zuzen ere.

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.