Gazteleraz argitaratu berri da `Zulo bat uretan´

Alemaneraz ere plazaratua izango da Iñigo Aranbarriren nobela

Euskaraz eta gaztelaniaz denbora guztietako literatura zabaltzen duen argitaletxe independentea. Hala dio Meettok argitaletxearen web orriak. Aurten, euskarara ekarri dituzte Philip Roth idazlearen Nemesis nobela (Beñat Sarasolak euskaratua) eta Jean Echenozen Lasterka (Gerardo Markuletak itzulia). Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan (Susa 2008), ordea, gaztelerazko bertsioan plazaratu dute, Cavando el agua izenburupean. Idazlea bera arduratu da gaztelerara egokitzeaz. Alemaneraz ere argitaratua izango da laster. Kasu honetan, Gabriele Schwab arduratzen ari da itzulpenaz eta euskarazko bertsiotik abiatuta ari da lanean. Iñigo Aranbarrik adierazi digunez, “lan handia egin behar izan du batzuetan oso lokalista bihurtzen den mundua aleman jendeari ulergarri eskaintzeko”.




Batean ez bitan itzuliko dute Zulo bat uretan (Susa 2008). Gazteleraz eta alemaneraz. Horrek poza handia emango dio idazleari. Besteak beste, euskarazkoak ondo funtzionatu duen seinale delako, ezta?
Poza eta errespetua. Euskarazkoak ondo funtzionatu duelako baino euskarazkoa beste hizkuntza batera itzultzeko aukera ikusi duen baten bati gustatu zaiolako izaten da askotan, eta nire kasuan behintzat, ez gainera erabaki horrekin dirua egingo duelako. Horregatik nago hain esker oneko.

Iruñean aurkeztu zenuen gaztelerazko itzulpena, Cavando el agua (Meettok 2011). Sinbolikotik asko du, ezta? Azken batean, kontakizuna Nafarroan kokatzen baita.
Iruñea aukeratu izana ez da kasualitatea izan, noski. Ez eta La Hormiga Atómica kafe-liburudenda aukeratzea ere. Iruñean gertatu zait inoiz gertatu gabekoa, irakurleak nobelan agertzen diren tokietan barrena ibilbidea eskatzea. Lore eskaintza eta guzti Arrotxapeako zubian. Nori eta fikziozko pertsonaia bati… Fikzioak errealitateari hainbeste zor dionean gertatzen diren fenomeno zoragarri horietako bat.

Zuk zeuk egin duzu itzulpena. Literala izan da moldaketa ala librean jokatu duzu?
Hitzez hitzekoa baino esaldiz esaldikoa, gaztelerazko testuak bere autonomia, esan nahi dut bere erritmoa, bere arnasa, bere izaera propioa hartu duen arte. Hori izan dut erronka handiena normalean lan-tresna ez dudan hizkuntzarekin.

Patxi Larrion eta Iñigo Aranbarri, La Hormiga Atómica kafe-liburudendan.

Meettok argitaletxearekin eman duzu argitara Cavando el agua. Itzulpena plazaratzeko garaian, zein neurritan eragin du argitaldaria Meettok izateak?
Ramon Etxebeste Meettok-ekin egiten ari dena outsider lana da, begira duen katalogoari, ezin nion ezetz esan. Liburua eta literatura maite dituen gizona da, Espainian liburua eta literatura maite dituen hamaika liburu saltzaile ezagutzen du. Nola egin uko horri?

Alemaneraz ere ikusiko du argia Zulo bat uretan nobelak. Gainera, zuzenean euskaratik egokituko du. Nolakoa izaten ari da, kasu honetan, itzultzailea eta idazlearen arteko hartuemana. Askotan jo al du zuregana?
Gabriele Schwab oso da profesionala, gutxi bezalako zorrotza. Lan handia egin behar izan du batzuetan oso lokalista bihurtzen den mundua aleman jendeari ulergarri eskaintzeko. Eta bai, ordu batzuk eman ditugu elkarrekin horretan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>