`Pantaleon eta bisitariak´ iritsi dira

Mario Vargas Llosaren nobela itzuli du Santi Leonék

Aurreko batean aipatu genuen moduan, 25 urte bete ditu Jokin Zaitegi sariketak. Ekimen honi esker, euskarara ekarri ohi da literaturako Nobel saritua. 2011n Tomas Tranströmer izan da saria jaso duena, beraz, poeta suediarraren lana izango da euskaratu beharrekoa. Abenduaren 31n amaituko da lehiaketan parte hartzeko epea. 2010ean, ordea, Mario Vargas Llosa izan zen Nobel saria jaso zuena. Eta Jokin Zaitegi sariketari esker, idazle perutarraren Pantaleon eta bisitariak (Elkar) eleberria argitaratu berri da. Santi Leoné arduratu da itzulpenaz.



Mario Vargas Llosak literaturako Nobel saria jaso zuen iaz. Horrenbestez, 2011ko Jokin Zaitegi sariketaren oinarri nagusia hauxe zen: Pantaleón y las visitadoras nobela itzultzea. Santi Leonék irabazi zuen sariketa eta berak ekarri du euskarara Vargas Llosaren nobela, Pantaleon eta bisitariak izenburupean.
Elkar argitaletxearen esanetan, “kontamolde berritzaile, askotariko eta freskoa erabiliz -gutunak, txostenak, prentsa-zatiak eta elkarrizketa gurutzatuak zuzenean sartuz-, algara pizten duen fartsa bat eraiki du egileak, maisuki eraiki eta garatua, aldi berean hipokrisia sozialaren kritika zorrotza egiten du”.


Narratzailerik ez duen nobela
Itzulpenari ekiteko garaian, ordea, Santi Leonék uste baino zailtasun handiagoak topatu zituen. Liburuaren aurkezpenean honela azaldu zuen: “nobela honek ez du narratzailerik. Ikuspuntu tekniko batetik, hori da ezaugarri nabarmenetako bat. Gauzak zuzenean ikusten ditugu, Vargas Llosak gauzak zuzenean aurkezten dizkigu. Kapitulu batzuetan pertsonaien arteko elkarrizketen bidez egiten du, beste batzuetan, txosten militarrak ikusten ditugu. Beste kapitulu batean irratsaio bat irakurtzen dugu eta, beste batean, egunkari bateko ale bat. Atal bakoitzean, beraz, estilo diferente bat dago eta hori nahikoa txarra da itzultzailearentzat. Kapitulu bakoitzean zerotik hasi behar duzu eta horrek zaildu egiten du itzultzailearen lana”.

Santi Leoné, erdian eserita, liburua aurkeztu zen egunean.

Erabilitako hizkuntza ere ez da ohikoa. Pantaleon eta bisitariak liburuaren aurkezpenean adierazi zuenez, “Peruko gaztelera da erabiltzen duena eta, alde horretatik, badira ezberdintasunak. Baina zorte handia izan dut nire etxe ondoko okindegi batean Peruko andre batek lan egiten duelako”, eta esamolde asko, hari esker hobeto ulertu eta itzuli ahal izan ditu.
Santi Leoné Iruñean jaio zen 1972an. Historian doktorea da eta bere tesiaren emaitza hauxe izan zen: “Los fueros de Navarra como lugar de la memoria” liburua (2005). Oxforden izan zen, Basque Visiting Fellow gisa eta Jose Antonio Loidi ikerketa beka ere irabazi zuen, “Euskal Herria XIX. mendeko bidaia-liburuetan” gaia lantzeko.
Esan dugun moduan, Santi Leonék Jokin Zaitegi saria irabazi zuen lan honekin. Sari hau Elkar argitaletxeak, Arrasateko AEDk eta Kutxak antolatzen dute.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>