Angelica Liddell: poesia gordina

Angelica Liddell (Figueres, 1966) aktorea, dramaturgoa eta idazlea da. Bere lana eta Los deseos de Amherst (Ediciones Transhumantes, 2008) poesia liburua ekarri nahi izan ditugu amuetara.



Angelica Liddell (Figueres, 1966) aktorea, dramaturgoa eta idazlea da. Oholtzan zein paperean gorputza gordinkeriaz zeharkatzen duten lanak sortzen ditu, irudi bortitzen bidez eta berbaera animaliazkoaz gogoetara bultzatuz. Liddellek egungo gizartearen alderik ilunenak azaleratzea izan ohi du xede, sexua eta heriotza, bortizkeria, boterea, eromena… Liddellek Atra Bilis konpainiaren eskutik oholtzaratu izan ditu bere lanak.
Asko dira paperean jaso izan diren bere testuak, gehienak oholtzarako pentsatutakoak. Haien artean dira Artezblai argitaletxeak argitaratutakoak: ‘Y los peces salieron a combatir contra los hombres’, ‘Y cómo no se pudrió Blancanieves’, ‘El año de Ricardo’, ‘Belgrado. Canta lengua el misterio del cuerpo glorioso’. Liddellen antzezlanek poesia ekarri dezakete gogora zenbait kasutan (testua lerro laburretan banatzeko modua, egitura zenbaitetan errepikakorrak, hitzen erritmoa, irudirako joera…), eta poesiara gerturatzen diren lanak ere argitaratu izan ditu. Azken hauen artean da Los deseos de Amherst izeneko liburua (Ediciones Transhumantes, 2008), edizio beltza, zaindua, ‘Poemas desechables’ bildumaren barruan. Tituluak Emily Dickinsoni egiten dio erreferentzia, Amherst-en bertan jaio, bizi eta hil baitzen idazlea.
Liburu honetatik atera ditugu jarraian doazen amuak:

- Kamisoia sutan irten da pilota gorri bat doa atzetik jada ez zaizkit loreak gustatzen horregatik jaurti ditut kamisoiaren kontra eta hustu dut etxea

- Nire bularrak piztientzat aproposak balira zu aukeratuko zintuzket – gazte esperientzia gabea ez dut orgasmoa xede zure goiztiartasuna baizik nire eztarrian

- Arratoia bortxatzen dut eta animalia guztiak ahulak direlako eta ni ahula naiz baina sekula maitatu ez ninduen hura lur azaleko indartsuena zen

- Esnearen ordez odola nire bularretan marea gorri hori isuriko nuke epileptikoaren keinuekin nire fikziozko maitaleen ahoan hain dira txikiak nik maite ditudan izakiak hain zurbilak nire gorpuak ama batenak bezala erantzuten duela baina erratuta une oro jariatzen dut ezer elikatzen ez duen oritz sulfurotsu bat

- Azalarenak emearen pasio desordenatua errefusatzen du desio asegabeak zorigaitzaren eta ahuntz-arren kantuaren eragileak – harriak jaurti ditut harrien kontra zakurrak amaitu zaizkit maitasuna ez den maitasuna bularra gerturatu diot gaixotasun legenar bati ezerk ez dit komeni bezala negar egiten ahanzturaren masailezurra darabilkit luzez gorotzen artean pausaturik den lizunkeria zabukatzeko bularreko haur bat bezala

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>