Amaia Iturbideri elkarrizketa

Amaia Iturbidek Eszenatokietako aztarnak hasten direnean liburua kaleratu berri du Erein argitaletxearen eskutik, poesiaren arloan bere ibilbideko seigarrena. Bertan bere poesiagintzan ohikoak diren elementuak topatzen ahal dira, oraingo honetan antzerkiari loturiko elementu eta irudiekin harilkaturik.


Seigarren poesia liburua duzu hauxe. Zure aurreko lanetako ardatz batzuk topatzen ahal dira hemen ere. Zure ibilbidean sakontzea dakar liburu honek, egonkortzea? Saiatu zara ibilbide horretan pausu bat harago joaten?

Poema liburu honetan beste poema liburu batzuetan bezalaxe nire bidea egiten jarraitzen dut, betiko ezaugarrietan arreta jarriz (adierazkortasuna, esanahiak, jestualitatea, arte desberdinen arteko topagunea, bisualizazioa, sinbolismoa…), baina aurrerapausoak ere egon badaude. Batetik, errealitateari eta egunerokotasunari adi nagoenez, adibidez, modernitateak utzi dituen marjinatu multzoez ari naiz “Itzal adabakiak” azpisailean. Bestetik, euskal mitologia eraberritu eta orainaldira ekarri nahi izan dut pop artearen eta komikigintzaren bitartez, komikigintzari surrealismoaren tratamendua ematen diodalarik.
Sinbolismorako joera da ardatz horietako bat, aurkezpenean azaldu zenuenez egunerokoari atxikia oraingoan. Balizko hermetikotasuna apurtzeko modu bat izan daiteke hori?
Bai, hala da. Sinbolismoan kanpoko munduaren errepresentazio fidela apurtuta, norberaren ikuspegia gailentzen da, subjektibitatea, dena beste mundu bateko isla bilakatuz doa. Eremu pribatuan dihardu, itxitura estetikoan. Sinbolismoa erpineraino eramanez gero, antzemanezina gerta daiteke eta balantzaren beste aldean errealitatea (objektibitatea eta ebidentzia) jarrita oreka lortzen da.
Hitzari dagokionez sentsazioekin irakurri behar diren poemak direlakoan nago, ez agian hainbeste ulermenarekiko obsesioarekin. Baina era berean gertuko erreferentziek, izen konkretuek… kontrapisua egiten dute horrekin?
Bai, sentsazioen mundua hor dago, sinbolismoak esparru onirikoak, alegorikoak eta idealistak lantzen dituelako. Ikuspegi honek ekar dezakeen ulergaiztasuna gutxitzeko konkretutasunari eutsi diot.
Ulergarritasun ‘garbia’ren zentzutik harago, sinbolismorako joerak hizkuntzarekin jolasteko askatasuna ematen dizula dirudi. Hala da?
Hizkuntzari garrantzia ematen diot, hizkuntzan dena baitago (munduarekiko ikuspuntua, besteak beste) eta sinbolismoaren bitartez hitz jokoekin topatzen naiz, alor ludikoak sortuz eta esanahietan zein adierazkortasun kontuetan sartuz.
Sinboloekin batera pertsona ugari, izen ugari. Pertsonak sinbolo bilakaturik, ala pertsonaia?
Ados nago literatura eta poesia gauza desberdinak direla dioten zenbait poetarekin, literatura asmazioa delako eta poesia, berriz, sorkuntza, gainera poesiak modu berezian edaten du esperientziatik. Baina, era berean, fikzioa (asmazioa) gogoko dut, beraz pertsonaien alde jartzen naiz, nahiz eta pertsonaiok hezur-haragizkoak izan.
Poesia liburuen ohiko neurriari erreparatuz gero, arnas luzekoa da liburu hau. Nola osatzen dituzu bildumak? Hariak jarraitzen dituzu agortzen diren arte, aleak sortzen kantitatean uzkurturik bilduma ikusten den arte…?
Sinbolismoan ideia motorra da, beraz, ideia nagusi bat hartu eta hausnartu ondoren ateratzen zaizkit sailak eta azpisailak. Prozesu artistikoak bideak adieraziko dizkit gero, nola garatu eta noraino.
Aurrestreinaldiak baso uraz, Argilunen egoitzan, Lorategi islak, Pasillo desfileak galerietan barrena, Oroimen arkeologikoak, Ahots hondarretik edaten eta Eskutitzen eta hilarrien artean dira zazpi horien izenburuak. Zer nolakoa da liburuaren arkitektura?
Ondo esan duzu “arkitektura” hitza, niregan eraikuntza ezinbestekoa baita. Sinbolismoak, simetriak eta analogiak lagun, oihartzunetan sinestera (bertsio desberdinak eta gai bati buruzko bariazioak egitera eta sailekiko zaletasuna bermatzera) eramaten zaitu, ikuspegi anitzak lantzearen aldekoa baita. Ikuspegi honetatik abiatuta eta ideia ardatz harturik, plano desberdinak antolatu eta egituratu ditut.
Oro har, artea oso presente dagoela esango nuke. Zer nolako begirada ematen diozu arteari? Erreferentzia mailakoa da soilik?
Aspaldiko eta sakoneko harremana dut artearekin, nire sorkuntzaren oinarria baita. Pintura dut bereziki aldamenean eta gauzak horrela, nire poema asko pintatuta daude, pintura darie, pintura dira.
Eta ezin utzi aipatu gabe antzerkia, arte eszenikoak, oso presente baitago hari loturiko terminologia (aurrestreinaldia, argilunak, txotxongiloak, eszenatokia, dantzaria, pailazoa, itzal-antzerkia, eszenografia…). Zer harremana duzu antzerkiarekin, edo oholtzarekin oro har?
Antzerkia interesgarria iruditzen zait alde askotatik begiratuta. Ametsak, beldurrak, itxaropenak eta, oro har, giza existentziari buruzko ardurak taularatzeko duen dohainari apartekoa deritzot, dramatizazio horri. Gainera badu antzinatasunik. Honen ariora, gogora ditzagun, adibidez, hainbat herri primitibok izadia tarteko egiten dituzten zeremoniak eta errituak. Eta dramatizazioarekin batera, bizitasuna (zuzen-zuzeneko emanaldien bitartez, batez ere), dinamismoa (ekintza hutsa da, erritmo zentzu handikoa), bat-batekotasuna, errealitatea (berezko daukan orainalditasunarekin), lekukotasuna (transmisioa barne) eta errebeldia (aldarrikapena, aurpegi emate hori, kontzientzia berpizteko nahia ere hor dela). Honen haritik taulak edo oholtzak oinarria esan nahi du, azpiegitura zein testuinguruaz galdezka ari da eta funtzionaltasunaz dihardu eta baita fisikotasunaren kontzepzioaz ere. Antzerkiak, bestalde, hurrengo dialektikak plazaratzen ditu: errealitatea / fikzioa, berezkotasuna / artifizialtasuna, komunikazioa / inkomunikazioa, muntaketa / biluztasuna, egia / gezurra… Gainera eta poesia eta antzerkigintza uztartuz, ez dezagun ahantz poeta azken finean aktorea dela eta biak ala biak ahozkotasunean ari direla. Honetaz landa, nire poesia bat dator antzerkiarekin funtzio katartikoan, ifrentzuaren gaian, esperimentazioan eta estetika arduretan.
Ez nuke esango kontzeptu eszenikoak hari bakarra direnik, baina zein neurritan atera dira poemak kontzeptu horien barrutik, edo zein neurritan izan dira kontzeptu horiek liburuari lotura bat emateko hautu estetikoa?
Badaude gako-hitz batzuk antzerkigintzan eta poesian niretzat esangura handikoak: “pieza”, “mugarria”, “maskara” eta “eszenatokia”. Pieza edo gauza txikia, ondo landua eta zizelkatua. Kontzeptu honek, bestaldetik, metonimiara narama. Globalizazioak alde baikor batzuk baditu ere, arriskuak ikusten dizkiot eta honen ordez metonimiaren aldekoa naiz, konkretutasunetik unibertsaltasuneraino doan bidearen aldekoa, horrela nire intimitatea gorde ahal izango dut-eta. Mugarriak leku batean zerbait jarri eta bertan tinkotzea esan nahi du eta honen haritik ondoriozta daiteke arte lan orok ezaugarri jakin batzuk eduki behar dituela. Maskara bestea atzipetzeko edo engainatzeko erabil daiteke, baina niri maskara-begitartea, batez ere, antropologikoki interesatzen zait. Eszenatokiak planoekin, barnealde eta kanpoaldeekin (sinbolikoki hain esanguratsua den bereizketa horrekin) harremanetan daude. Aipatu ditudan kontzeptu hauen artean haietako bik, hain zuzen ere, antzerkigintzara ez ezik, pinturara ere banaramate, maskara eta eszenatokia dira horiek. Maskara, azken finean, geruza bat pintatzean baitatza eta eszenatokien barruko planoak baino gauza bisualagorik ez dago.
Indar kontrajarrien arteko tentsio bat sumatzen ahal da poemotan (estetikoa, erreferentzia mota batzuk itxuraz kontrajarriak…), estetikoki irakurlea ere ‘tentsio’ batean irakurtzera eramaten dutenak, birkokatzera etengabe. Nolabaiteko tentsio edo talka horien bila zabiltza idazterakoan, edo poesia orok (norberaren estetikatik) berez izan beharko lukeen zerbait da hori?
Poesia berez tentsoa da, ahalik eta gauza gehien ahalik eta lerro gutxienetan adierazi behar baitu, itua jo.
B. Gandiaga, J.A. Artze eta X. Leteren poemagintza. Poesia tradizionalaren bidetik saiakera argitaratu zenuen. Liburu honetan Laboa eta Lete bera aipatzen dira, besteak beste. Zer nolako erreferentzia dira zuretzat, batez ere zure lanari begira?
Bai Laboak, bai Letek kulturan tradizioa ezinbestekoa dela irakatsi didate, tradizioa ulertu eta asimilatu behar dela. Honetaz gain, Laboak tradizioa eta abangoardia lotuz sortutako unibertsoa guztiz iradokorra eta interesgarria dela iruditzen zait. Letek, bestaldetik, heriotzari buruzko poema sakonak utzi dizkigu. Honetaz gain eta era orokorrean hitz eginda, Laboari eta Leteri eskainitako poemak euskalgintzan egin duten lanaren aitortzak ere badirela esango nuke.
Oro har zer irakurtzen duzu gustura idazle-begiekin, nora begiratzen dizu, zerk eragiten dizu?
Denetarik irakurtzen dut, poesia eta literaturaz gain, filosofia, musikari eta zientziari buruzko liburuak… beti ere, gauza berriak eta aurrerapausoak ematearren, alor desberdinak jorratzearren. Irakurtzeak begiak zabaldu, bideak seinalatu eta zalantzak plantearaztera eramaten zaitu eta poesiari dagokionean, argi daukat: poesia ez da zoko ukiezin eta antzemanezin batean kokatu behar, poesia plazaratu behar da, baina kontuz, bere burua saldu gabe, poesia irakurtzeak hori ere irakatsi dit.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>