Ekhiñe Egiguren, Satarka sariaren irabazlea: “Poesiak bereziki erakartzen nau”

Ekhiñe Egigurenentzat izan da Satarka poesia lehiaketako lehen saria. Abenduaren 17an, Hondarribiko Udaletxeko Areto Nagusian eman zuen erabakiaren berri epaimahaiak. Saritutako lanak argitaratu egin ohi dira eta Ekhiñe Egigurenentzat gauza ederra da hori: “idatzitakoa ezagutarazteko modua da”, adierazi digu. Hitzen Uberan izan dugun solasaldian aipatu digunez, “poesiak bereziki erakartzen nau, bada zerbait poesia irakurri ahala harrapatzen zaituena. Behin hori sentitu duzunean, ihes egitea zaila da. Eta jarrai dezakezu poema liburuak irakurtzen edota urrats bat gehiago eman eta zu zeu saiatu halako zerbait egiten”.



Nondik datorkizu poesiarako zaletasuna eta noiz hasi zinen poesia idazten?
Irakurtzea gustatu izan zait beti eta irakurtzetik idaztera bide laburra dago, nik behintzat oso lotuta bizi izan ditut biak. Hamabost urterekin-edo idatziko nituen lehenengo poemak eta geroztik, gehiago ala gutxiago beti eutsi diot literaturarekiko joera horri.
Poesiak bereziki erakartzen nau, bada zerbait poesia irakurri ahala harrapatzen zaituena. Behin hori sentitu duzunean, ihes egitea zaila da. Eta jarrai dezakezu poema liburuak irakurtzen edota urrats bat gehiago eman eta zu zeu saiatu halako zerbait egiten.

Satarka poesia lehiaketa irabazi berri duzu. Lehen saria eskuratzeak idazten jarraitzeko indarra emango du ezta?
Bai, niretzat saria pozgarria izan da. Alde batetik idatzia amaitzera behartu nau, osotasun bat ematera eta lehiaketara aurkeztea motibazioa izan da. Bestetik, saritutako lanak argitaratu egiten dira eta asko zabaltzen ez badira ere idatzitakoa ezagutarazteko modua da. Niretzat aitzakia polita dira literatur lehiaketak idazten jarraitzeko.

Poesia libururik argitaratzeko asmorik ba al duzu epe labur edo erdira?
Poesia liburu bat idaztea erronka ederra iruditzen zait eta gustatuko litzaidake noizbait halako zerbait egitea. Momentuz orain artekoak baino poema bilduma luzeago bat osatu nahian nabil, eguneroko idazketa horri eutsi nahian, ikasten eta idazten. Eta gozatzen. Oso aberasgarria da.


Ekhine Egigurenen ustez, “irakurtzetik idaztera bide laburra dago”.


Poesian idazle asko ditugu gure inguruan, baina gutxi dira emakumeak (liburuak argitara ematen dituzten emakumezko poetak, alegia). Zeintzuk dira zure erreferentziak?
Berdin irakurtzen ditut emakumezkoak zein gizonezkoak. Baina emakume idazleen erreferentziak eskatzen dizkidazunez: Tere Irastortza, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Amaia Iturbide … benetan poema liburu zoragarriak eta baliotsuak idatzi dituzten poetak dira. Zorte handia dugu irakurleok. Eta badira poeta gehiago, ez pentsa hain kopuru urria denik.

Azken boladan gustukoen izan duzun libururik aholkatuko zeniguke hitzen uberan gabiltzanoi?
Antonio Casado da Rocha-ren Esku ezkerraz asko gustatu zitzaidan. Hasier Larretxearen Atakak, lehen aipatu dizkizudanak, … Raquel Lanseros -en Croniria liburuxka irakurtzea ere ezuste polita izan da niretzat eta gero, Joan Margarit-en poesia. Badira denbora baten ondoren berriro irakurtzen ditudan poemak eta liburuak, ahaztu ez ditzadan-edo; Benito, Linazasoro, Igerabide, Otamendi, … Zaila da bakarra aipatzea.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>