Nafarroako irakurle taldeak biltzar batean batuko dira

Azaroaren 24an Nafarroako Euskal Irakurle Taldeen I. Biltzarra ospatuko da. “Irakurleek elkar ezagutzeko, tokian tokiko esperientziak trukatzeko eta elkarrekin bide berriak urratzeko asmoz”. Nafarroako Liburutegi Nagusian batuko dira, Iruñean.

IrakurleTaldeenBiltzarra

Nafarroan irakurle talde anitz dira, liburu baten inguruan biltzen dena irakurritakoaz mintzatzeko eta gozatzeko. Euskaraz, hogei talde inguru daude une honetan. Azaroaren 24an Iruñean batuko dira denak. “Sei nafar idazle izanen ditu gonbidaturik eta beraiekin solas egiteko paradarik izanen dugu biltzarraren lehenengo zatian”, antolatzaileek aditzera eman dutenez.

Biltzarra antolatzeko lan talde bat sortu da liburuzain eta irakurle taldeen dinamizatzaileek osatua, zehazki, honako herri eta hirietako liburutegietan aritzen direnak: Antsoaingo Liburutegia, Barañaingo liburutegia, CIVICAN liburutegia, Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko Liburutegia, Mendillorriko Liburutegia, Nafarroako Liburutegia eta Noaingo Liburutegia.

Nafarroako Liburutegien Zerbitzuaren laguntza ere jaso dute, hala nola, Nafar Ateneoarena. Goiz horretan ere Booktrailer bat grabatuko da, irakurzaletasunaren aldeko “spot” moduko bideo bat, Nafar Ateneoren laguntzari esker eginen dena.


Izen-ematea, ixtear

Biltzarra azaroaren 24an egingo bada ere, izena emateko epea azaroaren 16an amaituko da. Ekitaldia irekia da eta interesdunek honako liburutegi publikoetan eman ahal izango dute izena, horretarako prestatuta egongo diren fitxetan datuak idatziz.

Iruña eta Iruñerrian: Antsoaingo Liburutegia, Barañaingo liburutegia, CIVICAN liburutegia, Mendillorriko liburutegia, San Frantzisko liburutegia, San Pedroko liburutegia, Sarrigurengo liburutegia, Uharte liburutegia, Yamagutxiko liburutegia.

Nafarroako gainerako lekuetan: Altsasuko liburutegia, Berako liburutegia, Eugiko liburutegia, Leitzako liburutegia,Lizarrako liburutegia, Noaingo liburutegia, Tuterako liburutegia.

Ekitaldian parte hartzeko ekarpena 5 eurokoa  da;  bazkaltzera ere geratu nahi duenak 20 euro ordaindu beharko ditu osotara. Ordainketa aipaturiko liburutegi publikoetan bertan egin ahal izango da.

 

Informazio gehiagorako:

irakurletaldeak@gmail.com


Biltzarraren egitaraua

9:00-9:30 Harrera eta akreditazioen banaketa Nafarroako Liburutegian (Antonio Perez Goyena Pasealekua, 3, 31008 Iruñea).

9:30-10:00 Ekitaldiaren aurkezpena.

Aurkezlea: Anabel Arraiza.

Ordezkari Instituzionala: Dori Lopez Jurio (Kultura eta Principe de Viana Institutuko zuzendaria).

10:00-12:00 Mahai ingurua nafar idazleekin:

Aurkezlea: Anabel Arraiza.

Parte hartzaileak: Ipar Alkain, Leire Alonso, Inma Errea, Izaskun Etxeberria, Jose Angel Irigarai, Fertxu Izquierdo.

12:00-12:30: Kafea.

12:30-13:30 Bertso literatur saioa.

Bertsolariak: Sarai Robles eta Xabi Terreros.

Gai-jartzailea: Mikel Taberna Irazoki.

13:30 Itxiera.

14:00 Bazkaria Askartza jatetxean.

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

0 Responses to Nafarroako irakurle taldeak biltzar batean batuko dira

  1. Edu says:

    Kaixo, Donostiako bi solasaldiko gidaria naiz eta ezin dut joan zuen ekitaldira, penaz. Oso interesgarria iruditzen zait emango duzuen urrats hori eta galdera da ea jaso dezakedan hor gertatutakoaren informazioa.