Kanpoa

 

Heldu duin bat bezala irtengo zara Kanpora,
okasiorako arroparekin,
guapa,
esperientziadun baten lasaitasun eta begi aurre-garaileekin.

 

Eskuak poltsikoetan sartu,
eta ibiltzen hasi zara Stalkerreko Zonatik bezala.

 

Gutxira konturatu zara Kanpokoek zure hizkuntza, zure umorea
ez dituztela ulertzen.
Zure presentzia ere ez dela oso garrantzitsua,
ez zaituztela begiratzen.

 

Arte komisario errekonozitua zinen Barruan,
zuk bezala pentsatzen zuen jendearekin harremantzen zinen,
miresten zintuztenak, familia.

 

Argi zenituen idealak,
norekin eta nondik irten asteburuetan,
interneten zer (ez) defendatu.
Gero eta gehiago eta naturalago agurtzen zenituen ezagunak.
Ikasi zenuen kontestu bakoitzeko
erritmoa, tonua, bolumena, hiztegi/gaien-abanikoa, postura, eta janzkera.

 

Baina orain Kanpoan zaude,
ume bat dirudizu tabernako barran ur basu bat eskatzen,
edo Iberiar Penintsulan kaiola batetik eskapatu den Azoreetako kanario bat.

 

Dentistaren klinika bezain beldurgarria da Kanpoaldea.
Txiste bat egin eta inguruko irribarreetan zeure burua bilatzen hasi zara,
baina ez zara barregarria.

 

Jakin nahiko zenuke haien begietan Nor zaren, Nor izan jakiteko,
moldatu, kamuflatu, haien lojikak imitatzeko,
eta kolpe bat bezala jabetu zara zure sormen ortodoxoaz.

 

Non dago ama
bere txaketa gorriaren atzean ezkutatzeko,
zugatik hitz egiteko,
zenbat balio duzun azaltzeko,
eta Kanpokoei polita, interesgarria eta umoretsua zarela sinestarazteko?

 

Beldurtuta eta lekuz kanpo zaude,
beste kolpe bat bezala jabetu zara bizitzaren teatroaz.

 

Eta heldu duin bat bezala sartuko zara Barrura,
okasiorako arroparekin,
guapa,
esperientziadun baten lasaitasun eta begi aurre-garaileekin.

 

sitsek.blogspot.com

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.