Azokaren Uberan, komiki liburuak

Egunotan Durangoko Azokan bazabiltza komiki bila, egin kontu. Hemen duzu aurten plazaratu diren liburuen zerrenda modukoa. Baten bat eskapatuko zitzaigun. Dena den, aurtengo uztari erreparatuz gero, bada azpimarratzeko moduko beste datu bat: Xabiroi komiki-aldizkaria 50. zenbakira iritsi da. Balentria ederra, euskarazko komikigintza hauspotzen lan handia egin duen argitalpenarena.

KomikiakOk

Durangoko Azoka bete-betean den honetan, 2018an argitara eman diren komiki lanetan erreparatu dugu. Komikipedia web orria izan da gure informazio iturri nagusia.

Maitasuna2018

Maitasuna zailegia da (Begiko / Zubia-Santillanana / Esan Aise Saila)

Gidoia, marrazkiak: Andres Guerrero. Jatorrizko lana gazteleraz plazaratu zen, El amor es complicado izenburupean. Josetxo Santxo Uriak egin du itzulpen lana.

Esan Aise sailaren helburu nagusia irakurketa inklusiboa sustatzea da, komunikazioari eta irakurle berrien parte hartzeari bide emanez. Andres Guerreroren lan honek maitasuna du hizpide. Hauxe sinopsia: “Maitasunak jotzen gaituenean apurtu egiten gaitu. Loa lapurtzen digu. Baina, ordainetan, munduko bizipozik handiena ematen digu. Mugagabeko itxaropenez eta indarrez betetzen gaitu. Halakoxe erraza da. Eta halakoxe zaila. Batzuetan, zailegia. Eta hortixek sortu dira maitasun kontu hauek. Maitasun kantu xume hauek”.


7Korapilo2018

7 korapilo (Txipibooks)

Jon Mikel Udakiola marrazkilariak eta Martin Etxeberria zein Xabier Etxeberria idazleek 7 korapilo lan grafikoa ondu dute. Zazpi istorio jaso dituzte, itsasoarekin lotutakoak.

Sinopsia: “7 korapilo eleberri grafikoan sei perla bitxi aurkituko dituzu, ironiatik tragikotasuneraino doazen sei ipuin, tonu poetiko sakon batek bustiak maiz eta elkarren artean trebeziaz txirikordatuak, itsas-korapilo batean bezala”.


Io2018

Io, Bizitza handia dago hor kanpoan (Narval)

Gidoia, marrazkiak: Daniel Piqueras Fisk.

Itzultzailea: Iker Allende Sopena.

Sinopsia: “Ganbara batean urteetan zehar ezkutatuta egon ondoren, Laikak botila bat aurkitzen du. Botilak mezu bat eta eguneroko misteriotsu bat ditu barruan… Norenak izango ote dira? IO eguzki-sistemaren mugetaraino heltzen den bidaia harrigarria da, emozioz, kilometroz eta planetez betetako ipuina”.


PuertoRico2018

Puerto Ricon ere egiten du euria (Ahabi Comics)

Marrazkia, gidoia: Ian Nose.

Sinopsia: “Iraila da Puerto Ricon eta urtero bezala, urakanei aurre egiteko gertatu beharra dago. Zer nolako indarrarekin etorriko ote da oraingoa?”.


Lesbi2018

L.S.B, Ana lesbikomikia (Autoedizioa / Gehitu / Mugen Gainetik)

Gidoia, marrazkiak: Teresa Castro.

Itzultzaileak: Itziar Barrenetxea / Begoña Vargas / Irene Elorza / Izaskun Azurmendi.

Ikusgaitasun Lesbikoaren Egunarekin batera, L.S.B. Ana komikia plazaratu zuten. Teresa Castrok idatzia, entretenigarria eta pedagogikoa izan nahi duen argitalpena da. Doan eskura daiteke Gehituren egoitzan. PDF euskarrian aldiz, ondoko estekan eskura daiteke: L.S.B, Ana lesbikomikia.


Zubigileak2018

Zubigileak (Astiberri)

Alfonso Zapicok Fermin Muguruza musikariaren eta Eduardo Madina politikari ohiaren arteko solasaldi bat hartu zuen abiapuntu euskal gatazkari buruzko komiki liburu bat osatzeko: ‘Zubigileak’.

Gidoia, marrazkiak: Alfonso Zapico.

Itzultzailea: Bego Montorio Uribarren.


Isaline2018

Isaline: sukaldaritzako sorginkeria (Harriet Ediciones)

Gidoia: Maxe L’Hermenier.

Marrazkiak: Yllya.

Itzultzailea: Miel Angel Elustondo Etxeberria.

Sinopsia:

“- Zer dela-eta zara horren arraroa, Isaline?

- Egia esatea nahi baduzu, sekretu bat daukat, baina inork ez du jakin behar… sorgina naiz!”.


InoizEz2018

Inoiz ez (Harriet Ediciones)

Gidoia, marrazkiak: Bruno Duhamel.

Itzultzailea: Miel Angel Elustondo Etxeberria.

Sinopsia: “Itsasoak eta haizeak jana, urtetik urtera labarra atzera ari da, erremediorik gabe atzera, eta berarekin daramatza paisaia eta etxebizitzak. Herriko alkateak mehatxurik gorrienean dauden auzokide guztiak babestea lortu du. Guztiak, bat izan ezik: laurogeita hamar urteko emakume bat, udal-agintariei kontra egiten tematua dagoena. Madeleinek katuarekin eta senar zenduaren oroitzapenarekin bizi nahi du bere etxean. Madeleinek uko egiten dio arriskua ikusteari. Arrazoi sendoz: Madeleine itsu baita jaiotzatik”.


Gerezi2018

Gerezi Garaia (Txalaparta)

Gidoia, marrazkiak: Belatz.

Itzultzailea: Amaia Apalauza.

Mikel Santos Belatz-ek sortu du Lucio Urtubiaren bizitza jasotzen duen Gerezi denbora komikia, Lucioren egungo izaera eta bere memoriak tartekatuz. Liburua aldi berean gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galegoz plazaratu dute, Txalaparta, Tigre de Paper eta Demo argitaletxeen arteko lankidetzari esker.


Glup2018

Glup: itsaso urdinaren azpitik (Narval)

Gidoia, marrazkiak: Daniel Piqueras Fisk.

Itzultzailea: Iker Allende Sopena.

Sinopsia: “Xare uretan jaio zen. Itsasoak txiki-txikia zenetik erakarri du, eta ozeanoaren barrenak eta bertan bizi diren izaki ezezagunak ezagutu nahi izan ditu. Glup-ek haurtzarotik helduarorako igarotzea kontatzen du: bildungsroman-a komiki formatuan”.


Haurbesoetakoa

Haur Besoetakoa, Paristik datorren artista (Xabiroi, Ikastolen Elkartea)

Gidoia: Unai Iturriaga.

Marrazkiak: Alex Sanvi.

Haur Besoetakoaren lehen abenturak Litxarrerien jauna (Ikastolen Elkartea, 2015) izeneko komiki-liburuan batu zituzten. Hiru urteren buruan, haren segidakoa plazaratu dute: Paristik datorren artista (Ikastolen Elkartea). “Itzulera baten istorioa da”, Unai Iturriagak aditzera eman duenez. Liburu-aurkezpenaren kronika modukoa osatu genuen Hitzen Uberan. Hauxe duzue esteka: “Istorioa oso parodikoa da”. 


Aristoteles2018

Aristoteles: jakiteko irrika (IkasElkar)

Gidoia, marrazkiak: Jordi Bayarri.

Itzultzailea: Maialen Berasategi Catalan.


Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak (Astiberri)

Gidoia, marrazkiak: Dani Fano.

Euskarazko bertsioa: Koldo Izagirre.

Migel Marmol 1905ean jaio zen El Salvadorren. Bidegabekeria sozialaren aurka borrokatu zuen eta heriotzari hamaika alditan egin zion izkin. Eduardo Galeanoren eta Roque Daltonen idatzietan oinarritu da Dani Fano Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak (Astiberri) komikia antolatzeko. Hitzen Uberan solaskide izan genuen Fano. Esteka honetan duzue elkarrizketa eskuragarri, “Dani Fano: Eman dudana baina askoz gehiago jaso dut lan honekin”. 


MutuarenHitza800

Mutuaren hitza (Harriet ediciones)

Gidoia: Laurent Galandon.

Marrazkiak: Fréderic Blier.

Itzultzailea: Miel Angel Elustondo Etxeberria.

Sinopsia: “20. hamarkadaren amaiera. Celestino Noirt gazteak probintzietako bere aitaren notariotza utzi du zinema munduan lan egiteko. Parisera iritsi berria, estudio handi batean lortzen du lana, dekoratzaile gisa, baina bere nahiak bestelakoak dira: zuzendari izan nahi du! Klasikoak zein erotikoak proiektatzen dituen zinema txiki baten jabea, Anatole Fortevoixek hartua, bertan Constance, aktore gazte gor-­mutua ezagutzen du, zeinak gidoi bat idatzi duen eta irakurtzeko ematen dion. Lagunen laguntzaz eta jabearen platoa ezkutuan erabiliz, bere filma egiteari ekingo dio, arriskuak nabariak badira ere”.


Hasiera2018

Hasiera berri bat (Harriet ediciones)

Gidoia: Gwénola Morizur.

Marrazkiak: Marie Duvoisin.

Itzultzailea: Miel Angel Elustondo Etxeberria.

Sinopsia: “Lily haurdun dagoela jakiten du, bere bikoteak musika taldearekin biran ateratzen dela esaten dion egun berean; gainera, Kanadatik etorri den Baltasar bere iloba zaintzea eskatzen dio. Lily inoiz ikusi ez duen mutikora moldatzen saiatuko da. Bihozkada batek eraginda, Parisera doa Baltasarrekin. Bidean, Jimmy, kanpoaldeko gazte batekin topo egiten dute. Eta bidaiak, Pierrotengana eramaten ditu, zakurraren konpainian bere artaldea zaintzen duen artzaina. Arima nahasi hauek, elkarrekin aurkituko dute bizipoza berria”.


Tomoe2018

Tomoë (Harriet ediciones)

Gidoia: Jack Manini.

Marrazkiak: Tieko.

Itzultzailea: Miel Angel Elustondo Etxeberria.

Sinopsia: “Japonia, 1461. Hamabi urte dituela, Sayo bere arrantzale herrixkaren suntsiketaren lekuko izango da. Yoshinaka piratak bere familia guztia sarraskitu ondoren, Sayo bahituta eramango du. Sayok ordea, hainbat gaitasun berezi hartu ditu oinordetzan”.


Zerocalcare

Hondamuinean (Famazia Beltza)

Gidoia, marrazkiak: Zerocalcare.

Euskarazko bertsioa: Koldo Izagirre.

Michele Rech marrazkilari italiarrak Zerocalcare izengoitiarekin sinatzen ditu bere komiki lanak. Kobane Calling liburuarekin lortu zuen osperik handiena. Farmazia Beltzak lan hori itzuli zezakeen, edo aurreko beste komiki libururen bat. Baina horren ordez, Zerocalcareren berrienera jo du eta Macerie prime (Bao Publishing, 2017) liburua ekarri du euskarara. Gurean, Hondamuinean izenburupean argitara emana. Koldo Izagirrek egin ditu itzultzaile lanak.

“Inork eskatu gabe egin dugu”, hala aitortu zuen David Zapirain Farmazia Beltza argitaletxeko arduradunak. Liburu hau euskaraz ematea “zaila zela bagenekien baina egin beharrekoa zela uste genuen”,  Donostiako Komikigunean eskainitako prentsaurrekoan aipatu zuenez. “Ondo pasa dugu baina hau egiteko ezinbestekoa izan da Italiako argitaletxearen eskuzabaltasuna”.

Itzulpenean bezala, edizioan ere ahalegin berezia egin dute. “Saiatu gara Italiako edizioa kopiatzen”. Farmazia Beltzako kidearen esanetan, forman eta kalitatean, “originalaren parekoa da”.


AztiHitza2018

Aztihitza (Erroak / Gure Berriak /Herrima / Prefosta)

Gidoia, marrazkiak: Asisko.

Asisko Urmeneta marrrazkilariak Agosti Xaho zuberotar pentsalari eta ekintzaileari buruzko liburu biografikoa osatu du. Erroa argitaletxeak, Herrima kultura elkarteak eta Atharratzeko Prefosta elkarteak eman dute argitara.


Maria2018

Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak (Nabarralde).

Gidoia: Miren Mindegia.

Marrazkiak: Adur Larrea.

Argitaratzailea: Nabarralde.

Adur Larrea komikigilearen lan berria da honakoa, gidoia Miren Mindegiak burutu du. Nabarraldek Euskal Herriko historia gaitzat hartuta argitaratzen duen formatu honetako bigarren alea izango da. Lehen alea Angel Rekaldek idatzi eta Joseba Larratxek marraztu zuen ‘Eneko Aritza, lehen errege baskoia’ izan zen. “Mamu bat dabil Europan barrena. Sorginkeriaren mamua. Jaunaren 1609ko urtean, Pierre De Lancre inkisidoreak, d’Amou eta Urtubiako jaunek eskatuta, sorgin epaiketa eta erreketa oldeari hasiera eman zion Lapurdiko kostaldean”. Horixe Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak komikiaren abiapuntua.


Prensa diciembre 2018

Elefantearen tristura (Harriet ediciones)

Gidoia: Nicolas Antona.

Marrazkiak: Nina Jacqmin.

Itzultzailea: Miel Angel Elustondo Etxeberria.

“Amodioari eta bizitzari buruzko istorio hunkigarri eta ederra da. Zirraren bihotzeraino eramaten gaituzten marrazki eta kolore bikaineko album aparta da, nazioarte mailan sari anitz jaso dituena”, Harriet Edicionesek aditzera eman duenez.


Prensa diciembre 2018

Mintxo (Harriet ediciones)

Gidoia, marrazkiak: Miguel Berzosa.

Itzultzailea: Miel Angel Elustondo Etxeberria.

Mintxo orain dela lau hamarraldi sortu zen Ipurbeltz aldizkarian.

Sinopsia: “Klasiko bat. Herriko seme betikoa da Mintxo, baldar bezain baldresa, eta zinemagintza mutuaren garaiko heroien umore fisiko eta bisual bera du. Umore zuria eta denboraz gaindikoa da”. Harriet Edicionesen esanetan, “adin guztietako irakurleek gogoz hartuko dute”.


Walluk2018

Waluk: Bidaia handia (Astiberri)

Gidoia: Emilio Ruiz.

Marrazkiak: Ana Miralles.

Itzultzailea: Bego Montorio Uribarren.

Astiberrik 2017an argitaratu zuen Waluk lanaren jarraipena da Waluk 2, Bidaia handia. Saileko lehen liburukia Frantzian, Brasilen eta AEBetan ere argitaratu dute eta bigarren hau, Teresa Valero komikigileak adierazi duen moduan, mota eta adin guztietako irakurleei zuzenduta dago, zeren “krisian den mundu batean bizirauteko borrokan ari diren hartz zurien istorio hau geure istorioa ere bai baita. Eskimo zaharraren nekea eta samurtasuna gure aitita-amamenak dira. Valkia hartz-amaren indarra gure amen indar bera da. Eta Waluk txikiaren poza, nekeak eta itxaropenak gure gazteenak dira. Gure mundua da ahitzen ari den mundu hori”.


Everest

Everest. 1980ko euskal espedizioa, herri oso bat gailurrean

(Mendi Film Festival-Sua edizioak)

Gidoia: Ramon Olasagasti Aiestaran.

Marrazkiak: César Llaguno.

Euskal mendizaletasunaren mugarri nagusietako bat da 1980ko Everesteko igoera: Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak maiatzaren 14an zapaldu zuten munduko gailur altuenaren tontorra. Espedizio horren historia komiki formatuan jaso dute Mendi Film Festivalek eta Sua Edizioak argitaletxeak elkarlanean, lehenak sortutako proiektua bigarrenak plazaratuz. “César Llaguno marrazkilariak trazu iradokitzailez arnasberritu du igoera hura, Ramon Olasagastik egokitutako gidoiari bizia emanez”, Bilbao Mendi Film Festivalen jakinarazi zutenez.

Argazkiaren ezkerretara dira César Llaguno eta Ramon Olasagasti Aiestaran komikiaren egileak. Argazkia: mendifilmfestival.com

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.