Maite Toledo Saralegiren iritzi artikulua: “Arrapaladan”

Maite Toledo saralegik lugarren iritzi artikulua publikatu du “Sinadurak” atalean: Arrapaladan.

Maite

Errealitate soziokultural berri batera ari gara moldatzen iraultza digitala dela eta; alegia, dena azkar, bizkor eta agudo jazotzen den gizarte batean bizi gara. Alde onak eta txarrak aletuko ditut.

Arrapaladan bizi gara pazientziarik ezaren sindromea eta kontsumo azeleratua gailendu diren gizartean. Arintasuna eta abiadura dira gaurko bizimoldearen ezaugarriak. Alabaina, kutsu kaltegarriko baieztapen horiei ikusten diet ifrentzua ere; izan ere, iraultza digitalak, iraultza orok bezala, alde onak ere baditu.

Iraultzaz iraultza egin du aurrera gizakiak. Esaterako, XIX. mendearen hasieratik Bigarren Mundu Gerra arte izandako iraultza teknologiko, sozial eta ekonomikoak orduko gizartearen bizi-baldintzak hobetu zituen: higienea, lan-baldintzak…

Horren harira, lehenengo trenbide publikoa estreinatu zutenekoa (1825) etorri zait gogora: Liverpooletik Manchesterrerako bidaia egin zuten 450 bidaiarik 24,11 km/h abiaduran. Asko abiaduraren ikaraz ez ziren abiatu.

Denbora unitate jakin batean ibilitako distantzia teknologiaren eskuetan jarri zenetik, modernizazioa etengabeko saiakera bihurtu da.

Informazioaren gizartea dugu adibide bat. Albisteek ziztu bizian egiten dute hegan batetik bestera. Izugarrikeriekin asaldatzen gara gaur, eta biharamunerako ahaztu egiten ditugu. Oroimen iragankorra dugu. Salgaiekin ere berdin egiten dugu, erosi, erabili eta bota; askotan lehengaiak agortu arte, gainera.

Hala ere, bada gauzak beste era batera egin daitezkeelako kontzientzia, ohartu baikara aro likidoak errealitate soziokulturala eraberritzea eskatzen duela. Lotura sendoak eraiki ditugu gure artean, produzitzeko moduak eraldatu; baita berrerabiltzearen derrigortasunaz jabetu ere; halaber, ondare kulturala, industriala eta teknologikoa balioetsi ditugu. Ezagutzak ematen dizkigun aukerak aprobetxatzen ditugu. Finean, modernitatea modernizatzen ari gara etengabe, eta badirudi ez duela amaierarik.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.