Joseba Sarrionandia: “Obra literario hau artefaktu erdi hutsa da”

Bizitzea ez al da oso arriskutsua? Joseba Sarrionandiaren liburu berria testu laburrez eraikia dago. Ni ez naiz hemengoa (1985) liburuaren ahaire bat du. Hura kartzelan idatzi zuen;  idazlea Kubatik ari zaigu orain. Hausnarketak, aipuak, oroitzapenak eta egunerokotasunari buruzko apunteak batu ditu “artefaktu” gisa definitu duen argitalpenean.

BizitzeaEzAlDaOsoArriskutsua

“Habanako gauak lasaiak izaten dira”

Habanako gaukaria. Azpititulu hori du Bizitzea ez al da oso arriskutsua? (Pamiela) liburuak. Egileak berak eginiko hitzaurrean dator azalpen modukoa: “Habanako gauak lasaiak izaten dira, auzokoren batek errime uzten du musika, katuek marruma egiten dute teilatuetan, tximista lehor batzuk ikusten dira hodeiertzean. Gaukaria berez bezala hasi zen osatzen halabeharrezko edo ustekabeko gaiekin: eguneroko bizimoduko momentuak, telebistako albisteak, lagun arteko enkontruak, ideien tolesdurak, liburu edo pelikularen batek probokatutako epifania txikiak, ideien tolesdurak edo historia amaitu orduko egoerak. Betiko obsesioak edo lantzean behingo deskuiduak, giza izaerari buruzko galdera berriz eginak, pentsamenduekin, sentimenduekin eta lengoaiarekin…”.

Liburuko pasarte hau eta beste batzuk hedabideen aurreko agerraldian taularatuak izan ziren. Boz altuan Ander Lipus antzezleak, kantari Dana Moya abeslariak. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eskaini zuten emanaldiaren zatitxo bat jaso genuen bideo irudi bidez:

Joxe Angel Irigaray Pamiela argitaletxeko editorearen esanetan, “gogoeta mamitsuak, gaurkoak eta atenporalak” topatuko ditugu Joseba Sarrionandiaren lan berrian. “Gurekin, besteekin eta bere buruarekin zerikusia duten idatzi laburrak”.


“Intentzioa literarioa da”

Eguneroko baten moduan antolatu ditu testuak. Eguneroko honek ordea, ez du urte oso bat osatzen. Urtarriletik maiatzera bitarte idatzitako iruzkinak batu ditu. Modu kronologokian batu ere. Idatzien artean hainbat argazki eta irudi tartekatuta datoz. Dena den, eguneroko itxura duen liburu honen “intentzioa literarioa da”. Abisua izenburua daraman hitzaurrean egileak berak esana. “Obra literario hau artefaktu erdi hutsa da”. Sailkatzeko zaila den liburua dela ohartarazi nahian edo. “Nik neure bizitzaren zati bat sartu dut bertan, baina beste bizitza zati batzuk behar ditu. Testu honen hutsune eta koskek irakurle itzartu eta aktiboa eskatzen dute”.

Joxemari Iturraldek hitzaurreko lerro horiek hartu zituen gogoan liburuaren aurkezpen ekitaldian. “Erdia egina dago, beste erdia falta da”. Irakurlearentzat gakoak izan daitezkeen hitzak azpimarratu zituen: erdia eta aktiboa. Tolosako idazlearen esanetan, “gakoak dira Joseba Sarrionandiaren lan hau ulertzeko”. Irakurleak jarrera aktibo behar du izan, “erdi esanda dagoena betetzeko”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.